Noiz sortua: 2019-08-17 15:30:57

Euskal presoak

Foro Sozialak ohartarazi du "irakurketa partziala" egin dela ongietorrien aferan

Bere proposamena "integrala" dela nabarmendu du, eta bideo batean azaldu ditu proposamenaren bost puntuak. Euskal presoen auziari bere osotasunean helduko dion akordio baten beharra defendatu du. Barkamena eskatu die presoen senideei, "irakurketa partzialak" eragin dien minarengatik. Bideoa albistearen amaieran.

Teresa Toda Foro Sozial Iraunkorreko kidea, artxiboko irudi batean.
Teresa Toda Foro Sozial Iraunkorreko kidea, artxiboko irudi batean. Jon Urbe/Foku

Gorka Berasategi Otamendi -

2019ko abuztuak 17

Foro Sozial Iraunkorrak euskal presoen ongietorriei buruz duen jarrera azaltzea erabaki du, azken egunetan ongietorrien harira sortu den eztabaida dela eta. Foroak nabarmendu du landu duen proposamenaren "irakurketa partziala" egin dela, bost puntuko proposamenetik euskal gizartearen gehiengoak puntu bakarraren berri izan duela iritzita. Hain justu, euskal presoen harrera ekitaldiak eremu pribatuan egitea proposatzen duen puntua da hedatu den bakarra, foroaren esanetan. Aldiz, nabarmendu du ondu duen proposamena "integrala" dela eta beste lau puntu ere jasotzen dituela. Proposamen hori uztailaren 31n egin zuen.

Teresa Toda Foro Sozialeko kidearen esanetan, proposamenak helburu izan du "gizartearen gehiengoaren nahiarekin bat egitea", ongietorrien auzi "korapilatsua" bideratze aldera. Ekarpen "eraikitzailea" egin nahi izan dutela gaineratu du, "bizikidetzari begira".

Todak azaldu duenez, proposamenaren lehen puntuak jasotzen du ongietorriek "biktimen mina errespetatu" behar dutela. Bigarrenak, euskal presoen "senideen egoera eta urte luzez pairatu duten sufrimendua" ere kontuan hartu behar dela. Ongietorriak min hori aitortzeko bide izan daitezkeela uste du foroak. Hirugarrenik, kaleratutako presoek bizikidetzari egindako "ekarpena" aintzat hartzea proposatzen du. Laugarren puntuak ongietorrien afera auzitegietara bideratzea baztertzen du. Azkenik, bosgarrenak, ongietorriak "toki itxi batean" egitea proposatzen du. Azken puntu hori da, Foro Sozialaren iritziz, era zabalean gizarteratu den bakarra. Ondorioz, foroak gaiarekin duen jarrerari buruzko pertzepzio oker bat hedatu dela uste du.

Ongietorriak toki itxietan egiteko gomendioari buruz ere azalpenak eman ditu Foro Sozialak, Todaren ahotik. "Inoiz ez dugu esan ongietorriak presoen etxeetan edo ezkutuan egin behar direla, baizik eta eremu pribatu edo itxi batean. Ez dugu nahi presoak beren etxeetan preso izaterik, nolabait esatearren". Todaren esanetan, gomendio horren helburua da "alde guztien mina zaintzea".

Horrez gain, Foro Sozial Iraunkorrak nabarmendu du euskal presoen auzian beti defendatu duela proposamen "integral" bat lantzea. Proposamen horrek hiru erpinen arteko akordioan oinarritu beharko luke, foroaren arabera: erakunde publikoak, euskal presoak eta euskal gizartea. Todak adierazi du "hasierako pausoak" Espainiako Estatuak eman beharko lituzkeela. Euskal presoei ezartzen zaien salbuespen legedia bertan behera uzteko eskatu du, eta ohiko legediaren bidez presoen "kaleratze arrunta" ahalbidetu dezala. Bestalde, euskal presoek ohiko legediaren bidea onartu eta eragindako mina aitortu beharko luketela gaineratu du.

Todak nabarmendu du oinarri horien gaineko "kontsentsu handia" lantzen ari dela gizartean, baina ohartarazi du "ongietorrien inguruan sortutako iskanbilak" eragin kaltegarria izan dezakeela adostasunerako bide horretan. "Akordio horiek babestu egin behar dira". Todaren esanetan, elementu nahikoa daude "akordio sendo batera iristeko".

Azkenik, Foro Sozial Iraunkorrak "barkamen zintzoa" eskatu die euskal presoen senideei, proposamenaren "irakurketa partzialak senideei sortu dien minarengatik" eta azken egunetako egoerak "urte luzez pairatu duten bazterketa eta diskriminazio sentsazioa areagotu" ahal izan duelako.

 

 

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan COVID-19 gaitzak ez du inor hil du Euskal Herrian, eta hamasei positibo atzeman dituzte PCR probekin. Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Herritarrak paseoan, konfinamendua arintzeko lehen fasean ©Jon Urbe / Foku

Beste hamalau positibo eta hiru hildako jakinarazi dituzte Hego Euskal Herrian

Irati Urdalleta Lete

Murgak iragarri du neurriak areagotzea pentsatzen ari direla azken egunetan festa giroan ikusi diren jende pilaketak «mantenduz eta orokortuz» gero.

Irungo bizilagun batek grabatutako bideoaren irudi bat. ©

Santano: «Asteartean gertatutakoa salbuespena izan da, eta, zoritxarrez, irudi mediatiko bilakatu da»

Bidasoko Hitza

Ekainaren 30ean Irungo Legia kaleko hiru tabernetan gertatutakoaren gainean aritu berri da Jose Antonio Santano alkatea. Ehunka lagunek bete zuten kalea, inongo distantzia eta maskararik gabe, eta tokian bertan grabatutako bideo batek hautsak harrotu ditu.
Irungo bizilagun batek grabatutako bideoaren irudi bat.

Produktibitatea

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna