EUSKAL PRESOAK

Txosna batetik presoen argazkiak kentzeko agindu du Auzitegi Nazionalak

Dignidad y Justicia elkarteak aurkeztutako salaketari men eginez hartu du erabakia guardiako epaileak.

Aste Nagusia gaur hasten delarik, atzo aritu ziren konpartsak txosnak muntatzen amaitzeko lanetan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
jon olano
2019ko abuztuaren 17a
17:49
Entzun

Gaur hastekoa da Bilboko Aste Nagusia, eta horren harira Bilboko Areatzan dauden txosnetako batetik euskal presoen argazkiak erretiratzeko agindu du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Alejandro Abascal guardian dagoen epaileak eman du agindua, Dignidad y Justicia elkarteak salaketa bat aurkeztu eta gero. Elkartearen arabera, argazki horiek "biktimekiko umiliazio eta terrorismoaren goratze delitu bat" dira.

Zehazki, Efe agentziak zabaldu duenez, Txori Barrote konpartsaren txosnan jarritako argazkien kontra jo du epaileak, argudiatuta presoen irudiek "kalte" egin diezaiekeela "terrorismoaren biktimei eta euren senideei", eta, beraz, ebatzi du horiek erakustea debekatu egin behar dela.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriek zabaldu dutenez, Auzitegi Nazionalaren ebazpena jaso du jada Ertzaintzak, eta horren berri emango diete txosnaren arduradunei, argazkiak ken ditzaten. Hala egiten ez badute, epailearen agindua betearaziko du Ertzaintzak, Jaurlaritzaren arabera.

Ez da lehen aldia Dignidad y Justiciak eta auzitegiek Txori Barroteren kontra jotzen dutena, besteak beste, 2013an eskatu baitzuen haren zenbait ekitaldi debekatzeko. Udalak ere egin zuen Txori Barroteren eta Kaskagorriren aurka, baina EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin zuen bi konpartsei udalak 2009an ezarri zien zigorra. Konpartsak bi urtez Aste Nagusitik kanpo uzteko ebazpena onartu zuen orduan Bilboko Udalak, presoen argazkiak erakusteagatik.

Bestalde, Raquel Gonzalez Bilboko Udaleko PPko eledunak atzo gobernuari eskatu zion baimena kentzeko euskal presoen aldeko pankartak dituzten txosnei: "Hasiak dira txosnak muntatzen, eta ikusi dugu aurten ere biktimak umiliatzeko eta terrorismoaren goratzeko erakustaldi bat izango dela".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.