EUSKAL PRESOAK

Sortu: "Argazkiak erakutsi edo ongietorriak egin behar izatea da elkarbizitzaren aurka doana"

Jesus Loza Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariari erantzun dio alderdiak.

Euskal presoen argazkiak Txori Barroteren txosnan, Ertzaintzak kendu aurretik. /
Euskal presoen argazkiak Txori Barroteren txosnan, Ertzaintzak kendu aurretik. / Miguel Toña/Efe

Jon O. Urain -

2019ko abuztuak 20

Soka luzea ekarri dute uztail amaieran Jose Jabier Zabaleta Baldo eta Xabier Ugarte euskal presoei Hernanin eta Oñatin egindako harrerek, eta jomugan jarri dira presoei espetxetik irtetean eginiko ongietorriak. Era berean, iragan asteburuan Ertzaintzak euskal presoen argazkiak kendu zituen Bilboko Txori Barrote konpartsaren txosnatik, Espainiako Auzitegi Nazionalak hala aginduta.

Gertakari horien harira, Sortuk ohar bat argitaratu du, salatzeko "oraindik ere argazkiak erakustea edo ongietorriak egin behar izatea" dela "elkarbizitzaren aurka" doana, "gatazkaren ondorioak (presoen afera, besteak beste) oraindik konpondu ez direlako, borroka armatua orain dela zortzi urte bukatu zen arren". Gogora ekarri du Auzitegi Nazionalak berak emana duela epai bat, eta ebatzia duela presoen argazkiak erakustea ez dela delitu, "urrunketaren nahiz sakabanaketaren kontrako kritika politikoa egiteko era bat" izan daitekeela.

Vocento taldeak igandean presoen harreren harira argitaratutako elkarrizketa batean, Jesus Loza Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak esan zuen "epe ertainera" gerta litekeela "terrorismoa berpiztea". Hitz horiekin kritiko agertu da Sortu, eta "zentzugabetzat" jo ditu: "Nonbait, jarduneko gobernuaren ordezkariak bere alderdiak etorkizunean hartuko dituen zenbait erabaki makur iragarri nahi izan ditu".

Sortuk uste du Lozak "polemika baliatu" duela "errelato alderdikoi bat finkatzeko, mehatxu egiteko eta espetxe politikaren norabide aldaketan atzera egingo dutela iradokitzeko, norabide aldaketa hori oraindik hasi ez den arren".

Hori horrela, galderak egin ditu: "Zergatik bilatzen dira etengabe bide berriak errepresioaren, debekuen eta zigorren arloan? Zergatik erabili nahi dira legeak iraganerako eta ez etorkizunerako? Zergatik egiten da horrenbeste mehatxu hitz-erdika nahiz ozenki?". Erantsi du ezker abertzalea "beti" saiatu dela "bakea bilatzen eta sendotzen, elkarbizitza berreskuratzen eta arazoen muinari heltzen".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna