G7koen goi bilera Miarritzen

G7koen aurkako hamazazpi ekintzaile atxilotu dituzte poliziek

Ostiral arratsaldean ehunka lagun atera dira Urruñako kanpalekutik, errepide bat mozteko asmoz; jarraika izan dituzte poliziak, eta oldartu egin zaizkie. Poliziak negar gasa eta gomazko pilotak bota ditu Urruñako kanpaleku sarreran.

Poliziak motoan iritsi diren momentua, manifestarien aurka oldartu aitzin. BERRIA
Hodei Iruretagoiena.
2019ko abuztuaren 24a
12:13
Entzun

Ostiral arratsaldearekin, G7koen bileran elkartuko diren agintariak Miarritzerako bidea hartzen hasi dira. Justin Trudeau Kanadako lehen ministroa iritsi da aurrena, eta Emmanuel Macron ere ostiral gauean ailegatu da. Miarritzen lur hartu dute biek —propio itxita daukate aireportua egunotan—. Frantziako presidenteak gaur iluntzean egingo die harrera gainerako agintariei, eta, G7koen gailurra gerturatu ahala, tentsioa igo egin da Lapurdiko hirian eta inguruetan. Batez ere Urruñatik Erlaitzerako bideetan izan da tentsio gehien, ostiral arratsalde honetan.

G7koen aurkako kontragailurra egiten ari direnen kanpalekutik —Urruñan da— ehunka manifestari atera dira, autopista blokeatzeko asmoz. Erlaitzerako bidea hartu dute, baina Polizia jarri zaie aurrean, eta ez die jarraitzen utzi. Pentzez pentze abiatu dira orduan, eta bidean manifestariek zenbait errepide trabatu dituzte, baina une oroz poliziak izan dituzte atzetik. Ez da arazo larririk suertatu, 30 bat polizia motoz joan diren arte. Motorrean iritsitako polizia horiek manifestariei oldartu zaizkie.

Anbulantziak ere joan dira tokira, eta litekeena da manifestarien artean baten bat zauritu izana. atxilotu egin ote dituzten ere zabaldu da ostiral gauean; AFP berri agentziaren arabera, hamazazpi lagun atzeman dituzte. Kanpalekuko kideen esanetan, hamabi lagun izan dira atxilotuak, eta beste 23 zaurituak. Poliziak lekuak hustuarazi ditu, eta bota egin ditu handik kazetari guztiak, tartean BERRIAkoa. Frantziako Gobernuak zabaldu du lau polizia ere arin zauritu direla.

Iluntzean, elkarretaratze bat egin dute Hendaian, eskolaren aitzinean, Poliziaren jokamoldea gaitzesteko eta atxilotuak askatzeko eskatuz. Baina istiluak ez dira hor bukatu. Iluntzean, poliziak kanpalekura bertara joan dira, eta negar gasa eta flashball pilotak jaurti ditu. Lekuko batzuen arabera, kanpalekuan zirenek erantzun egin diete. Horretan bukatu da istilua, eta Polizia azkenean ez da kanpalekura sartu.

Bestetik, iturri batzuen arabera, Jaka Horietako bi kide ere atzeman dituzte ostiral honetan. Miarritze inguruan radarrak txikitzea leporatu diete.

Gizon bat pistolaz apuntatua

[Youtube]https://www.youtube.com/watch?v=5aPDLvbNROk[/Youtube]

Ez dira izan azken orduetako gertakari bakarrak. Ostegunean, Miarritzen bertan, poliziak furgoneta bat geldiarazi zuen kalean. G7koen bileraren kontrako afixak zeramatzan ibilgailuak, eta France Info kateak bertatik bertara grabatu zituen gertakariak. Polizia bat pistola eskuetan hartuta hurbildu zen furgonetara, eta gidariari apuntatu egin zion, pistola leihotik sartuta. Gidariak eta harekin autoan zihoan beste gizon batek eskuak goratu eta baketsuak zirela erran zieten poliziei, eta poliziak pistola gorde zuen orduan.

Furgonetan jarriak zeramatzaten txarteletan aipatzen zuten Miarritze "kontzentrazio esparru" bihurtu dutela, eta Macroni galdetzen zioten ea non dagoen "Frantziaren handitasuna". Poliziaren aurrean deklaratu ostean, aske utzi zituzten bi gizonak, ostegunean bertan.

Izan dira atxiloketa gehiago: ostegunean, Karfa Diallo saiakera idazlea atxilotu zuten, Miarritzeko La Negresse plazari izena aldatzeko protesta batean parte hartzen ari zela. Matxinada leporatzen diote. Colette Capdeville Asanblea Nazionaleko diputatu ohia eta Baionako kontseiluko kidea da bere abokatua.

La Negresse izena Napoleonen garaitik datorkio auzoari; geltokiaren parean dago. Garai hartan joko areto bat zuen emakume beltz bat gogoratzen du, eta plazari izena aldatzeko antolatu zuten atzoko elkarretaratzea.

Espainiako Polizia, Hendaian

Goizean goizetik nabaritu dira Polizia gorputzen aginduak: areagotu egin dituzte mugako kontrolak eta identifikazioak. Irungo Harrera Sareak ohartarazi zuen, astearen hasieran, "kontrol hertsiak erabatekoak" direla migratzaileentzat; "baina ez haientzat bakarrik". Gaur, esaterako, identifikazio baten eta itzulketa baten lekuko izan da BERRIA.


Santiago zubia, kontrolik gabe. Hendaiako aldean zeuden poliziak, berrehun bat metrora. BERRIA


Bi gazteak atxikita, Hendaian (Lapurdi). Identifikatu, eta eraman egin dituzte. BERRIA

11:00 aldera, bi gazte magrebtar jaitsarazi dituzte autobus publiko batetik, Santiago zubia igaro ondoren. Autobusak aurrera jarraitu du, eta atxikiak eduki dituzte gazteak, Hendaiako aldean, identifikatzeko. Ordu erdi ingururen ondoren, Espainiako Poliziaren auto batean sartu, eta Irun aldera eraman dituzte biak. Irungo Harrera Sareak "kontrol arrazistak" eta legez kanpoko itzulketak salatu izan ditu mugako pasabide horretan.

Santiago zubiaren ondoren ez ezik, Behobiako zubian ere jarri dituzte kontrolak gaur. Bi noranzkoetan zeuden poliziak, nahiz eta Gipuzkoarantz zihoazen autoak lasaiago pasatzen utzi. Lapurdi alderantz zihoazenak aritu dira kontrolatzen bereziki.


Behobiako zubia, gaur. BERRIA

Ostegun iluntzean, bederatzi kilometroko auto ilarak sortu ziren AP-8 errepidean, Irunen (Gipuzkoa), Baionarako noranzkoan. Ostiraletik aurrera, berriz, 7,5 tona baino gehiagoko ibilgailuak ezingo dira sartu Frantziako Estatuan. Nafarroan, Gipuzkoan eta Araban geldiaraziko dituzte kamioilariak, eta soilik ibili ahal izango dute frogatzen badute zama muga baino lehen utziko dutela. Miarritzeko aireportua itxita daukate.

Eragozpen gehiago ere izan dira gaur Irun eta Hendaia arteko Santiago zubian. BERRIAk jakin duenez, pasabide hori ordu eta erdiz itxita eduki dute, antza, bi pakete susmagarritzat jo dituztelako. 07:00 aldera, Espainiako Polizia, Guardia Zibila eta Ertzaintza joan dira Santiago zubira, baita lehergailu teknikariak ere. 08:30 arte izan dute zubia itxia, eta Behobia aldetik bideratu dute trafikoa. Paketeak aztertu ondoren ireki dute bidea berriz.

Bestalde, hiru gazte alemaniar atxilotu zituzten asteazkenean, Hego Euskal Herrira bidean zetozela, eta, Frantziako Poliziaren arabera, burua estaltzeko tapakiak, ziape gasa eta izotza puskatzeko mailuak atzeman zizkieten ibilgailuan. Baionako Zigor Auzitegian epaitu zituzten ostiral arratsaldean, presaz, indarkeriarako prestatzea leporatuta. Hiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri diete biri, eta bi hilabetekoa besteari; Frantziako Estatuaren mugen barnean sartzea ere debekatu diete, bost urteko eperako.

Protesta bat Monsantoren aitzinean

Kontragailurreko ekitaldiak ostiral iluntzean bukatu dira Ficobako erakustazokan, Irunen. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailea bertan izan da, eta bideokonferentziaz parte hartu dute Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak eta Jean Guy Talamoni Korsikako Asanbleako presidente eta Corsica Libera alderdiko buruzagiak. G7 Ez plataformak bihar izango du hurrengo zita, larunbatean. 11:00etan egingo dute manifestazioa, Hendaiako Flore itzulingurutik Irungo Ficobara. Hitzaldiekin eta agiri bat irakurrita bukatuko dute. Igandean ere mobilizazio bat egitekoa dute, Miarritzeren inguruetan.

Bitartean, gaur Peyrehoraden egin dute elkarretaratze bat, Monsantoren lantegietako baten aurrean. Confederation Paysanne eta ELBko kideak hantxe elkartu dira, sindikatuetako eta G7 Ez plataformako kideekin. "Zuen irabazia = Gure minbizia" frantsesez zioen pankarta bat zabaldu dute atean. Lur begetala ere zabaldu dute, eta berdura zenbait landatu dituzte hartan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.