Albistea entzun

G7koen goi bilera

"Non da prentsa askatasuna?"

Poliziak behin baino gehiagotan identifikatu ditu Ekhi Erremundegi eta Oihana Teyseyre BERRIAko kazetariak, lanean ari zirela. Baina ez dira bakarrak izan: kazetari anitzek salatu dituzte lanean aritzeko oztopoak goi bilerak iraun duen egunetan, batez ere Baionako larunbateko istiluen harira.

Polizia, Baionako kaleetan. /
Polizia, Baionako kaleetan. / Frederic Scheiber/EFE

Berria -

2019ko abuztuak 26

G7koen gailurra dela eta, segurtasun indarrez gainezka daude egunotan Baiona inguruak. Istiluak ekiditearen aitzakian, kalean dabilen edonor geldiarazi eta identifikatzen dute, eta "zerbait susmagarria" topatuz gero, baita atxilotu ere. Egoera horretan lan egitera behartuta daude mundu osoko kazetariak, eta, tartean, baita Euskal Herrikoak ere.

Larunbat arratsaldean, istiluetan babestu ahal izateko materiala —kaskoak, maskarak, betaurrekoak...— kendu zietela salatu zuen kazetari batek baino gehiagok sare sozialetan. BERRIAko kazetariek ere identifikazio eta miaketa bat baino gehiago jasan behar izan zituzten, eta, Poliziak istiluen kontrako hesiekin Baiona erdiguneko zubiak itxi zituenean, ez zieten Baiona txikitik ateratzen utzi, kazetari gisa identifikatu arren.

Igandean, berriz, Jaka Horiek Bidarten deitutako elkarretaratzean, Poliziak inguratu eta manifestariekin batera atxiki zituzten zenbait kazetari, eta Argia-ko kazetariak zihoazen autoa inguratu, eta miaketa zorrotza egin zieten. Asteburu guzian zehar, Euskal Herriko eta nazioarteko kazetari anitzek salatu dituzte lanean aritzeko oztopoak.

Ekhi Erremundegi BERRIAko kazetariak Twitterreko bere kontuan eman du jasaten ari diren jazarpen horren berri. Frantziako Polizia Nazionalari zuzendutako txio batean, kazetariak dio larunbat gauean poliziek behin baino gehiagotan jarri zutela miran LBD jaurtigailuarekin, nahiz eta kazetaria zela erran eta prentsa txartela erakutsi. "Non dago prentsa askatasuna?", galdetu dio kazetariak Frantziako presidente Emmanuel Macroni.

Euskal Herriko kazetariek bakarrik ez, atzerrikoek ere antzeman dute Poliziaren jarrera. Boris Kharlamoff kazetariak Twitterren salatu zuen: "Atzerriko kazetari ugari —nazioarteko prentsa agiria dutenak— kontrolatzen ari dira Baiona Ttipian. Ordenaren indarrek babeserako materiala konfiskatzen diete":

Kazetari asko atxikita eta inguratuta eduki dituzte Baionako protestetan, lekutik mugitu ezinik sarritan. Manifestariak zeuden ingurura sartzen ez diete utzi beste batzuei. Sarri, negarra eragiteko gasa jaurti zuten poliziek hara, besteak beste kazetariei ere eraginez. Bidartera Jaka Horiak supermerkatu batera bildu zirenean ere gertatu zen: Poliziak manifestariekin batera atxiki eta identifikatu zituen kazetariak. Hibai Arbide Aza Telesurreko kazetariari eta Argia-ko kazetariei gertatu zitzaien, adibidez, baina izan dira adibide gehiago:

Poliziak atxilotu ere egin zuen fotokazetari bat. Ekinklik argazkilari taldeko kide bat kontrol batean atxiki zuten, larunbatean, Baiona inguruan, han egitekoa zen manifestazioaren irudiak hartzera zihoanean. Igandean askatu zuten.

Ostiral arratsaldean istiluak izan ziren Urruña inguruetan, manifestari talde bat errepide batzuk blokeatzen saiatu zenean. Poliziak, azkenerako, bidali egin zituen kazetariak handik, eta ez zien gehiago grabatzen utzi.

Beste batzuek ere kontatu dute kontroletan poliziek zer-nolako jarrera eduki duten haiekin. Fotokazetari alemaniar honek azaldu du beste bi lankiderekin zihoala gelditu zutela kontrol batean, eta poliziek irain egin zietela ingelesez hizketan hasi zirenean. "Hemen frantsesez hitz egiten da, edo ez da ezer hitz egiten":

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Euskal Hiriguneko biltzarra, joan den abenduan. ©GUILLAUME FAUVEAU

Euskal Elkargoa gainditu beharra

Ekhi Erremundegi Beloki

Euskal Hirigune Elkargoak bost urte beteko ditu igande honetan. Ipar Euskal Herriak izan duen lehen instituzio propioa eraikitze fasetik politika publikoak ontzera iragan zen 2020ko hauteskundeen ondotik, baina, anitzen ustez, bere mugak erakutsi ditu jadaneko.
Izadi haurraren alde joan den azaroan Burlatan egindako jaialdi bat. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Amarik gabeko urtebetetze eguna

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Maria Lizarraga eta Iñigo Gutierrez euskal presoen alaba Izadik bihar beteko ditu 3 urte. Kartzelatik atera beharko du orduan, Espainiako espetxe legediak hala aginduta, eta amarengandik bereizi. Gutierrez atzo atera zen espetxetik, hirugarren graduan.
Aurreneko lerroan, ezkerretik, Gorka Urrutia, Beatriz Artolazabal eta Jose Ramon Intxaurbe, atzo. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Espainiako segurtasun indarren lana balioesteko eskatu diote Jaurlaritzari

Gotzon Hermosilla

Txosten bat egin dute ETAk Guardia Zibilean eta Espainiako Polizian eragindako sufrimenduaz

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.