Albistea entzun

Zinema

Hirugarren Donostia saria, Donald Sutherlandentzat

Azken mende erdian, era guztietatako roletan eta generoetan lan egin du aktore kanadarrak.

Donald Sutherland aktorea, Zuricheko Zinema Jaialdian. /
Donald Sutherland aktorea, Zuricheko Zinema Jaialdian. / Ennio Leanza/Efe

Miren Garate -

2019ko abuztuak 26 07:11

Guztira berrehun ekoizpen ingurutan hartu du parte Donal Sutherland aktoreak (Saint John, Kanada, 1935). Genero guztietan aritu izan da: draman, gerra zineman, thrillerretan, beldurrezko zineman nahiz zientzia fikzioan. Eta nahiz eta inoiz ez duten aktorerik onenenaren Oscarrerako izendatu, ibilbide oparo horri esker, ohorezko Oscarra jaso zuen 2017an. Sari gehiago ere lortu izan ditu, zineman nahiz telebistan, eta beste bat ere esku artean izango du laster. Izan ere, azken mende erdian egin duen lana aitortu nahi izan dio Donostiako Zinemaldiak ere Donostia saria emanez.

Irailaren 26an jasoko du, Kursaalean egingo den ekitaldian, eta, ondoren, Giuseppe Capotondik zuzendutako The Burnt Orange Heresy thrillerraren emanaldia izango da. Lan horretan, Mick Jagger, Claes Bang eta Elizabeth Debicki aktoreekin batera aritu da Sutherland. James Figueras arte kritikaria eta Berenice Hollis Europan zehar bidaian ari den neska xaloa ditu protagonista. Maitale berriak Cassidy arte bildumariaren etxera joango dira bidaian, eta hor katramilatuko da istorioa. Veneziako zinema jaialdia itxiko du aurten pelikulak.

Ingeniaria izateko asmoa zuen hasieran Sutherlandek, eta ikasketa horiek ere egin zituen, baina azkenean antzezpenaren aldeko hautua egin zuen. Telesailetan ekin zion ibilbideari, eta The Saint eta The Avengers dira hark egindako lanetan nabarmen daitezkeenetako batzuk. Zineman, Il castello dei morti vivi (1964) pelikulan egin zuen debuta. Lehenengo arrakasta, berriz, Robert Aldrichen The Dirty Dozen gerra film klasikoarekin lortu zuen. Genero berean, M.A.S.H. (1970), Kelly’s Heroes (1970) eta Johnny Got His Gun (1971) filmetan protagonista aritu zen ondoren.

Era guztietako roletarako aukeratu izan dute: detektibe pribatua izan zen Klute-n (1971); libertino limurtzailea Il Casanova di Federico Fellini-n (1976); Attila Mellanchini faxista zitalari aurpegia jarri zion Novecento (1976) lan historikoan; eta rol nagusia antzeztu zuen Invasion of the Body Snatchers (1978) film aztoragarrian.

Hurrengo hamarkadan ere ezagun egin ziren filmetan lan egin zuen: Ordinary People-n (1980) senide baten heriotzak jotako familia baten burua izatea egokitu zitzaion; eta Eye of the Needle-n (1981), nazi espioi bat izatea. Ondoren egin zituen lanetan izar handiak izan zituen alboan: besteak beste, Al Pacino Revolution-en (1985), Sylvester Stallone Lock Up, John Flynn pelikulan (1989) eta Marlon Brando eta Susan Sarandon A Dry White Season-en (1989).

JFK (1991) lanean, Mr. X hezurmamitu zuen, Garrison fiskalari (Kevin Costner) Kennedy presidentearen hilketari buruzko informazio konfidentziala eskaini zion pertsonaia. Piromano ohia izan zen Backdraft-en (1991); Kristy Swansonen mentorea Buffy the Vampire Slayer filmean (1992) eta Demi Mooreren babeslea Disclosure-n (1994). Ondoan aktorerik onenetakoak izan dituen bezalaxe, zinemagilerik garrantzitsuenen esanetara aritu izan da garaian-garaian.

Space Cowboys (2000) filmean, jantzi espaziala soinean jarri eta astronauta beterano batzuei buruzko istorio bateko protagonista izan zen. Hamarkada horretakoak dira, The Italian Job (2003); Cold Mountain drama (2003), eta Pride & Prejudice (2005) ere. Azken boladan Sutherlandek bete duen rolik ezagunenetako bat Snow presidentearena da, The Hunger Games sagan. Forsaken (2015) western filmean bere benetako seme Kiefer Sutherlanden aitarena egin zuen.

Duela bi urte, Sutherland eta Helen Mirren protagonista dituen The Leisure Seeker (2017) filmaren emanaldia hartu zuen Zinemaldiko Perlak Sailak, eta, aste honetan bertan, James Gray zuzendariak Veneziako zinema jaialdian aurkeztuko du Ad Astra, aktorearen azken lanetako bat.

Telebistan, Nicole Kidmanekin The Undoing filmatzen ari da gaur egun, David E. Kelleyk idatzitako eta Susanne Bierrek zuzendutako sei ataleko minisail bat. Oraintsu ere, J. Paul Getty hezurmamitu du Danny Boyle zuzendariaren Trust (2018) telesailean. Telebistarako egin dituen beste lan batzuen artean, nabarmentzekoak dira Crossing Lines (2013-2015) akzioko telesaila eta Ken Folleten The Pillars of the Earth bestsellerraren egokitzapena (2010).

Sari banaketaren galarako sarrerak salgai daude Zinemaldiaren webgunean, 45 euroan. Donostiako 67. Zinemaldian, Penelope Cruz aktoreak eta Costa-Gavras zinemagileak ere emango diete Donostia sari bana.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jose Ignazio Ansorena eta Eneko Goia, gaur goizean, Donostiako udaletxeko prentsa aretoan. ©Gorka Rubio / Foku

Herritarren «zerbitzura» jotako doinuak

Itziar Ugarte Irizar

Hiru Txulo: Donostia eta txistua liburua ondu du Aritz Gorrotxategik, Donostiako Udalaren eta Ereinen eskutik. Isidro Ansorena goratu dute, Donostiako Udalaren Txistulari Taldearen zuzendari ohia.

Herritar bat, asteon, Donostiako areto bateko karteldegiari begira. ©GORKA RUBIO / FOKU

LEKUA EGIN NAHIAN

Ainhoa Sarasola - Ainize Madariaga

Zinema areto, jaialdi eta ziklo gehienetan, euskarazko filmen eta azpidatzien presentzia txikiagoa da beste hizkuntzetakoekin alderatuta. Hainbat eragilek azaldu dute pixkanaka kopuru hori handituz doala, baina ehunekoei erreparatuta, salbuespenak salbuespen, oreka lortzetik urrun dago oraindik.

Cordal, erakusketako lanetako batekin. ©Aritz Loiola / Foku

Egunero, atsedenik hartu gabe

Amaia Igartua Aristondo - Bizkaiko Hitza

Isaac Cordal artistak etengabe produktiboak izatearen beharra jorratu du ’24/7′ erakusketan. Bilboko SC Gallery aretoan dago ikusgai, hilaren 28ra arte.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.