euskal presoak

Sara Majarenasen auzia salatu dute emakume feminista, ezkertiar eta independentistek

Hilaren 10ean hasiko da euskal preso ohiaren alabaren erasotzailearen aurkako epaiketa. Datorren igandean, manifestazioa, Donostian.

Emakume feminista, ezkertiar eta independentistak gaur Donostian egindako agerraldian. MONIKA DEL VALLE, FOKU
enekoitz esnaola
2019ko irailaren 2a
07:36
Entzun

Hilaren 10etik aurrera epaituko dute Sara Majarenas euskal preso ohiaren eta haren alabaren erasotzailea, Valentzian (Herrialde Katalanak), eta auzia bera, emakumeen aurkako "diskriminazio egoera eta eguneroko zapalkuntza" salatzeko agerraldi bat egin dute 35 bat euskal emakume feminista, ezkertiar eta independentistek Donostian, Kristina Enea parkean, Justizia hau ez da gurea. Sara eta Izarrekin, elkartasuna lelopean. Datorren igandean manifestazioa izango da Donostian, 13:30ean, Bulebarretik hasita, eta atxikimendua agertu dute. "Herri honetako Sara guztien alboan egongo gara".

Valentziako probintzia auzitegian izango da epaiketa. Fiskalak eta akusazio partikularrak 30 urteko espetxe zigorra eskatu dute auzipetuarentzat. 2017ko urtarrilean, Majarenas Picassenteko espetxean (Valentzia) preso zegoen bitartean, haren bikotekide ohia eta 2 urteko alaba Izar hiltzen saiatu zen, labankadaz. Pasa den otsailaren 15ean, baldintzapean aske utzi zuen epaileak; fiskaltzak eta akusazio partikularrak eskatu zuten epaiketa egin bitartean espetxeratzeko, baina epaileak ekainean zioen akusatuak ez duela ihes egiteko arriskurik.

Hamahiru urte eta erdiko kartzela zigorra osorik bete artean eduki zuten Majarenas preso, eta haren alabaren aurkako erasoa gertatu ostean Espainiako Justizia sistemak "etengabe oztopoak" jartzen segitu zuela gaitzetsi dute gaurko agerraldian. "Historikoki gure eskubideak behin eta berriz urratu dituen justizia batek erabakiko du Sara eta Izarren bizitzaz", esan dute Lur Albizuk eta Mati Iturraldek. "Emakumeok libre izan nahi dugu. Gure buru eta gorputzen jabe izan nahi dugu. Burujabetza behar dugu erabakiak hartu ahal izateko. Baina ez soilik hori: euskal errepublikarako bidea bera ere feminismotik egin nahi dugu, eta egingo dugu". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.