Epaileak erabaki du Majarenasen erasotzaileak libre segi dezala

Fiskaltzak eta akusazio partikularrak eskatu zuten epaiketa egin bitartean espetxeratzeko. Epaileak dio ez duela ihes egiteko arriskurik

Elkarretaratzea Majarenasen eta bere alabaren alde, iaz, Bilbon. M. RAMIREZ / FOKU.
Hodei Iruretagoiena.
2019ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Valentziako probintzia auzitegiak (Herrialde Katalanak) ez du badaezpadako espetxealdian sartuko Sara Majarenas euskal presoari eta haren alabari eraso zien gizona. Herenegun, akusazio partikularrak bezala, fiskaltzak ere bat egin zuen eskaera horrekin, baina ez onartzea erabaki du gaur auzitegiak. Otsailaren 15ean geratu zen aske Majarenasen erasotzailea, eta Picassenteko epaileak argudiatu zuen auzitegi medikuen txosten baten zain zeudela eta ikerketa «gehiegi» luzatua zela dagoeneko. Gaineratu zuen behin-behineko espetxealdia «salbuespenezko neurria» zela. Atzo, epaileek arrazoitu zuten otsailetik hona ez dela handitu ihes egiteko arriskua.

«Aske geratu zenetik orain arte ez da handitu ihes egiteko arriskua, nahiz eta zantzu argiak egon akusatuaren erruduntasunaz», azaldu dute epaileek hitzez hitz, BERRIAk eskuratutako sententzian: «Akusatuak badaezpadako neurri guztiak bete ditu, eta berdin egin du auzitegira deitu zaionetan. Uste dugu 'justiziari ihes egiteko' aukera eduki duela kausa honek iraun duen bitartean, dudarik gabe, denbora tarte handia izan baita».

Aiert Larrarte abokatuak adierazi du «harriduraz» hartu dutela erabakia. «Sara eta Izarren sufrimenduaren gainetik erabaki du epaileak». Larrartek BERRIAri adierazi dionez, epaileak ez du kontuan hartu Majarenasen eta haren alabaren egoerak duen «segurtasunik eza». Gogorarazi duenez, «segurtasun neurri batzuk badaude, baina sistema telematikoak hiru aldiz huts egin du dagoeneko». Hori gertatu denetan, poliziak Majarenasi telefonoz deitu dio, jende gehiagorekin egon dadila aholkatzeko. Abokatuak kritikatu du auzitegiak ez kontuan hartu izana baldintza horiek.

Erasotzaileak kalean jarraituko du, beraz, bi kilometroko urruntze aginduarekin eta eskumuturreko telematikoarekin. Euskal Autonomia Erkidegoan sartzeko debekua ere badu, baina herenegun Majarenasen senideek jakinarazi zuten erasotzailearen eskumuturreko telematikoak hirutan huts egin duela. Lehen bi aldietan ordu erdiz egon da gailua kokapenik gabe; azkenekoan, ordea, hiru orduz. Hain justu, Majarenasen senideek ohartarazi zuten hiru orduz gailua itzalita egotea «arriskua» zela Majarenasentzat eta haren alabarentzat. Gainera, Majarenasek eta haren alabak Ertzaintzaren zaintzapean segitu beharko dute. Horrek guztiak «biktimak berriz biktimizatzen» dituela salatu zuten astelehenean.

30 urteko zigor eskaria egin zuen fiskaltzak herenegun erasotzailearen aurka. Zigor eskaera handia eta akusatuak ihes egiteko arriskua daudela argudiatuta —ez du lanik, ezta etxe finkorik ere— eskatu zuten hura behin-behinean espetxeratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.