espainiako gobernua

Ortuzar: "EAJ ez da oztopo izango"

"Azken unean dena EAJren esku badago, hau aurrera aterako da", esan du Ortuzarrek Pedro Sanchezekin batzartu ostean.

PSOEko eta EAJko ordezkariak, bilera hasi aurretik.
PSOEko eta EAJko ordezkariak, bilera hasi aurretik. Kiko Huesca / EFE

Jon O. Urain -

2019ko irailak 4

Espainiako gobernuburuaren inbestiduraz hitz egiteko, bilera bat egin dute EAJko eta PSOEko ordezkaritzek Madrilen.  PSOEren egoitza nagusian batu dira, Madrilgo Ferraz kalean, 18:00 pasatxotik 20:25 ingurura; EAJren izenean, Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko lehendakariak eta Aitor Esteban diputatuak hartu dute parte; PSOErenean, Pedro Sanchez idazkari nagusiak, Jose Luis Abalos Antolakuntza idazkariak eta Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak.

Bilera osteko agerraldian, Ortuzarrek nabarmendu du EAJk "dezepzioz" hartu duela PSOEk atzo aurkeztutako programa proposamena; batetik, "proposamen ausartagoa" espero zutelako, baina, bestetik, "kezka" sortu die ikusteak 370 neurrien artean erkidegoen eskumenak diren hainbat daudela: "Atzoko dokumentua ez zen EAJ konbentzitzeko, Podemos limurtzeko baizik".

Edozein gisara, Ortuzarrek azaldu du EAJ ez dela "oztopo" izango Sanchezen inbestidurarako, "arduraz" jokatuko duela, eta PSOEri eta Podemosi eskatu die ados jartzeko, baina baita jabetzeko ere ez dutela gehiengoa eta beste alderdi batzuk beharrezkoak direla: "Negoziatzera eser daitezela eta pentsa dezatela adosten dutenak euskal autogebernuarekiko errespetuzkoa izan behar duela".

EAJk "lehenbailehen" nahi du gobernua osatzea, bozak berriro egitea "porrot izugarria" litzatekeela eta "panorama politiko zailagoa" sortuko lukeela iritzita. Sanchezek Ortuzarri esan dio ez duela hauteskunderik nahi eta "dena" egingo duela bozak saihesteko.

Abalosek, berriz, azaldu du "bilera atsegina" izan dutela EAJrekin; "aliatu estrategikotzat" jo ditu, eta bere egin ditu Ortuzarren hitzak: "[Espainiaren] gobernabidearekin engaiatuta daude". Bileran, "euskal agendari" errepasoa egin diote —ez du zehaztu zer gai landu dituzten—, eta Abalosek ziurtatu du PSOEk ez duela hauteskundeak berriro egitea nahi: "Gu oso itxaropentsu gaude egin dugun proposamenarekin, horrela, lehentasuna eman nahi izan diogulako politikari". Podemos eta PSOE bihar arratsaldean batzartuko dira inbestiduraz solasteko.

Era berean, Abalosek adierazi du PSOEren proposamena "zabalik" dagoela eta egungo estatutuekiko konpromisoa duela, eta, beraz, ez duela asmorik erkidegoen eskumenak urratzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna