Diada

Bartzelonako Euskal Etxetik irtengo da Independentistak Sarearen martxa

15:00etan abiatuko da kalejira, Gran Via aldera, eta, han, bat egingo dute ANCk antolatutako ekitaldiarekin.

Independentistak sareko kideak, iaz, Diadan. ORIOL CLAVERA
2019ko irailaren 10a
18:43
Entzun

Diada egingo dute bihar Katalunian, eta, urtero moduan, han izango dira Euskal Herriko ordezkariak ere, Independentistak Sareko kideak, besteak beste. ANCk Independentzia helburu leloarekin antolatutako manifestazioan parte hartzera deitu dute horiek, eta euskal herritar guztiak elkarrekin joan ahal izateko martxa antolatu dute Bartzelonako Euskal Etxetik Gran Viaraino; han, 21 eta 22 tramoen artean kokatuko dira gutziak.

15:00etarako jarri dute biltzeko ordua Euskal Etxearen parean, Born auzoan. Handik Gran Via eta Muntaner kaleen arteko bidegurutzera joango dira, eta han bat egingo dute ANCk irudikatu asmo duen olatu erraldoiarekin.

"Borroka honetan, katalanek beste jokatzen dugu geuk ere. Guztion etorkizuna jokoan dago. Espainiako Estatuak, prozesu subiranista katalana eragotzi eta porrot eginaraziz, independentismoari aukera eta bide guztiak itxi nahi dizkio Katalunian zein Euskal Herrian". Horren aurrean indarrak batzeko deia egin du plataformak, eta elastiko, zapi eta banderola berdeekin edota bestelako euskal ikurrekin joateko eskatu du.

Biharko ekitaldiaren aurretik, hala ere, egingo dute besterik Katalunian. Gaur gauean, esaterako, 131 zuzi piztuko dituzte Montserrat mendian, Generalitateko 131 presidenteen omenez. Espero da 40 kilometro baino gehiagoko distantziara ikusiko direla. Ekintza horrek, argi horiek, Kataluniako mugimendu independentistaren batasun estrategiko galdua aldarrikatuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.