Erresuma Batua

Eskoziako auzitegi batek legez kontrakotzat jo du parlamentuko jarduna etetea

Aurretik, epaitegi batek ontzat emana zuen parlamentuaren jarduna bost astez eteteko erabakia. Eskoziako Apelazio Auzitegiak, baina, indargabetu egin du lehen epai hori.

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa, irailaren 9an, Parlamentuko saio batean.
Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa, irailaren 9an, Parlamentuko saio batean. EFE

Gorka Berasategi Otamendi -

2019ko irailak 11

Erresuma Batuko Parlamentuaren jarduna eteteko erabakia legez kontrakoa dela ebatzi du Eskoziako Apelazio Auzitegiak. Auzitegiak adierazi du Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroaren erabakia konstituzioaren aurkakoa dela.

Joan den irailean, Johnsonen erabakia legezkoa zela ebatzi zuen epaitegi batek, baina bestelako irizpidea izan du Apelazio Auzitegiak, eta indargabetu egin du aurreko epai hori.

Auzitegiaren iritziz, parlamentuaren jarduna eteteko erabakia legez kontrakoa da, ganberaren egitekoa eta brexit-ari buruzko eztabaida "oztopatzeko asmoa" zuelako. Magistratuek gaineratu dute parlamentuak gobernuari egiten dion kontrol lana "konstituzioan jasotako gobernu onaren oinarri nagusietako bat" dela.

Parlamentuaren jarduna etetearen kontra egin duten abokatuen esanetan, Johnsonen erabakia bertan behera geldituko da epaiaren ondorioz, Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak behin-behinean neurriari eustea erabaki ezean.

Erresuma Batuko Gobernuak epaiari helegitea aurkeztuko diola iragarri du, eta Erresuma Batuko Auzitegi Gorena urgentziaz bilduko da auzia aztertzeko, irailaren 17an.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna