Erresuma Batuko Parlamentuaren jarduna eteteko erabakia legez kontrakoa dela ebatzi du Eskoziako Apelazio Auzitegiak. Auzitegiak adierazi du Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroaren erabakia konstituzioaren aurkakoa dela.
Joan den irailean, Johnsonen erabakia legezkoa zela ebatzi zuen epaitegi batek, baina bestelako irizpidea izan du Apelazio Auzitegiak, eta indargabetu egin du aurreko epai hori.
Auzitegiaren iritziz, parlamentuaren jarduna eteteko erabakia legez kontrakoa da, ganberaren egitekoa eta brexit-ari buruzko eztabaida "oztopatzeko asmoa" zuelako. Magistratuek gaineratu dute parlamentuak gobernuari egiten dion kontrol lana "konstituzioan jasotako gobernu onaren oinarri nagusietako bat" dela.
Parlamentuaren jarduna etetearen kontra egin duten abokatuen esanetan, Johnsonen erabakia bertan behera geldituko da epaiaren ondorioz, Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak behin-behinean neurriari eustea erabaki ezean.
Erresuma Batuko Gobernuak epaiari helegitea aurkeztuko diola iragarri du, eta Erresuma Batuko Auzitegi Gorena urgentziaz bilduko da auzia aztertzeko, irailaren 17an.