Ondarea

Otsailean hasiko da 'Iruña-Veleia auziko' epaiketa

Duela hamar urtekoa da Eliseo Gilen eta aztarnategiko beste hainbat arduradunen aurkako salaketa, eta orain helduko da epaitegietara. Zazpi urte eta erdira arteko kartzela eskaerei egin beharko diete aurre akusatuek. Froga gehiago eskatu ditu Iruña-Veleia Argitu plataformak

Elieo Gilen agerraldia Iruña Veleiako aurkikuntzen benetakotasuna defendatzeko, 2008an
Elieo Gilen agerraldia Iruña Veleiako aurkikuntzen benetakotasuna defendatzeko, 2008an Raul Bogajo/ Foku

Iñigo Astiz -

2019ko irailak 11

Hamar urte eman ditu Iruña-Veleia aztarnategiko aurkikuntzen auziak labirinto judizialean, baina, azkenean, epaiketak badu data: otsailaren 3an hasiko dira saioak Arabako Auzitegiko 1. Zigor aretoan. 2006an aurkeztutako “ezohiko piezak” indusketa guneko zuzendari  Eliseo Gilek berak egin zituela frogatu beharko du akusazioak, eta haren errugabetasuna defendatuko dute defentsa abokatuek, baina piezen faltsutasuna edo benetakotasuna izango da epaiketaren sakoneko eztabaida. Piezetako idazkiak eta marrazkiak autentikoak direla ziurtatzen baitute zuzendari ohiak eta haren inguruko sustengu taldeek ere, eta, ondorioz, baita errugabe direla ere.

2009an jarri zuen lehen salaketa Arabako Aldundiak, eta, geroztik, bederatzi urte eman zituen gaiak instrukzio fasean, harik eta epaileek delitu zantzuak ikusi zituztela ebatzi zuten arte. Zehazki, ustez ondarea hondatu izana eta ustez piezak manipulatu izana leporatzen diete Gili eta Oscar Escribano arkeologoari, eta ustez iruzur egin izana egozten dio Ruben Cerdan ikerlariari. 2018an jakin ziren zigor eskaera zehatzak, baina orain eman du data zehatzaren berri El Correo egunkariak.

Froga gehiago

Iruña-Veleia Argitu plataformaren hitzetan, prentsa bidez izan dute abokatuek epaiketa dataren berri, eta "eskandalagarria" iritzi dio horri. Urteak daramatza elkarte horrek piezen benetakotasuna eta Gilen errugabetasuna defendatzen, eta euren aurkako "epaiketa mediatiko paraleloa" salatu dute. Aurkikuntzak autentikoak direla ebazten duten hogei txosten daudela ere gogorarazi dute. Froga gehiago egiteko beharra ere azpimarratu dute.

Akusatuek hasieratik egin dute eskari hori ere, baina 2018an eman zuen itxitzat froga gehiago egiteko bidea instrukzio epaileak.

Aurkikuntzaren aurkezpena

2006ko ekainaren 8an hasi zen dena, Gilek gidatzen zuen taldeak egun hartan aurkeztu baitzuen Kristo ondorengo III. mendearen inguruko 400 piezatik gorako multzoa jendaurrean. Munta handikoa zen topatu zutena, garai hartan uste zenaren arabera. Aurkezpen publiko hartan aipatu zituzten aztarnen artean bazeudelako kristautasunaren hedapenari buruzko teoriak aldaraziko zituzten marrazkiak, eta bazegoelako euskarazko idazki sorta garrantzitsu bat ere. Baina susmo txarrak piztu zituen handik denbora gutxira. Hainbat ikerlariri iritzia eskatu zien orduan Arabako Foru Aldundiak, eta, azkenean, 2008ko azaroaren 19an inskripzioak faltsuak zirela ebatzi zuen aditu batzorde hark. Orduan kendu zioten aztarnategia ustiatzeko baimena Lurmen arkeologia enpresari, eta horren ostean abiatu zuten bide judiziala Arabako Foru Aldundiak.

Aldundia, akusazio partikularra

Bost urte eta erdi eskatzen ditu fiskalak Gilentzat, ondare historikoaren aurkako delitu jarraituak eta iruzurra egin dituelakoan, eta beste bost urte eta erdi Escribanorentzat. Cerdanen kasuan, bi urte erdikoa izango da fiskalaren eskaria. Arabako Aldundia izango da akusazio partikularra, bestalde, eta zazpi urte eta erdi eskatuko ditu Gilentzat; Escribano eta Cerdanentzat, berriz, hiru urte eta bederatzi hilabeteko eskaria egingo du.

Isunak ere aurreikusi dituzte. 7.200 euro ordaindu beharko ditu akusatu bakoitzak, epaileak erruduntzat joz gero; bestalde, 12.490 euroren ardura zibilak ezarri ditu epaitegiak, eta 285.600 euro ere ordaindu beharko dizkiote Eusko Jaurlaritzari, ondareari eragindako kalteagatik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna