Euskal presoak

Atzera bota dute Josu Urrutikoetxearen askatasun eskaera

Espainiak Urrutikoetxearen kontra egindako bi euroagindu eta bi estradizio eskaeren harira, euskal presoa baldintzapean askatzeko eskatu dute haren defentsako abokatuek. Abokatu nagusiak defentsako abokatuen argumentu guziak baztertu ditu, prozedura behar bezala eraman dela berretsita. Auzitegiak atzera bota du askatasun eskaera, eta preso segiko du.

Ekhi Erremundegi Beloki -

2019ko irailak 11

Preso segituko du Josu Urrutikoetxeak. Parisko Dei Auzitegiko estradizioen instrukzio ganberako ez du onartu prozedura baliogabe utzi eta euskal presoa askatzea. Laure Heinich eta Laurent Pasquet-Marinacce abokatuek prozeduran izandako akatsak azaleratu, eta Urrutikoetxearen osasun egoera larriaz ohartarazi dute, eta jaso duen sostengu zabala  goraipatu. Audientziako  abokatu nagusiak defentsaren argumentu guztiak errefusatu ditu, prozedura behar bezala eraman dela berretsita. Ekainean berriro presondegian sartu zuteneko egoera berean dela kontsideratuta, Urrutikoetxea preso atxikitzeko eskatu zuen auzi saioan, eta arrazoia eman dio auzitegiak.

Laurent Pasquet-Marinacce abokatuak hasi du saioa, prozeduran izan diren gorabeherak azalduta. Oroitarazi du, ekainaren 19an Parisko Dei Auzitegiak Urrutikoetxea libre uztea erabaki baino ordu batzuk lehenago, ministerio publikoak erran ziela Urrutikoetxea uztailaren 10erako deitu zutela Espainiak eskatutako euroagindu bat jakinarazteko. Presodengitik ateratzear zela, DGSI Frantziako Barne Segurtasunerako Zuzendaritza Nagusiko agenteak La Santeko presondegira bera atxilotzera joan ziren. Agindua terrorismoaren kontrako ministerio publikoak eman zuen, abokatuak azaldu duenez, "Josu Urrutikoetxea askatzera zihoazelako. Egiteko modu oportunista da, eta trabagarria da, fiskal nagusiaren intentzioei buruz erraten duenagatik". Halaber, abokatuaren arabera ekainaren 19an ministerio publikoak ez zeukan euroagindu eskaeraren frantsesezko bertsiorik, eta itzulpena eskatu zion Espainiari. "Euroagindu eskaera batek, eskaera egin duen aginteraren gaineko gutxieneko kontrola eskatzen du. Nola egin zezakeen kontrol hori frantsesezko itzulpena eduki gabe?". Haserre mintzatu da abokatua: "Urrutikoetxea atxilotzeko eskatu zuten, aske uzteko dei auzitegiaren erabakia bertan behera uzteko; epaile independiente batzuek hartutako erabakia bertan behera uzteko. Prozeduraren desbideratze masibo eta karikaturala da. Atxiloketaren eta ondorengo prozeduraren irregularitatea eta baliogabetasuna konpontzeko eskatzen dizugu. Ezin duzu halakorik pasatzen utzi", agindu dio epaileari. Azkenik, Urrutikoetxeari defendatzeko eskubidea ukatu zaiola salatu du.

Urrutikoetxearen egoera pertsonala ekarri du gogora Laure Heinich abokatuak, bere osasun egoera larria dela azpimarratuta. "Zergatik ez du mediku artarik jaso? Kontsideratzen delako ez dela hain grabea pertsona preso delarik? Zuen justizia, gure justizia da. Pertsona guziek eskubide berak ditugu", egin du aldarri, euskal presoaren osasun egoera presondegiratze batekin bateragarria ez dela argudiatuta. Gogoratu du atxilotu zutenean urgentziazko ebakuntza egin behar ziotela, eta auzi medikuak ebakuntza egitea baldintza gisa ezarri zuela Urrutikoetxea presondegiratzeko; irailaren 2an egin zioten azkenean. "Itxoinarazi dugu; sinetsarazi diogu, behin, bitan, ebakuntza eginen ziotela. Estualdin jarri eta umiliatu nahi izan bagenu ez zen hobeki egiten ahal". Ebakuntza egin bitartean zunda bat ezarri zioten euskal presoari. "Erran izan bagenio bezala: 'baliabideak baditugu, baina horrela utziko zaitugu, zure pixarekin esku artean'. La hilabete eman ditu sendatuko ote zuten galdezka. Ez da soilik apalgarria, ondorio fisikoak ere baditu", salatu du Heinichek, Urrutikoetxeak infekzio bat baino gehiago izan duela erranez. Ezinbestekotzat jo du beharrezko terapia ematea, eta horretarako, presodengitik atera behar dela argudiatu du.

Urrutikoetxearen ihesaldia

Urrutikoetxeak jasotako sustenguak ere aipagai izan dira gaurko auzi saioan. Heinichen hitzetan, hori da ETA zeneko militante historikoak ihes ez egiteko bermerik onena. Urrutikoetxeak berak hala erran du gaur arratsaldean: "Hitzekoa naiz. Niretzat pentsaezina da sustengua erakutsi didatenak traizionatzea. Auzietara aurkeztera eta zuzenbide arauak errespetatzera engaiatzen naiz", adierazi du. Ihes egiteko arriskuari sinesgarritasuna kentzen saiatu da defentsako abokatua. "Frantzian bere kontra dagoen txosten juridikoa hutsa da azken 30 urteetan. Ez da sekula kondenatua izan Espainian. Funtsean mito bat da. Beri buruz zabaltzen duten irudia eta juridikoki izan dituen zigorrak parekatzen ditugunean, galdetu dezakegu: hori baizik ez da?". Ihesi pasatako urteez ere aritu zen Heinich: "Googlen bere izena jarri eta prentsa espainolan agertutako bere argazkiak aurki ditzakegu, bere gordelekuan, bere umea besoetan. Denek zekiten non zegoen, baina Espainiarentzat praktikoagoa zen libre segitu zezan, bakearen alde jardun zezan". Suizan eta Norvegian abiatutako elkarrizketa saiakerak ere aipatu zituen: "Hango autoritateek babestu zuten, jatera eman zioten, arropak garbitu zizkioten... hori da ihesaldi bat deitzen duzuena?". 

Joan den ekainaren 19an bezala, libre utziz gero Louis Joinet Frantziako magistratu ezagunak bere etxean hartuko lukeela iragarri zuen abokatuak eta eskumuturreko elektroniko bat eramateko prest dagoela. "Erabaki ausarta hartzeko eskatzen dizugu. Denek irabaziko dugu".

Abokatu nagusiak esku kolpe batez baztertu zituen defentsak aurkeztutako argudio guziak eta prozeduraren desbideratze oro ukatu zuen, dena "beti bezala" egin dela baieztatuta. Funtsean, joan den ekainean Urrutikoetxearen kontrako behin behineko espetxealdia eskatu zuteneko "egoera berean" direla nabarmendu zuen. "Osasun egoera da, izatekotan, aldatu dena; baina ez dakit, ez naiz medikua"

EH Bildu eta EH Bairen babesa

Josu Urrutikoetxearen abokatuek eskatuta egin dute auzi saioa gaur, Parisen, Dei Auzitegiko estradizioen instrukzio auzitegian. Bigarrenez aztertu dute baldintzapeko askatasun eskaera. Lehen aldian —ekainaren 19an—, Dei Auzitegiak kontrol juduzialpean aske uztea erabaki zuen, nahiz eta gero Urrutikoetxeak preso jarraitu zuen, Parisek onartu egin zuelako Espainiaren egun hartako atxilotze eskaera. Defentsak gaur azaldu du badirela arrazoiak baldintzapean askatzeko: gaixotasun larria du Urrutikoetxeak —prostatatik ebakuntza egin zioten irailaren 2an—; Frantziako justiziaren kontrolpean egoteko "bermeak" daude eta ekaineko aldeko erabakia.

Laure Heinich eta Laurent Pasquet-Marinacce abokatuez gain, Inaki Goioaga ere aritu da Urrutikoetxearen defentsan, Espainiako Estatuko prozeduretan laguntzeko. Orain dela aste batzuk bisita egin zion presoari. Jacques Gaillot apezpikua ere azaldu da auzitegira. Ezaguna da Euskal Herrian Gaillot, urteak baitira euskal militanteekiko elkartasuna erakusten duela, eta joan den udaberrian Urrutikoetxea askatzeko eskatu zuten pertsona ezagunen artean da. Jasone Agirre (EH Bildu) eta Eneko Aldana (EH Bai) ere izan dira, presoari "babes pertsonala eta politikoa" erakustera; "presondegiak husteko garaia da, ez betetzekoa", esan dute.

Pasa den maiatzaren 16an Frantziako Poliziak Alpeetan atxilotu zuenetik, Parisen da preso, La Santen. Amaraun judizial batean sartua dute: Espainiak bi euroagindu ditu eskatuak, gizateriaren kontrako krimenak leporatuta eta herriko tabernen auziagatik. Baita bi estradizio ere, Luis Herguetaren (1980) eta Zaragozako kuarteleko (1987) hilketetan ardurarik izan zuelakoan. Frantzia, berriz, bi epaiketa egitekoa da: ETAren “hierarkian” kide garrantzitsua izateaz akusatuta eta 2011-2013an Osloko elkarrizketagunean ETAren egiturako kidea izatea egotzita. 2018ko maiatzean Urrutikoetxea bera izan zen ETAren desegitearen adierazpenari ahotsa jarri ziona, Marixol Iparragirrerekin batera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna