Batera plataformak Ipar Euskal Herriko instituzioez hausnartzeko foroa egingo du

Irailaren 21ean foro bat antolatuko du Batera plataformak, Baionan. Iparraldeko instituzioa: nora joan nahi dugu? izenarekin abiatu zuten herritar audit bat iragan udazkenean, eta hainbat hizlari gonbidatu dituzte diagnostikoari jarraipena emateko jardunaldira.

Batera plataformako kideak, Baionan egindako prentsaurrekoan.
Batera plataformako kideak, Baionan egindako prentsaurrekoan. Bob Edme

Oihana Teyseyre Koskarat -

2019ko irailak 12

Batera-k aztergai izan du Ipar Euskal Herriko herritarrek instituzioekin daukaten harremana. Lurralde kolektibitatearen apustua egin du, eta, alde horretatik, Euskal Elkargoarekin "zaintza lana" egin duela oroitarazi du. Elkargoak, hilabete honetan, bere barne antolaketari eta geroari buruzko eztabaidak abiatuko ditu. Batera-ren helburua hausnarketa horri ekarpenak egitea izanen da, "kanpoko esperientziak aztertuz, besteak beste".

Foro bat antolatu dute irailaren 21erako, Baionako arte eskolan. Lehen hitzaldia, Nortasuna eta lurraldetasuna: instituzioen legitimitateaz izango da. Alain Faure politika ikerlaria eta Vincent Simoulin Tolosako (Okzitania) unibertsitateko zientzia sozialeko irakaslea arituko dira. Euskal Elkargotik Lurralde Kolektibitatera iristeko eman beharreko pausoak izango dira eztabaidaren erdigunean. Ondotik, Elkargoko antolaketa hobetu: demokrazioa parte hartze gehiago hitzaldia egingo dute Jo Spiegel Kingersheimeko (Alsazia) auzapezak, Manon Loisel ACADIE kooperatibako gerenteak eta Bruno Julliard Parisko lehen axuant ohiak.  "Herritarrek instituzioekin dituzten harremanei" buruzko hausnarketa bat proposatuko dute hizlariek. Azkenik, Daniel Behar Parisko Unibertsitateko Urbanismo Eskolako irakasleak itxiko du foroa. ACADIE kooperatibako zuzendaria da, eta Ipar Euskal Herriko instituzioei buruzko hainbat ikerketa lan egin ditu.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna