ERABAKITZEKO ESKUBIDEA

Buruzagi katalanen epaiaren aurka, Gure Eskuk mobilizazio batera deitu du

Gure Esku Kataluniako eragile politiko eta instituzional ugarirekin bildu da egunotan, "bertako egoera politikoaren inguruko hausnarketak lehen eskutik" jasotzeko.

Jone Amonarriz, Amalur Alvarez, Roger Torrent eta Pello Urzelai, atzo, Kataluniako Parlamentuan. GURE ESKU
jon olano
2019ko irailaren 14a
07:54
Entzun

Asteazkenean izan zen Diada, Kataluniako egun nazionala, eta bertan izan zen Gure Esku erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikaren ordezkaritza bat. Diadako ekitaldietan parte hartzeaz gain, eragile ugarirekin bilerak egin ditu egunotan: besteak beste, Quim Torra Generalitateko presidentearekin, Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentearekin, Biltzar Nazional Katalaneko lehendakari Elisenda Paluzierekin, Omnium Culturaleko Zuzendaritza Batzordeko delegaritza batekin eta JxCat, ERC, CUP eta En Comu Podem-en talde parlamentarioetako ordezkariekin.

Gure Eskuk "oinarrizko eskubide eta askatasunen defentsa aktiboa" egiteko konpromisoa berretsi die eragile sozial eta politiko katalanei, nabarmenduz lanean jarraituko duela "Euskal Herriak eta Kataluniako herriak beraien etorkizuna erabakitzeko eskubidea egikaritu dezaten, libre eta demokratikoki". Era berean, dinamika prest agertu da zigor epaia izanez gero "euskal gizartearen erantzun zabala artikulatzeko".

Kataluniako eta Euskal Herriko egoera politikoa aztertzeaz gain, epaiak izan ditzakeen ondorioen inguruan ere hausnartu dute bilera horietan, eta eragile katalanek nabarmendu diote garrantzitsua izango dela euskal gizartearen aktibazioa: "Zalantzarik gabe, epaiaren ondorioei erantzutea erronka demokratiko bat izango da Euskal Herritarrentzat", azaldu du Amalur Alvarez Gure Eskuko bozeramaileak. 

Izan ere, epaiak "ez die eragingo soilik preso politiko katalanei", dinamikaren iritziz: "Krisi demokratiko larria piztu dezake, eta, oinarrizko eskubideak kriminalizatzeaz gain, subiranotasun helburu edota asmoei giltzarrapoa jarriko die, zigorra badakar. Erabakitzeko eskubidearen joko arauak mugatuko ditu".

Horregatik, uste dute "ardura demokratikoz jokatzeko unea" izango dela, eta ardura hori eskatu diete Euskal Herriko ordezkari politikoei: "Alderdikerien gainetik jokatu dezaten, zailtasun guztien gainetik, demokraziaren eremua birdefinituko duen epai honen aurrean".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.