Politika

Espainiako Gobernuaren erantzuna Riverari: "Nafarroan bada Konstituzioa defendatzen duen gobernu bat"

Sanchezen inbestiduran abstenitzearen truke, Nafarroa "berreskuratzea" proposatu die Riverak horri eta Casadori.

Albert Rivera, gaur goizean Ciudadanosen zuzendaritzaren bileraren ostean egindako agerraldian. RODRIGO JIMENEZ, EFE
jon ordonez garmendia
2019ko irailaren 16a
08:30
Entzun

Aste honetan erabakiko da Espainiako Gorteeterako hauteskundeak errepikatuko diren, eta azken unean, beste aukerarik ez zegoela zirudienean, mugimendu azkar bat egin du Albert Rivera Ciudadanoseko buruak bozak saihesteko. Pablo Casado PPko buruari Sanchezen inbestiduran abstenitzea proposatu dio, horrek "Espainiarekin eta espainiarrekin" hiru konpromiso hartzen baditu. Horietako lehenean Nafarroa "konstituzionalistentzat berreskuratzea" proposatu die Riverak Casadori eta Sanchezi. Espainiako Gobernuak, ordea, (jardunean da Sanchez presidente orain) azkar erantzun dio eta esan du Nafarroan badela Espainiako Konstituzioa defendatzen duen gobernu bat eta ez dutela EH Bildurekin akordiorik egin; beraz, ez dutela arrazoirik ez abstenitzeko.

Goizean egin du proposamena Riverak, eta abstentzioaren truke hiru konpromiso hartzeko eskatu dio Riverari. "Sanchezek [Nafarroan] gobernu konstituzionalista bati baietz esaten badio, [Kataluniako] proces-aren sententziak errespetatzen baditu eta zigortuak indultatzen ez baditu eta ekonomiarekin konprometitzen bada", Ciudadanos prest da bere inbestidura ahalbidetzeko. Riverak esan du gaur arratsaldean bilduko dela Casadorekin Kongresuan eta orduan hitz egingo dutela proposamenaz. Espainiako Gobernua, ordea, eguerdian aurreratu zaio eta hiru baldintza horiek gaur egun betetzen direla erantzun dio. Ciudadanos eta PPri abstentzio teknikoa bultza dezatela eskatu die.

Riverak Nafarroa jarri du Sanchezi eskatu dizkion hiru konpromisoetatik lehenengoan. PSNk, Geroa Bai-k, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak duten gobernu akordioa hautsi eta beste mota batekoa ezarri nahi du Ciudadanosek buruak. Lau alderdi horien botoekin eta EH Bilduren abstentzioari esker eskuratu zuen Maria Txibitek presidentetza uztailean, Navarra Sumaren kaltetan. UPNk, PPk eta Ciudadanosek osatutako koalizioa izan zen indar bozkatuena maiatzeko bozetan, baina Riverak gaur proposamena luzatzerakoan ez du argitu zer aukera izango litzatekeen eurentzat zilegi Sanchezen mesedetean abstenitzeko.

Bigarren konpromisoarekin Riverak Sanchez behartu nahi du, indulturik ez emateaz gain, Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua ezartzera Katalunian, politikari independentisten kontrako epaiketaren sententzia betetzen ez badute. Azkenik hirugarren konpromisoan zergak ez igotzea nahi du Riverak.

Felipe Borboikoa Espainiako erregea gaur hasi da Kongresuko talde parlamentarioekin biltzen Sanchez berari berriro edo beste norbaiti inbestidurara aurkeztea eskatzeko. Gaur goizean, hain zuzen, Javier Esparza UPNko burua egon da Borboikoarekin bilduta bilera erronda horretan. Esparzak esan du bat egiten duela Riverarekin proposamen horrekin baina iruditzen zaio Sanchezek "Bildu aukeratu" duela berriro eta ez duela etorkizunik proposamen horrek. Sanchezen inbestidurari, beraz, ezetz bozkatuko duela iragarri dio Borboikoari.

Espainiako erregeak ez badu aukerarik ikusten inor Espainiako presidente izateko, Kongresua desegin eta bozetara deituko du berriro. Azaroaren 10ean lirateke berriro hauteskundeak. Apirilean PSOEk irabazi zituen, baina ez da gai izan gehiengo bat osatzeko presidente aukeratu dezaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.