Albistea entzun

11/13 auziko epaiketa

Akordioa erdietsita, espetxea saihestuko dute 47 auzipetuetatik 45ek

Gaur hasi eta gaur bukatu da Madrilen 11/13 sumarioaren auziko epaiketa. Defentsak, Fiskaltzak eta AVT zein Dignidad y Justicia herri akusazioek akordioa lortu dute. Arantza Zulueta eta Jon Enparantza preso sartuko dituzte, bost hilabeterako.

Oihana Elduaien Uranga -

2019ko irailak 16 07:33

Zigor eskaera handiak zituzten beren kontra, eta auziaren zein auzitegiaren izaerak "erabat baldintzatuta" iritsi dira epaiketara. Espetxea saihesteko ahalegina egin dute, eta halaxe lortu dute Arantza Zuluetaren eta Jon Enparatzaren kasuetan salbu. Ez dira "justizia bila" joan. "Erabaki kolektiboa" izan da. Ibon Meñikak eta Amaia Izkok hitz horiekin laburbildu dute akordioaren zergaitia. Epaitegira sartu aurretik hitz egin du Meñikak, eta atera ondoren, Izkok. Epaiketaren nondik norakoak zuzenean kontatu ditu BERRIAk.

Gainerako auzipetuek auzitegi barruan hitz egin dute. Hitz bakarra esan dute guztiek: bai. Fiskalak egin die galdera: "Onartzen dituzu leporatzen zaizkizun delituak?". Defentsak, Fiskaltzak eta AVT zein Dignidad y Justicia herri akusazioek akordioa erdietsi dute, eta auzipetuei zigorra arindu diete akusazioak onartzearen trukean.

Arantza Zuluetak eta Jon Enparantzak jasoko dute zigorrik handiena: Zuluetak hiru urte eta sei hilabeteko zigorra jasoko du eta Enparantzak bi urte eta zazpi hilabetekoa. Auzi honengatik behin-behinean giltzapean pasatu zuten denbora kontuan hartuta, bosna hilabete egin beharko dituzte. BERRIAk jakin ahal izan duenez iraila amaitu aurretik sartuko dira espetxean, eta zigorra bete nahi duten espetxea aukeratzeko modua izango dute, eta beraz, Euskal Herriko espetxeetan beteko dute.

Bi horiek jaso dute zigorrik gogorrena, akordioaren arabera ere "talde terroristako buruzagi" izatea egozten dietelako. Gainerako 45 auzipetuei, berriz, "talde terroristako kide" izatea egozten diete akusazioek, eta horren arabera, urte eta erdiko zein bi urteko zigorrak jarriko dizkiete. Beraz, ez dira giltzapera joango.

Jon Midegiagak, Jose Manuel Ugartemendiak, Jose Antonio Fernandezek, Ibon Meñikak, Asier Arangurenek, Aitziber Sagarminagak, Mikel Almandozek, Jose Luis Campok, Aintzane Orkolagak eta Naia Zurriarainek bi urteko zigorra jasoko dute, aurrekariak dituztelako, eta gainerakoek, urte eta erdikoa.

Inhabilitazioa egunerokorako zama

Espetxea saihestu duten arren, inhabilitazio zigorra ez diete erretiratu. Bost urteko eta lau urteko inhabilitazio osoa jasoko dute, hurrenez hurren, Zuluetak eta Enparantzak. Bi urteko zigorra jaso dutenek hiru urte eta erdiko inhabilitazioa, eta urte eta erdiko zigorra jaso dutenek hiru urtekoa. Horrek, arlo publikoan lanean aritzen diren hamasei laguni eragingo die zuzen-zuzenean. Haietako hiruk betirako galduko dute plaza, eta Amaia Izkok zinegotzi kargua utzi beharko du Iruñeko Udalean.

Aldeek adostutakoa onartu dute Alfonso Guevara epaimahaiburuak eta Clara Bayarri zein Ana Maria Rubio magistratuek. Guevara epaile ezaguna da; epaimahaiburu izan zen Jarrai-Haika-Segi auziko epaiketan, T4koan ere bai, eta baita ETAren kontrako beste hainbat epaiketetan ere. Ertzaintzak Donostiako Herria tabernaren kontra egindako operazioan atxilotutakoak absolbitu egin zituen, adibidez.

47 lagun, hiru arlo eta hainbat operazio

11/13 makrosumarioan 47 lagun eraman dituzte epaiketa. 2013ko irailean abiatu zuen auzia Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasko epaileak. Herrira-ren kontrakoa izan zen lehen kolpea: Guardia Zibilak 18 lagun atxilotu, egoitzak zigilatu eta sare sozialetako hainbat kontu itxi.

Operazio gehiago etorri ziren geroago: 2014ko urtarrilaren 8an, zortzi lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak, Euskal Preso Politikoen Kolektikoaren (EPPK) bitartekari izatea egotzita. Abokatuen bi egoitza ere miatu zituzten. 2012ko uztailean aurkeztu zuten bitartekari taldea, eta EPPK gizarte eragileekin harremanetan jartzeko helburua zutela jakinarazi zuten.

2015eko urtarrilean beste polizia operazio bat egin zuen Guardia Zibilak, hura euskal presoen abokatuen eta beste lau lagunen kontra. Hernaniko, Iruñeko, Gasteizko eta Bilboko abokatuen egoitzak ere miatu zituzten.

Bi hilabete geroako Jaiki Hadi elkartearen eta Etxerat-en kontrako operazioa egin zuten, eta elkarte bakoitzeko bi lagun atxilotu. Jaiki Hadi psikologoek, psikiatrek, medikuek eta bestelako profesionalek osatzen dute, eta besteak beste, euskal presoen osasun jarraipena egiten dute. Etxerat, berriz, euskal presoen senitarteko eta lagunen elkartea da.

Espetxe arloko epaiketa bat falta

Euskal Herriko gatazkarekin lotuta, eta "dena ETA da" tesiaren baitan, hainbat makroepaiketa egin dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean. Jarrai-Haika-Segi auzikoa izan zen aurrena, 18/98 auzikoa etorri zen gero, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren kontrakoa, Egunkaria Auzia, Udalbiltza, Bateragune... Gaurkoa azken makrosumarioko epaia izan da, baina oraindik ez dira amaitu auzitegietako aferak. Espetxeen arloari eragiten dion beste auzi bat ere badago oraindik epaitzeko. Han ere auzipetuta daude Arantza Zulueta eta Jon Enparantza. Haiez gain, Iker Sarriegi abokatua eta beste hiru auzipetu ere badaude. Auzi hori orain Espainiako Barne ministro den Fernando Grande Marlaskak abiatu zuen, epailea zen garaian.

11/13 makrosumarioa akordioarekin amaitu da, baina ez da hala gertatu den lehen aldia izan. Euskal Herriko gatazkari lotutako beste bi epaiketetan, gutxienez, egin dira akordioak. 2016an Ekin-ekin lotuta bi epaiketa egin zituzten, eta bietan erdietsi zuten akordioa: apirilean izan zen bat, eta maiatzean bestea. Segurako auzia bezala ezagutzen den auzian ere bi epaiketa egin zituzten, eta bietan lortu zuten akordioa: 35 lagunen kontra Espainiako Auzitegi Nazionalean egindakoa da bat; eta Hasier Arraizen kontra EAEko Auzitegi Nagusian egindakoa, bestea.

Akordioaren bidea beste arlo batzuetarako erreferentziatzat hartu behar dela esan du, gaur Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bizikidetzarako idazkari nagusiak. Izan ere, akordioaren berri jakin bezain pronto, hainbat lagunek txalotu dute hura. Covitek, bestalde, deitoratu egin du.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Urkullu, urte judizialaren hasiera ekitaldian ©Javier Zorrilla / Efe

Urkulluk eskatu du Justizia «estatuaren izaera askotarikora» egokitzeko

Gotzon Hermosilla

EAEko urte judizialaren hasiera ekitaldian parte hartu du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak

Udalbiltzaren batzorde eragileerria. ©Udalbiltza

Haritz Alberdi Arrillaga Getariako alkatea izango da Udalbiltzako lehendakari berria

Gurutze Izagirre Intxauspe

Udal eta foru hauteskundeetako emaitzen ostean, Kontseilu Nagusia berritu dute.

Espagnac eta Brisson (ezkerrean), artxiboko argazki batean ©Bob Edme

Espagnac, Brisson eta St Pe izanen dira Frantziako Senatuan

Ekhi Erremundegi Beloki

Atzo iragan ziren Frantziako Senaturako bozak Ipar Euskal Herrian. Orain arteko hiru senatariak karguan atxikitzearen alde egin zuten hautetsiek.

Izabako herrian azaroren 2an bozkatu dute. ©BERRIA

Hauteskundeak egingo dituzte azaroaren 26an, Nafarroako 39 udalerritan

Xabier Martin

Maiatzaren 28an zerrendak osatu ez ziren udalerrietarako hauteskunde eguna finkatu du Espainiako Gobernuak: azaroaren 26. Nafarroako 39 udalerritan ez ziren egin bozak, zerrendak ez zirelako osatu. Besteak beste, Auritzen, Burgin, Izaban eta Zubietan bozkatuko dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...