POLITIKA OROKORREKO EZTABAIDA

Iriarte: "Ez gara estatu bat, baina estatu politika egin behar dugu"

Lander Martinezek "izaera sozial handiko estatutu bat" defendatu du, eta "eredu konfederalaz ahazteko" eskatu dio Idoia Mendiak Iñigo Urkulluri. "Desleial" jokatzea egotzi dio Alfonso Alonsok Jaurlaritzako lehendakariari.

Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkidea, gaur, Eusko Legebiltzarrean, politika orokorreko eztabaidan. JAIZKI FONTANEDA, FOKU
jon olano
2019ko irailaren 20a
18:42
Entzun

Politika Orokorreko Eztabaida egiten ari dira Eusko Legebiltzarrean, eta, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak goizean hitzaldia egin eta gero, arratsaldean oposizioko indarrena da txanda. Talde txikienetik handienera mintzatzen ari dira.

Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak ontzat jo du kontzertu politikoaren proposamena: "Benetako aldebikotasun bermatua gauzatuko luke".EH Bildu ados dago, eta, Iriarteren hitzetan, "hortik etor daiteke akordioa eta irtenbidea, oinarriak errespetatuz". "Beste harreman baten" beharra azpimarratu du, eta azaldu Espainiak ez duela beste harreman hori "besterik gabe eskainiko, eta EH bilduk ez beste inork ez du lagunduko".

Hortaz, indar subiranistaren elkarlana eskaini dio Iriartek Urkulluri: "Ez gara estatu bat, baina estatu politika egin behar dugu. Estatu itun bat behar dugu jendea babesteko; herri akordio bat".

Aitzitik, Urkulluk sarri aipatu izan du Autogobernu Lantaldeko adostasuna zabaltzeko beharra, baina hori ez dela "posible" erantzun dio Iriartek, eta galdetu dio: "Akordioaren zer parte zaude prest kentzeko akordioa zabaltzeko? Ez du balio akordioa desnaturalizatzea, baliogabetzea eta konstituzionalistei beto eskubidea ematea".


JUANAN RUIZ / FOKU

Martinez: "EP izaera sozial handiko estatutu berri baten alde dago"

Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak nabarmendu du Urkulluren hitzaldian aipatutako lehentasunak Elkarrekin Podemosek "behin eta berriz" aipatutako gaiak direla, eta, nagusiki, alor sozialak jorratu ditu bere txandan. Besteak beste, Jaurlaritzari eskatu dio "migrazio politikak erreklamatzeko", eta gogorarazi du gizarte babeserako zerbitzuetan artatutako pertsonak "krisialdiaren garairik okerrenean baino gehiago" direla.

Atal horretan, Martinezek adierazi du Elkarrekin Podemos "izaera sozial handiko estatutu berri baten alde" dagoela, baita indarkeriaren biktimek "egiarako, justiziarako, aitortzarako eta erreparaziorako eskubide bera" izatearen alde ere: "Horretan guztian elkartu gaitezke, Urkullu jauna, akordio zabal eta anitzen bitartez".


JUANAN RUIZ / FOKU

Mendia: "Ahaztu eredu konfederalaz"

Espainiako politikagintzara begira hasi da hizketan Idoia Mendia PSE-EEko bozeramailea, eta esan du euskal herritarrei ere "Pedro Sanchezen gobernu bat komeni" zaiela. Autogobernuaren alorrean, berriz, Autogobernu Lantaldeak adostutako oinarrien eta Urkulluk eginiko hitzaldiaren kontra mintzatu da Mendia: "Lizarra I. ek eta II.k, 1930eko hamarkadakoak eta mende honetako lehen hamarkadakoak, huts egin zuten. Eta Gernika I.ek eta II.k asmatu, 1930eko eta 1970rko hamarkadetako akordio barneratzaileek".

Mendiak ohartarazi du sozialistek ez dutela parte hartuko "gauzak apurtzeko inolako abenturetan", eta Kontzertu Politikoaren proposamena gaurko eztabaidara eraman izana egotzi dio Urkulluri: "Zure eta zure alderdiaren proposamena. Badakizu ez dela gurea". Azaldu duenez, PSE-EEk "bermedun autogobernu bat" nahi du, "baina ez dugu eredu konfederal baten bidez lortuko. Horregatik defendatzen dugu erreforma konstituzional bat". Eta eredu konfederalaz "ahazteko" eta egungo sistema hobetzeari begira "indarrak batzeko" eskatu dio Urkulluri: "Lor ditzagun helburu partekatuak, bide bideragarrien bitartez".


JUANAN RUIZ / FOKU

Alonso: "Kontzertu Politikoa desleialtasun onartezina da"

Alfonso Alonso PPko bozeramailea izan da mintzatzen aurrena, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako estatus politiko-juridikoaren erreformari egin dizkio kritika nagusiak. Bost taldeek izendatutako aditu talde batek azaroaren 30era arteko epea dute estatutu erreforma zirriborro bat taxutzeko, baina testu horren edukiak arbuiatu ditu Alonsok: "Orain, zure komisionatuak [Mikel Legarda EAJko diputatuak] kontzertu politikoa proposatu du. Horrek konstituzioa gainditzen du, desleialtasun onartezina da eta Espainiako Gorteek ukatuko dute, Ibarretxe planarekin egin bezala".

Alonsok nabarmendu du, Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak adostutako oinarrietan, erreferentzia egiten zaiela Espainiako Konstituzioko Lehen Xedapen Gehigarriari, bertan jasotzen baitira foru lurraldeen eskubide historikoak. Kexu azaldu da Alonso: "Foru lurraldeei eskumen hori kentzen diezue; inkonstituzionala da euskal herriari eskubide historikoak ematea".

Alonsok azaldu duenez, PPk estatutu zirriborroaren legezkotasunaz ohartarazi du adituen taldean, eta uko egin dio idazketan parte hartzeari. "Inoiz ez dugu onartuko borondate demokratikoa legearen gainetik dagoenik. Benetan espero duzue datozen hauteskundeak plebiszitu gisa erabiltzea Gernikako estatutuaren kontra?". Erantsi du "garai konplexuak" datozela, eta "Euskadik behar duen azkena da gauzak zailtzea".

Bestalde, EAJren aliantza politika jarri du jomugan Alonsok: "Zuen asmoa izan da ahal duzuen lekuetan PP kentzea: hala egin duzue Nafarroan, ez duzue erreparorik izan Bastidan eta Guardian (Araba) Bildurekin ados jartzeko. Konturatu zara alderdi guztiekin akordioak egiten dituzuela PPrekin izan ezik?".


JUANAN RUIZ / FOKU

Egibar: "Artikulatua onartutako oinarrien araberakoa izango da derrigor"

Joseba Egibar EAJko bozeramaileak itxi du talde parlamentarioen hitzartzeen txanda, eta azaldu du estatus berrirako lantaldetik "ateratzen dena ateratzen dela, gehiengoa ahalik eta zabalena izatea" ez dela "printzipio txarra". Hala ere, erantsi du "gehiengo demokratikoek" ez dutela "gizarte bat zatitzen", eta ohartarazi du aditu taldeak idatziko duen testu artikulatua "onartutako oinarrien araberakoa" izango dela "derrigor".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.