Klima larrialdia

Thunberg: "Nola ausartzen zarete beste alde batera begiratzera?"

Greta Thunberg Fridays For Future mugimenduaren sortzaileak arduragabe jokatzea leporatu die estatuetako agintariei, NBEk antolatutako Klima Ekintzarako Goi Bileran. Ohartarazi du agintariak gazteei "huts egiten" ari direla. Trumpek burla egin dio: "Neska gazte oso zoriontsua dirudi".

Greta Thunberg ekintzaile ekologista, atzo, NBEren Klima Ekintzarako Goi Bileran egin zuen hitzaldian. JUSTIN LANE, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko irailaren 24a
17:36
Entzun

"Jendea sufritzen ari da. Jendea hiltzen ari da. Ekosistema osoak kolapsatzen ari dira. Suntsipen masibo baten aurrean gaude, eta zuek soilik diruari buruz eta fantasiazko betiereko hazkunde ekonomikoari buruz hitz egin dezakezue? Nola ausartzen zarete!". Hitz horiekin zuzendu zitzaien Greta Thunberg ekintzaile ekologista nerabea munduko estatuetako agintariei, gordin, klima larrialdiaren aurrean arduragabe jokatzen ari direla nabarmentzeko. NBE Nazio Batuen Erakundeak New Yorken antolatu duen Ekintza Klimatikorako Goi Bileran hartu zuen hitza, atzo, Thunbergek.

Klima larrialdiari erantzuteko neurriak eskatzen dituen protesta mugimenduaren ikur bihurtu da nerabe suediarra. Haren eskola uzteekin hasi zen Fridays For Future dinamika mundu osora zabaldu da, eta manifestazio jendetsuak egin dituzte herrialde ugaritan. Azkenak, joan den larunbatean. Aste honetan, berriz, mugarria jarri nahi dute, ostiralerako deitu duten grebarekin. "Hemen eta orain mugarria jartzen ari gara. Mundua esnatzen ari da. Aldaketa badator, gustatu ala ez", ohartarazi zuen, atzo, Thunbergek.

Ekintzaileak amorruz eta negarrari eusteko lanekin aurpegiratu zien mundu osoko estatuburu eta gobernuburuei klima larrialdiaren aurrean nahikoa neurri ez hartzea. Egoeraren larriaz ez jabetzea leporatu zien. "Nola ausartzen zarete beste alde batera begiratzera, hona etorri eta nahikoa egiten ari zaretela esatea. Entzuten gaituzuela diozue, larrialdiaz ohartzen zaretela. (...) Egoeraz benetan jabetuko bazinate eta ezer ere egin gabe jarraituko bazenute, orduan maltzurrak zinatekete eta uko egiten diot hori sinesteari".

Thunbergek gaineratu du estatuetako agintariek beren buruei jarri dieten helburua ez dela onargarria. Mendea amaitzerako, Lurraren tenperatura 1,5 ºC baino gutxiago berotzea da estatuek finkatu duten helburua. "Guretzako ez da onargarria, horren ondorioak biziko dituztenak garelako".

Gazteak agintarien "traizioaren tamainaz ohartzen hasita" daudela gaineratu du. "Belaunaldi berriak zuei begira daude eta huts egiten badiguzue ez dizuegu sekula ere barkatuko".

Trumpen txioa

Thunbergen hitzaldiak sona handia izan du mundu osoan. Hala ere, errespetu gutxi azaldu dio Donald Trump AEBetako presidenteak, idatzitako txioan:

"Neska gazte zoriontsua dirudi, etorkizun zoragarri batekin kezkatuta. Oso atsegina ikusteko!", idatzi du txioan. Hitz horiek burlatzat interpretatu dira, Thunbergek Asperger sindromea duelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.