Austria

Kurz kontserbadorea nagusitu da bozetan, eta eskuin muturrak behera egin du nabarmen

Lehen ministroaren alderdiak botoen %37 lortu ditu. Eskuin muturrak hamar puntu egin du behera, Eivissa auziak kalte eginda. Berdeek, berriz, hamar puntuko hazkundea izan dute (%14,2).

Sebastian Kurz Austriako lehen ministroa, atzo, bere jarraitzaileen aurrean.
Sebastian Kurz Austriako lehen ministroa, atzo, bere jarraitzaileen aurrean. FLORIAN WIESER/EFE

Gorka Berasategi Otamendi -

2019ko irailak 30

Sebastian Kurz Austriako lehen ministro eta OVP Alderdi Popularreko hautagai nagusiak alde handiz irabazi ditu hauteskundeak. APA berri agentziaren proiekzioaren arabera, botoen %37 lortu ditu kontserbadoreak. Emaitza oso antzekoak islatu ditu ORF telebista publikoaren proiekzioak ere.

Karl Nehammer OVPko idazkari nagusiak bere alderdiaren garaipena ospatu du. "Gaur Sebastian Kurzen eta Alderdi Popularraren eguna da". Lehen ministro gaztearen alderdiak —33 urte ditu Kurzek— garaipen "historikoa" lortu dutela adierazi du.

Kurzi mesede egin dio eskuin muturraren beherakadak. Eivissa auzia delako ustezko ustelkeria kasuaren ondorioz, hamar puntu galdu ditu FPO Austriako Askatasunaren Alderdiak. Botoen %16,1 eskuratu ditu. Kolpea hartu arren, hauteskundeen aurretik koalizioan izan diren bi indarrek, alderdi kontserbadoreek eta eskuin muturrak, gehiengo osoa izango lukete.

Hala ere, Harald Vilimsky FPOko idazkari nagusiak adierazi du boto emaileek ez dutela "agindu argi bat eman" koalizioarekin jarraitzeko, eta gaineratu du oposizioan aritzeko prestatzen ari direla. Okerretatik ikastearen alde mintzatu da. Aurreratu duenez, "aurpegi berriak" izango dira eskuin muturreko alderdiaren ardura postuetan.

Bigarren indarra SPO Alderdi Sozialdemokrata izan da, botoen %22 lortuta. Orain arteko emaitzarik kaskarrena izan du: ia bost puntu egin du behera.

Berdeak izan dira laugarren indarra, botoen %14,2 bilduta. Bultzada handia izan du, aurreko hauteskundeetan ez baitzuen parlamentuan sartzeko %4ko langa gainditu. Berdeen emaitzak islatzen du ingurumenaren gaineko kezkak geroz eta garrantzia handiagoa duela boto emaileen artean.

Neos alderdi liberalak ere gora egin du, botoen %7,6 eskuratuta.

Igandeko bozak Eivisa auziaren ondorioz aurreratu zituzten. Bideo grabazio batek ustezko ustelkeria kasu batekin lotu zuen Heinz-Christian Strache, auzia azaleratu zenean eskuin muturreko kantzilerorde zena. Hori dela eta, koalizio gobernua desegin zuen Kurzek, eta bozak aurreratu zituen.

2017an, Eivissako etxe batean ezkutuan grabatu zuten Strache, legebiltzarrerako hauteskundeak baino hiru hilabete lehenago. Bideoan Strache ikus daiteke emakume bati kontratu publikoak eskaintzen, hauteskunde kanpaina diruz laguntzearen truke. Joan den maiatzean argitaratu zuten bideoa Alemaniako bi hedabidek, eta Strachek dimisioa eman zuen kantzilerorde eta FPOko buruzagi kargutik. Norbert Hofer da oraingo liderra, eta, kanpainan, Stracheren iruditik guztiz aldentzen saiatu da.

Hala ere, Stracheren itzala luzea da. Duela bi egun, fiskaltzak jakinarazi zuen ikerketa bat hasi duela FPOko lehengo liderraren aurka, alderdiaren funtsak bidegabe erabili zituelakoan. Hoferrek erran du FPOk "sakonki" ikertuko duela salaketa hori.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna