Euskal presoak

Frantziak Iñaki Reta euskal presoa gerturatu du

Mont-de-Marsanera eraman dute, duela hilabete Xavier Goienetxea bezala. Biak batera atzeman zituzten, 2015ean, ETAren armagabetze prozesuan "zuloak ixteko helburua" betetzen ari zirela.

Euskal presoen aldeko manifestazio bat, abuztuan, Bilbon. ARITZ LOIOLA, FOKU
enekoitz esnaola
2019ko urriaren 2a
07:21
Entzun 00:00:0000:00:00

Frantziako Gobernuak beste euskal preso bat gerturatu du Euskal Herri inguruko kartzela batera, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez: Iñaki Reta de Frutos, Mont-de-Marsanera (Okzitania). Etxerat-ek bezala Altsasu (Nafarroa) erreferentzia hartuta, 215 kilometrora dago.

Reta 2015ean atxilotu zuten, Ortzaizen (Nafarroa Beherea), Xabier Goienetxearekin batera, ETAren "aparatu logistiko-militarraren" aurkako operazio batean. Iazko abenduan izan zen epaiketa, eta Retak azaldu zuen ETAren armagabetze prozesuan "zuloak ixteko helburua" betetzen ari zirela. Korrekzionalak zazpi urteko kartzela zigorra ezarri zien Retari eta Goienetxeari. Haiekin batera atzemandako beste hiru euskal herritar ere zigortu zituzten, bi urtetik behera, etxean hartzea egotzita. 

Goienetxea ere hurbildu zuen Frantziak, irailaren hasieran, Mont-de-Marsanera. Biak Fresnesko kartzelan zituzten, Paris aldean. Orain jada euskal presorik ez dago Fresnesen.

Paris iazko otsailean euskal presoak hurbiltzen hasi zenetik, Retaren mugimendua halako 29.a izan da; horietatik hemeretzi Mont-de-Marsanera eraman dituzte, eta hamar, Lannemezanera (Okzitania).

Frantziako Estatuan, gaur-gaurkoz, 38 euskal preso daude: EPPK-ko 37 eta AEM inguruko bat. Euskal Herritik hurbilen diren bi kartzeletan 26 dituzte: hamahiru Mont-de-Marsanen, eta beste hamahiru Lannemezanen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.