Matteo Zuppi euskal gatazkaren konponbidean engaiatutako artzapeza Vatikanoko kardinal izendatu dute

Bolognako (Italia) artzapezak ETAren armagabetze ekitaldian parte hartu zuen, Baionan, notario gisa. Urteak eman ditu euskal gatazkari konponbide bat bilatzeko lanean.

Mateo Zuppi kardinal izendatu berria, Txetx Etxeberri bakegilearekin, 2017ko apirilaren 8an, ETAren armagabetze ekitaldian.
Mateo Zuppi kardinal izendatu berria, Txetx Etxeberri bakegilearekin, 2017ko apirilaren 8an, ETAren armagabetze ekitaldian.

Gorka Berasategi Otamendi -

2019ko urriak 6

Mateo Zuppi Bolognako artzapeza eta San Egidio komunitateko kidea Eliza Katolikoko kardinal izendatu du Frantzisko aita santuak. Zuppi hainbatetan izana da Euskal Herrian, euskal gatazkari irtenbidea emateko eta bake prozesu bat sustatzeko lanetan engaiatuta ibili baita. Publikoan agertu gabe egin zituen lan horiek, harik eta 2017ko apirilaren 8an, ETAren armagabetzea ofiziala egiteko ekitandian parte hartu zuen arte. ETAren armagabetzea baieztatzeko notario gisa jardun zuen, Harold Good apez irlandarrarekin batera. Zuppiren izendatzearen berri izan duenean, zorion mezua bidali dio Foro Sozialak sare sozialetan.

Bai Goodek eta bai Zuppik aspalditik izan dute Euskal Herriko gatazkaren berri zuzena. Ezker abertzaleak duela urte askotatik izan du harremana haiekin. Kasurako, 2011ko urriko Aieteko konferentzia aurretik bazuen Goodekin eta Zuppirekin kontakturik eta elkarlanik, eta Aiete ondoren ere hartu-emanetan izan ziren. Zuppi Vatikanoaren ordezkari nagusietakoa izan da gatazka armatuaren konponbiderako aferetan.

Jose Ignacio Munilla Donostiako artzapezpikua Zuppiren kontra mintzatu zen hark ETAren armagabetze prozesuan parte hartu zuenean. Munillaren esanetan, bere kabuz jardun zuen Zuppik, eta inolaz ere ez Eliza Katolikoaren ordezkari gisa. Orain, Zuppiren izendapenak adierazten du artzapez italiarrak Fantzisko aita satuaren babesa duela.

Gatazken konponbideen alde eta bake prozesuetan lanean aritu zen Roger Etxegarai kardinal ezpeletarra ere; besteren artean, Euskal Herrian. Joan den irailaren 4an zendu zen Etxegarai, 96 urte zituela, Kanbon (Lapurdi). Etxegaraik hartu-emanak izan zituen PSErekin eta ezker abertzalearekin, euskal gatazkaren konponbideaz. Argitzeko dago Zuppik Etxegaraik utzitako lekua hartuko duen ala ez.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna