Ekialde Hurbila

Siriaren menpeko Kurdistan okupatuko duela iragarri du Turkiak, AEBak erretiratu ostean

Turkiako presidenteak esan du edonoiz izan litekeela milizia kurduen aurkako erasoa, eta argudiatu dute AEBek ez dutela zerikusirik izan nahi. "Atzo bezala, gaur ere prest gaude", erantzun dute milizia kurduek.

Erdogan, duela bi aste New Yorken NBEren bileran, Siria eta Turkiaren arteko mugaren mapa bat eskuan hartuta. JUSTIN LANE, EFE
jon ordonez garmendia
2019ko urriaren 7a
17:08
Entzun

"Bat-batean eta gauez" izan liteke. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak iragarri du edonoiz egingo diela eraso Siriaren menpeko Kurdistanen Estatu Islamikoaren (EI) aurka borrokatu diren milizia kurduei, bai eta inguru hori okupatuko duela ere. Milizia kurduak hasi dira erantzuten: Siriako Indar Demokratikoek —kurduak eta arabiarrak— adierazi dute ez dutela zalantzarik egingo erasoetatik defendatzeko orduan, eta kurduen kontrako erasoan indarrak batzera deitu du. Horien hitzetan, "labankada bat" da AEBek bere soldaduak erretiratzea. HPCk ere esan du aurre egingo diotela Turkiari.

2016tik Turkiak bi operazio handi egin ditu Siriaren menpeko Kurdistanen, eta oraingo hau hirugarrena litzateke. Haren asmoa da Kurdistan eta Siria iparralde guztia zeharkatuko lukeen eremu bat kontrolpean hartzea —ikus, argazkian, marra gorritik Turkiako mugarako eremua; 480 kilometro luze eta 30 kilometro zabal— eta Turkian dauden lau milioi errefuxiatu siriarrak horra bidaltzea da. Nazioarteko hainbat eragileak, ordea, kurduen aurkako "sarraski" baten beldur dira. "Ezin dugu atzera egin. Terrorezko korridore horrekin [Siriako kurduen milizien kontrolpeko eremuarekin] zerikusia dutenek behar bezalako zigorra jasoko dute", esan zuen Erdoganek aurtengo urtarrilean.

AEBek eskuak garbitu dituzte

Siriako Indar Demokratikoek salatu dute AEBek ez dutela bete hitzemandakoa. AEBek atzo adierazi zuten hasi direla erretiratzen kurduen kontrolpean dauden lurretatik, ez dutelako zerikusirik izan nahi Turkiaren operazioarekin. "Turkiak aurki burutuko du aspalditik Siria iparralderako prestatzen aritu den operazioa. AEBetako armadak ez du babestuko, eta ez du operazio horretan nahastea nahi. Estatu Islamikoari irabazi ostean, AEBetako indarrak ez dira inguru horretan izango", adierazi zuen Stephanie Grisham Etxe Zuriko bozeramaileak. Iaz Trumpek jakinarazi zuenez, AEBek 2.000 soldatu zituzten Sirian, eta urtarrilean jada erretiratu zituzten batzuk.

AEBak 2014an hasi ziren esku hartzen Sirian, EIren aurkako gerran. SDF Siriako Indar Demokratikoak koalizioarekin aliantza bat egin zuten —kurduen miliziak dira SDFren indar nagusia—, eta haien kontrolpeko lurraldeetan, ia Siriaren ekialde osoan, baseak ezarri zituzten. Erretiratzeko aginduak jokaleku berria sortu du Sirian.

Okupaziorako bidea, libre

The Guardian egunkariak eta BBCk diotenez, Trumpek eta Erdoganek abuztuan egin zuten bileraren ostean, AEBak bidea libre uzten ari zaizkio Turkiari hark inguru hori bereganatzeko. Irailaren hasieran, AEBak eta Turkia muga patruilatzen hasi ziren, segurtasunaren aitzakian. "Ezin dugu onartu erakunde terroristek gure herrialdeari egindako mehatxua", adierazi du gaur Erdoganek bidaia ofizial batean, Serbiara bidaiatu aurretik. Aurrekoa astean, baina, NBEren Batzar Nagusian mintzatu zen Walid Al-Mualem Siriako Atzerri ministroa, eta AEBei eta Turkiari eskatu zien biek atera ditzatela tropak herrialdetik. "Uko egiten badiote, nazioarteko legea aintzat hartuta erantzun dezakegu".

Siriako gerra 2011ko martxoan hasi zen, Baxar al-Assaden aurkako altxamendu batekin. Hainbat fakzio izan dira borrokan urte hauetan guztietan, eta nazioarteko potentziek ere hartu dute parte. Ez dute lortu, ordea, Al-Assad boteretik kentzea. 2013ko udaberrian, Estatu Islamikoak, Kurdistanen Irakek eta Siriak duten muga zeharkatu, eta eremu handi bat bereganatu zuen. Aurtengo martxoan, baina, Siriako Indar Demokratikoek EI garaitu zuten Baghuzen, kalifa herriaren azken gotorlekuan, eta AEBek erretiratzea erabaki zuten, orain arte EIren aurkako gerran aliatu izan dituen kurduak abandonatuz.

Bake prozesua, kolokan

Estatu Islamikoa garaitu arren, asko dago egiteko oraindik Sirian, eta ezin esan daiteke bakea gertu dagoenik. Milaka lagun hiltzea eta zauritzeaz gain, gerrak milioika lagun behartu ditu errefuxiatu izatera sei urte eta erdi hauetan. Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak New Yorkeko NBEren bileran iragarri zuenez, Siriako Gobernuak eta oposizioak batzorde konstituzional bat sortzea adostea onartu dute. Batzorde hori osatzeko eztabaidaren ondorioz zegoen, hain zuzen, bake prozesua aurrera egin ezinik. 150 pertsonak osatuko dute taldea —gobernuko kideek, oposiziokoek eta independenteek—, eta Genevan bilduko da "laster". Orain, ikusteko dago Turkiaren erasoak nola eragingo dion bake prozesuari.

Joan den astean, Siriako Kontseilu Demokratikoak (SDC) salatu zuen Turkiak betoa ezarri diela Siriako Batzorde Konstituzionalean parte hartzeari eta, hortaz, Siriako kurduek ezingo dutela batzorde horretan parte hartu. Bassam Ishal SDCren buruzagiaren arabera, Ankara eskubideak "lapurtzen" ari zaizkie kurduei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.