Alardea

Hondarribiko Udalak "errespetuz" hartu du aldarri parekidea babestu duten gazteen adierazpena

Jaizkibelentzat, "aurrerapauso" bat da auzia konpontzeko, eta azpimarratu du gazteen ekimenak konpainia parekideak egindako bidea "berresten" duela.

arantxa iraola
2019ko urriaren 8a
20:44
Entzun

Mezu arrunt argia eman dute alarde ez-parekidearen inguruko Hondarribiko hainbat gaztek, gatazkaren inguruko tentsioa urritzearekin konformatzen ez dena, eta jaiaren parekidetasuna bermatzera egin nahi duena. Andreek horretarako duten «eskubide osoa» gogora ekarri dute. Igandean bat egin zuten agiria aurkezteko, eta atzo eman zuten horren berri. Gaur, balorazioen eguna izan da. Emakunde eta EAEko Arartekoa aldarri parekidearen hauspo izan dira hasiera-hasieratik, eta ontzat hartu dute biek gazteen mezua.

«Gure balorazioa oso positiboa da. Bereziki itxaropentsua gazteengandik datorrelako», adierazi du Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak. «Beti defendatu dugu elkarrizketa dela bidea, eta gazte hauek ere elkarrizketarako deia egiten dute; beraz, espero dugu atzera egin ezin duen pauso bat izatea, eta Hondarribiak behingoz bere egun handia ospatu ahal izatea emakumeen parte hartzea bermatuz». Antzera solastatu da Manu Lezertua arartekoa. «Erakunde honi oso ona iruditu zaio berri hori, argi eta garbi erakusten baitu gizartea aurrera doala», azaldu du. «Emakumeen eta gizonen erabateko berdintasuna ukatu ezin den  baldintza da», gogora ekarri du. Gaia hizpide hartu zuen atzo Eusko Jaurlaritzako eledun Josu Erkorekak ere: baikor. «Proposamen onargarria da, eta aparteko garrantzia du jende gazteak egina izateak».

Aldiz, aurreko horiekin alderatuta, zuhurra izan da Hondarribiko Udalaren erantzuna: lehorra. Gaur arratsaldean zabaldu du komunikatu bat albistearen harira. «Hondarribiko Udalak errespetu osoz hartu du herriko hainbat gaztek sinatu duten adierazpena eta sortu duten plataforma», adierazi du. «Horrekin batera, argi utzi nahi du urte osoan zehar bizikidetza hobetzeko lanetan jardungo duela, hori baita bere helburu nagusiena». Bizikidetza aipatu du, beraz;  alardea ikusteko bi era daudela eta biak onartu behar direla dioen ikuskerari atxikita mintzatu da guztiz: parekidetasuna, emakumeek jaian parte hartzeko duten eskubidea, aipatu ere ez du egin.

 Ez da deus berria. Keinuetan eta ekintzetan ere beti egon da hor Hondarribiko Udala; inoiz ez du urratsik egin aldarri parekidearen alde, eta, aldiz, oparoa izan da beti desfile baztertzaileari atxikimendua erakusteko keinuetan. Areago, emakumeen parte hartzearen alde dihardutenen kontra egin diren jazarpen eta itsuskerien aurrean ere isilik egon da. Aurten alardea egin aurreko egunetan Hondarribiko alkate Txomin Sagarzazuk egin zuen proposamenak ere argi utzi zuen jarrera hori; izan ere, desfileen ordutegietan aldaketak egitea proposatu zuen. Helburu nagusia zen alarde baztertzailea ikusteko zain egoten direnen aurretik Jaizkibel konpainia —parekidea, hain justu— ez igarotzea, eta, era horretan, «tentsioa» baretzea. Hautu baztertzailearen aldekoen aspaldiko eskakizuna da hori, eta Jaizkibelek ez zuen aintzat hartu ere egin. Gainera, erakutsi zuen betiko ordutegian ere, ederki asko desfila dezakeela; inoiz baino babes keinu gehiago jaso zituen , eta inoiz baino partaide gehiago erakarri zituen: ia mila.

Jaizkibel, "pozik"

Jaizkibel konpainiak adierazi du "pozten" dela "guztion alardearen bidean" eman den "aurrerapausoarekin". "Aspalditik antzematen genuen eta mahai gainean jarri izan dugu Hondarribiko herrian emakumeak alardean parte hartzeko eskubidearen inguruko iritziaren eboluzio bat egon dela. Jaizkibel Konpainia bera geroz eta handiagoa izateaz gain, kaleko babes eta begiradek erakutsi digutelako hala dela. Eta ekimen honek berretsi egin du".

Konpainia parekideko kideek adierazi dute dinamika horren bultzatzaileekin biltzeko prest daudela, eta berretsi dute elkarrizketa "ireki eta anitzak" sustatzeko borondatea, herritar guztien artean auziari konponbidea emateko. "[Alardea] Denona delako, eta ez elkarte konkretu batzuena. Horretarako Alardeak publikoa, parekidea eta bakarra izan behar du. Herri bat, Alarde bakarra".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.