11/13 sumarioa

Madrilek baieztatu du Enparantza eta Zulueta martxoan aterako direla espetxetik

11/13 sumarioko epaiketako akordioaren ondoren, 47 auzipetuetatik bi horiek baino ez zituzten sartu kartzelan. Bost hilabete egingo dituzte giltzapean.

Arantza Zulueta eta Jon Enparantza, joan den irailaren 30ean, Zaballako espetxean sartu aurretik.
enekoitz esnaola
2019ko urriaren 22a
17:19
Entzun

Arantza Zulueta eta Jon Enparantza abokatuek, 11/13 sumarioko epaiaren ondoren kartzelan sartu berri baitituzte, gehienez bost hilabete eta bost egun egingo dituzte preso, Efe berri agentziak Espainiako Espetxeetako Instituzioetako idazkaritza nagusiko iturriak aipatuz zabaldu duenez. Irailaren 16an hasi eta bukatu zen auziko 47 lagunen aurkako epaiketa, eta, parteen arteko akordio bat dela bide, Zuluetari eta Enparantzari bi urtetik gorako espetxe zigorra ezarri zieten.

Zaballako (Gasteiz) kartzelan irailaren 30ean sartu ziren, eta datorren urteko martxo hasieran aterako dira aske. Espetxeko Tratamendu Batzordearen proposamenez, bigarren graduan ezarri dituzte.

Zuluetari hiru urte, sei hilabeteko eta hamazazpi eguneko kartzela zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak; Enparantzari, berriz, bi urte, zazpi hilabete eta hiru egunekoa. Biak lehendik egonak ziren preso, behin-behineko egoeran: Zulueta hiru urte eta hilabete batez, eta Enparantza bi urte eta bi hilabetez.

11/13 sumarioko auzipetuen abokatuek eta fiskaltzak egin zuten akordioa, eta horra batu ziren AVT eta Dignidad y Justicia akusazioak.

Euskal presoen eskubideen alde aritutako abokatu eta elkarte batzuen aurkako epaiketa izan zen. 45 auzipeturi "erakunde terrorista batean parte hartu izana" egotzi zien epaiak, eta urte eta erdi eta bi urtera arteko espetxe zigorra jarri zieten. Enparantzari eta Zuluetari "erakunde terrorista bateko kide izatea" leporatu zien sententziak.

Beñat Zarrabeitia auzipetuak BERRIAn esan zuen "herri ekarpen modura ulertu" zutela akordioa, "ez justizia terminoetan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.