altsasuko auzia

Oihu bera jendetzaren ahotan: "Altsasukoak askatu"

Milaka lagun batu dira Nafarroako Auzitegi Nagusiaren aurrean, zigortutako gazteak aske utz ditzatela eskatzeko. Antolatzaileen arabera, 50.000 lagunetik gora batu dira mobilizazioan.

jon olano
2019ko urriaren 26a
21:25
Entzun

Espainiako Auzitegi Gorenak urriaren 9an eman zuen Altsasuko gazteen aurkako zigor epaia, eta, horren arabera, hiru urte eta erdi eta bederatzi urte eta erdi arteko zigorrak ezarri zizkien preso dauden zazpi gazteei.

Gaur, Duintasunaren Martxa izenekoa abiatu da Nafarroako herri horretatik goizean, eta Iruñera heldu da arratsaldean. Han, milaka lagunek harrera egin diote Nafarroako Auzitegi Nagusiaren atarian, han deituta baitzegoen elkarretaratze bat, sententziaren aurka protesta egiteko.

Izan ere, nabarmendu dute auzitegi horrek behar zuela auzia epaitzeko lekua, eta ez Espainiako Auzitegi Nazionalak. Bertan, "justizia eta proportzionaltasuna" eskatu dute. Antolatzaileen arabera, 52.000 bat pertsona batu dira mobilizazioan; Espainiako Gobernuko ordezkaritzaren arabera, 7.500 inguru izan dira.

Antoniutti parkean, aho batez oihukatu dute, besteak beste, Altsasuko auzian eginikoa ez dela "justizia" izan: "Esan genuen injustizia itzela zela, eta hala esaten jarraitzen dugu. Ez gara nekatuko gauza bera oihukatzeaz: Altsasukoak aske", esan dute Aritz Leoz eta Idoia Goikoetxea bozeramaileek.

Altsasuko Gurasoek eta Altsasukoak Aske plataformak deitu dute elkarretaratzera, eta hainbat indar politikok egin dute bat deialdiarekin: esaterako, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak. Baita sindikatu eta eragile sozial ugarik ere.

Altsasukoak Aske plataformaren arabera, Auzitegi Gorenaren epaia "hiru urteko ibilbidea duen azpijoko baten azken atala" da: "Justizia eskatu dugu, eta injustizia jaso; gezurrak entzun ditugu, eta egiak oihukatu". Eskerrak eman dizkiete mobilizazioekin bat egin duten herritarrei, eta "besarkada berezia" bidali diote "Kataluniako herriari, bide honetan lagundu gaituztelako eta beren azaletan nozitzen ari direlako injustizia eta gezur berdinak".

Gurasoen arabera, sententziak "betiko" jarri du mugarri bat gazte presoen bizitzan, baina erantsi dute "arrazoi asko" daudela "borrokatzen jarraitzeko": "Demokrazia eta justizia behar dugu, eta, ez daukagun bitartean, kalean eta beharrezkoa den lekuan jarraituko dugu".

2016ko urriaren 15ean Altsasuko Koxka tabernan bi guardia zibilekin eta haien bikotekideekin izandako liskar baten ondorioz zigortu zituzten gazteak. Auzia terrorismo delitutzat jo zitekeelakoan, Espainiako Auzitegi Nazionalak hartu zuen auzia bere gain, eta bederatzi eta hamahiru urte bitarteko zigorrak ezarri zizkien, terrorismo deliturik egon ez zela ebatzi arren. Joan den irailaren 18an egin zituen auzi saioa Espainiako Auzitegi Gorenean, helegiteak aztertzeko, eta, zigor urteak murriztu arren, zazpi gazteek espetxean jarraitzeko adinako zigorrak ezarri zituen.

Auzitegi Goreneko magistratuen ustez, badira biktimei eragindako "lesio fisiko eta psikologikoen froga nahikoak", akusatuak segurtasun indarren aurkako delituengatik, lesioengatik eta desordena publiko eta mehatxu delituengatik zigortzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.