KRISIA EA-N

EAko kritikoek salatu dute Blancok sinadurak bilduz ordezkatu nahi duela primarioen bozketa

Iratxe Lopez Aberasturik adierazi du idazkari nagusigaiak "zuritu" egin nahi duela kargura heltzeko bidea.

EAko sektore kritikoaren agerraldia, gaur zortzi. Hizketan, Ester Larrañaga. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
jon olano
2019ko urriaren 26a
19:58
Entzun

Eusko Alkartasunak astelehen goizean izendatuko du Eba Blanco idazkari nagusi, alderdiko Hauteskunde Antolaketa Batzordeak hura izendatu eta gero hauteskunde primarioetako hautagai bakar. Atzo ziren egitekoak bozketa, baina, batzordeak Maiorga Ramirezen eta Juan Luis Cristobalen hautagaitzak prozesutik kanpo utzi eta gero, Blanco aukeratuko dute idazkari nagusi.

Iratxe Lopez Aberasturi Arabako koordinatzaileak, ordea, salatu du Blancok "zuritu" egin nahi duela idazkaritza nagusira heltzeko bidea: "Bozketarako eskubidea ordezkatu nahi du bere aldeko sinadurak bilduta". Horrela, idazkaritza nagusira "atzeko atetik" sartu nahi izatea egotzi dio.

EAko zenbait kidek Ramirezen hautagaitzari jakinarazi diotenez, Blancok afiliatuen datu baserako sarbidea baliatu du bere aldeko sinadurak biltzeko: "Afiliatuen sinadurak erakutsi nahi dituzte Maiorga Ramirezen hautagaitza bertan behera uzteak eragiten duen irudi txar publikoa samurtzeko". Gogorarazi dute Ramirezek 400 abal baino gehiago eskuratu zituela bi egunetan; Blancok, 60 bat.

Lopez Aberasturik esan duenez, "ezein sinadura erakustaldik ezingo du inoiz bozketa eta afiliazio librea ordezkatu". Hortaz, "erabat larritzat" jo du datu baserako sarbidea erabili izana, datu base hori "ukatu" egin dietelako beste kide batzuei, "barne organoen ebazpenek kontrakoa esan badute ere".

Atzo, sektore kritikoak "bozketa sinbolikoak" antolatu zituen. Helburua: "Alderdikideek, alderdiaren barruan, beraien erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.