Euskal presoak

Atzeratu egin dute Ibon Fernandez Iradiren askatasun eskaeraren gaineko erabakia, azaroaren 12ra arte

Esklerosi anizkoitza du, eta zigorra espetxetik kanpo betetzea eskatu zuen defentsak. Elkarretaratzea eginen dute 18:30ean Baionako herriko etxe aitzinean.

Ibon Fernandez Iradiren aldeko manifestazio bat, Baionan. Artxiboko irudia.
Ibon Fernandez Iradiren aldeko manifestazio bat, Baionan. Artxiboko irudia. Bob Edme

Ekhi Erremundegi Beloki -

2019ko urriak 30

Ibon Fernandez Iradi euskal presoaren askatasun eskaeraren gaineko erabakia eman behar zuen gaur Zigorrak Ezartzeko Frantziako Auzitegiak. Baina erabakia atzeratu egin du. Bakegileek jakinarazi dutenez, azaroaren 12 arte atzeratu dute askatasun eskaria onartzen duen ala ez argitzeko data.

Bakegileek salatu egin dute "Ibonek eta bere familiak pairatzen duten deliberoaren luzatzea", eta elkarretaratzera deitu dute, 18:30ean, Baionako herriko etxean.

Maritxu Paulus Basurco abokatuak ez du erabakia gibelatzeari buruz komentario gehiegi egin nahi izan. "Epaileak hamar eguneko epea hartu du. Momentuz ez dugu inolako ondoriorik aterako. Erabakia bera itxoingo dugu", adierazi du iluntzean. Hala ere, egiteko modua zalantzan ezarri zuen abokatuak: "urri osoa eman dugu erabakia itxoiten". Luzapen horrek Fernandez Iradi eta bere familiarentzat "ondorio humanoak" dituela nabarmendu du. Halaber, prozedurak euskal presoarengan sortzen duen "arrangura" ere aipatu du. "Bere osasuna dela eta bizi duen urgentzia ez da justizian partekartua".

Irailaren 25ean aztertu zuten Fernandez Iradiren askatasun eskaera Zigorrak Ezartzeko Frantziako Auzitegian. Lannemezango (Okzitania) espetxean dago, eta esklerosi anizkoitza du. Aurretik egin du Fernandez Iradik espetxetik irteteko eskaera, baina ukatu egin diote aukera hori. 2012an diagnostikatu zioten esklerosi anizkoitza. Hamasei urte daramatza espetxean.

Muinean, Fernandez Iradiren gaixotasuna espetxearekin bateragarria ote den izan zen eztabaida nagusia auzi saioan. Paulus Basurcok oroitarazi zuen esklerosi anizkoitzak hainbat "eginbehar" eskatzen dituela (tratamendu jarraitua, sendagaiak, bestelako terapiak...), eta kartzelak ez daudela prest hori bermatzeko.

Bide luzea epaitegietan

2014an hasi zuen Fernandez Iradik bide judiziala, frogatzeko espetxea eta gaixotasuna ez direla bateragarriak. Lehen aldian, Kouchner legean oinarritu zen: preso baten osasuna kontuan hartuta, epaileak zigorra eten dezake. Bi medikuk esan zuten Fernandez Iradik espetxetik irten behar zuela, baina prokuradorea aurka agertu zen. Parisko Dei Auzitegiak hirugarren txostena eskatu, eta 2015eko maiatzean ezezkoa eman zuen. Parisko Kasazio Auzitegiak atzera bota zuen. 2016an, prokuradoreak presondegian atxikitzeko eskatu zuen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna