Beste hilabeteko greba bat hasiko dute Gipuzkoako zahar etxeetan

Urte eta erdian egindako 118 greba egunei 31 gehitzeko deia egin du ELAk: azaroaren 11n hasiko da. Sindikatuak aldundiaren jarrera salatu du.

Zahar etxeetako langileak, protestan. JAGOBA MANTEROLA (FOKU)
jokin sagarzazu
2019ko urriaren 31
17:17
Entzun

Gipuzkoako zahar etxeetako langileek urte eta erdi inguru daramate lan itunaren aldeko mobilizazioetan. ELA sindikatuak deituta, hilabete bateko greba egingo dute berriz: azaroaren 11tik abenduaren 11ra. Iazko irailean abiatu zituzten lanuzteak; ordutik 118 egun egin dituzte.

Salatu dute prozesu osoan zehar Gipuzkoako Foru Aldundiak ez duela erantzukizunik hartu nahi izan. "Zoritxarrez beste prozesu luze eta gogor batzuetatik ez dute ikasi: Bizkaiko langileek 379 greba egun egin zituzten".

Gipuzkoan, 5.000 lagun inguru ari dira sektorean, eta ia denak emakumezkoak dira. Behin baino gehiagotan nabarmendu dute langileen baldintzak kaskarragoak direla alorrean, gizonak nagusi diren antzeko sektoreekin alderatuta. Sindikatuak nabarmendu du langileen lan baldintzak hobetzeak zuzeneko lotura duela zerbitzuaren kalitatearekin. Zahar etxeen erabiltzaileen senideak ere ari dira protestan.

Horrekin batera, ELAk behin eta berriz salatu du aldundiak auzian duen jarrera; herrialdean eskaintzen diren lekuen %90 itunpekoak direla dio, eta, ondorioz, instituzioak baduela ardura langileen egoeraren inguruan.

ELA eta LAB banatuta ari dira protestetara deitzen. ELAk du langileen ordezkaritzarik handiena: %60; LABek, %20. Patronalak eta sindikatuek ez dute aurrerapausorik eman negoziazio mahaian, eta bi urte baino gehiago igaro dira. ELAk, gainera, ez du bileretan parte hartzen.

Sindikatuak eginak ditu, hala ere, akordiorako hainbat urrats mahaitik kanpo, zuzenean patronalekin. Salatu du, baina, aldundiak eragotzi duela itun hori. Sindikatuak salatu du berari dagokion finantzaketaren zatia ez duela bere gain hartu nahi. "Negoziazio mahaiak ez du gehiagorako ematen, eta den-denok dakigu akordioaren finantzazioa aldunditik etorri behar dela. Beraz, itzulinguru dialektikoetan denbora gehiago ez galtzeko eta gatazka konpontzeari jo eta ke ekiteko eskatzen diogu".

"Adostasunerako borondatea" agertu du ELAk, baina aldundiaren partetik jarrera aldaketarik ez badago, mobilizatzen jarraituko duela azpimarratu du. Beste sektore batzuetan eginikoak gogoratu ditu: Gipuzkoako epaitegietako eta komisarietako garbitzaileen kasua eta Donostiako Tabakalerako Ubik liburutegiko bitartekariena, esaterako. "Hilabetetako greba egin ostean, beren helburuak eskuratu dituzte".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.