hauteskunde kanpaina

Pedro Sanchezek esan du ez duela PPrekin gobernatuko

Goizean, Gasteizen izan da PSOEko burua, eta arratsaldean, Iruñean. PPko zerrendaburu Pablo Casado ere Gasteizen izan da.

Pedo Sanchz, hautagai sozilaistak atzean dituela, Gasteizen
Pedo Sanchz, hautagai sozilaistak atzean dituela, Gasteizen Juanan Ruiz / EFE

Irati Urdalleta Lete -

2019ko azaroak 1

Zazpi egun soilik iraungo dituen Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpaina hasi da. Pedro Sanchez sozialisten buruak Euskal Herria aukeratu du lehen egunerako. Goizean, Gasteizen izan da Idoia Mendiarekin, Isabel Zelaarekin, Odon Elorzarekin eta Patxi Lopezekin batera. Arratsaldean, berriz, Iruñera jo du.

Arabako hiriburuan ziurtatu duenez, ez du PPrekin gobernatuko. Gaineratu du PPren ametsa dela “ezkertiarrek ez bozkatzea”, hori delako “beraien esperantza bakarra Ciudadanosekin edo eskuin muturrarekin gobernatzeko". “Guk esan nahi diegu botoa PSOEri emango diogula, gobernu aurrerakoia eduki nahi dugulako”, nabarmendu du. Pablo Iglesiasi ere zuzendu zaio: “Jarraituko al duzu blokeatzen alderdi sozialista buru duela posible den gobernu aurrerakoi bakarra?”, galdetu dio. Gaineratu du, dagoeneko lau aldiz “blokeatu” duela Podemosek “gobernu aurrerakoia” edukitzea. Espainiako arazo politiko garrantzitsuena iruditzen zaio hori: “Blokeotik botoa emanez ateratzen da, PSOEri botoa emanez”.

Casado ere Gasteizen

Pablo Casado PPko zerrendaburua ere Gasteizen izan da, Alfonso Alonso, Bea Fanjul, Mari Carmen Okariz eta Iñigo Arkauz alderdikideekin batera. Nabarmendu duenez ez da "kasualitatea izan" kanpaina hasteko Euskal Herria aukeratzea. "Espainiako gobernuak askatasuna eskatu behar du, eta zuek bizia arriskuan jarri duzue horretarako", esan die Gasteizen bildutakoei. "Lortu behar duguna da Sanchez ez egotea Bilduren menpe gobernua osatzeko", gaineratu du. Pedro Sanchezek azaroaren 10erako “erreferendum” bat antolatu duela ere esan du. Gainera, Espainiarentzako "alternatiba posible bakarra" PP dela ziurtatu du. "Torrak, Junquerasek eta Otegik Espainia gobernatzea nahi ez duenak PPri soilik eman diezaioke botoa".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna