Zazpi egun soilik iraungo dituen Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpaina hasi da. Pedro Sanchez sozialisten buruak Euskal Herria aukeratu du lehen egunerako. Goizean, Gasteizen izan da Idoia Mendiarekin, Isabel Zelaarekin, Odon Elorzarekin eta Patxi Lopezekin batera. Arratsaldean, berriz, Iruñera jo du.
Arabako hiriburuan ziurtatu duenez, ez du PPrekin gobernatuko. Gaineratu du PPren ametsa dela “ezkertiarrek ez bozkatzea”, hori delako “beraien esperantza bakarra Ciudadanosekin edo eskuin muturrarekin gobernatzeko". “Guk esan nahi diegu botoa PSOEri emango diogula, gobernu aurrerakoia eduki nahi dugulako”, nabarmendu du. Pablo Iglesiasi ere zuzendu zaio: “Jarraituko al duzu blokeatzen alderdi sozialista buru duela posible den gobernu aurrerakoi bakarra?”, galdetu dio. Gaineratu du, dagoeneko lau aldiz “blokeatu” duela Podemosek “gobernu aurrerakoia” edukitzea. Espainiako arazo politiko garrantzitsuena iruditzen zaio hori: “Blokeotik botoa emanez ateratzen da, PSOEri botoa emanez”.
Casado ere Gasteizen
Pablo Casado PPko zerrendaburua ere Gasteizen izan da, Alfonso Alonso, Bea Fanjul, Mari Carmen Okariz eta Iñigo Arkauz alderdikideekin batera. Nabarmendu duenez ez da "kasualitatea izan" kanpaina hasteko Euskal Herria aukeratzea. "Espainiako gobernuak askatasuna eskatu behar du, eta zuek bizia arriskuan jarri duzue horretarako", esan die Gasteizen bildutakoei. "Lortu behar duguna da Sanchez ez egotea Bilduren menpe gobernua osatzeko", gaineratu du. Pedro Sanchezek azaroaren 10erako “erreferendum” bat antolatu duela ere esan du. Gainera, Espainiarentzako "alternatiba posible bakarra" PP dela ziurtatu du. "Torrak, Junquerasek eta Otegik Espainia gobernatzea nahi ez duenak PPri soilik eman diezaioke botoa".