Brasil

Askatu dute Lula

Brasilgo presidente ohia kartzelatik atera da; Auzitegi Gorenak ebatzi du helegiteen prozesu osoa bukatu arte ez direla kartzelatu behar zigortuak. Ezkerra «kriminalizatzeko» ahalegina salatu du atera orduko.

Lula kartzelatik atera den momentua; jendetzak itxaron dio kanpoan.
Lula kartzelatik atera den momentua; jendetzak itxaron dio kanpoan. Hedeson Alves / Efe

Mikel Rodriguez -

2019ko azaroak 9

Astindu handia jaso du Brasilgo egoera politikoak, Auzitegi Gorenak ostegunean hartutako erabakiaren ondorioz, eta ilusioa berpiztu dio ezkerrari. Ostiral arrats honetan, Curitibako auzitegi federaleko epaile batek agindu du aske uzteko Luiz Inacio da Silva Lula presidente ohia, eta handik ordu batzuetara aske atera da kalera. Auzitegi Gorenak ezarritako jurisprudentzia berriak bete-betean eragin dio presidente ohiari; helegiteen prozesu guztia bukatu arte akusatuek ez dutela kartzelan egon behar ebatzi du Gorenak. Urte eta erdiz eduki dute Lula preso, 580 egunez. Espetxearen atarian jendetza elkartu da Lularen zain. «Estatuak, Polizia Federalak eta Ministerio Publikoak» alde «ustel» bat dutela, eta horren aurka borrokan aritu dela nabarmendu du haien aurrean, hunkituta, eta ezkerra «kriminalizatzeko» ahaleginak salatu ditu.

Askatu baino ordu batzuk lehenago, Jair Bolsonaro presidenteak Polizia Federalaren formakuntza ikasturtearen ekitaldi batean parte hartu du, eta kazetariek Lula aske gelditzeko aukeraz galdetu diotenean, atzamar lodiak altxatu dizkie eta autoan alde egin du. Lehia politiko gogorra hasi da Brasilen, Lula libre egotea aktibo politiko garrantzitsua izanen baita Bolsonaroren oposizioarentzat.

Auzitegi Gorenak bertan behera utzi du 2016an ezarritako jurisprudentzia. Horren arabera, auzipetuak lehenbiziko apelazioa galdu ondoren hasi behar zuen espetxe zigorra betetzen, bigarren instantzian. Lula bigarren instantzian zigortuta espetxeratu zuten iazko apirilean, hamabi urterako. Lularen defentsak, ordea, argudiatu zuen helegite guztiak agortu arte bigarren instantzian zigortutakoak ez lituzketela espetxean eduki behar, oinarrizko eskubideak urratzen zaizkielakoan.

Auzitegi Gorenak arrazoia eman dio, erabaki baitu ez dutela kartzelan sartu behar baldin eta «gizartearentzat arriskutsuak» ez badira. Erabaki horren ondorioz, Lula ez ezik, bertze 4.800 preso inguru daude askatasuna eskatzeko moduan, bigarren instantzian zigortu zituztenak. Horietako 38 dira Lava Jato auziarengatik zigortuta daudenak, Lularen prozesu berekoak. Brasilek 800.000 preso inguru ditu guztira.

Lula 2003-2011 artean izan zen presidente, eta gertakari historiko bat izan zen hori Brasilen, lehenbiziko aldiz PT Langileen Alderdiak irabazi baitzituen hauteskundeak, eta buruzagi sindikal izandako militante ezagun bat bihurtu baitzen estatuburu. Sergio Moro epaileak Petrobras enpresa publikoari lotutako ustelkeria sarearen parte izatea leporatu zion Lulari, Lava Jato operazioan, eta presidente ohiari horregatik jarri zioten hamabi urteko espetxe zigorra, ustelkeria eta diru garbiketa egotzita.

Konspirazio salaketa

Brasilgo ia alderdi nagusi guztietako kideak daude nahasita Lava Jato-n, bai zigortuta, bai ikerketapean. Herrialdearen historiako ustelkeria ikerketa nagusia da. Horien artean daude, errate baterako, PTren eta Lularen bi etsai, PDMB Brasilgo Mugimendu Demokratikoaren Alderdiko kideak biak: Eduardo Cunha Diputatuen Ganberako presidente ohia (2015-2016), eta Michel Temer herrialdeko presidente ohia (2016-2018). Espetxean dituzte biak; Cunhari hamabortz urteko zigorra ezarri zioten iaz, eta Temer baldintzapean aske dago, ustelkeriagatik dozena inguru auzitan prozesatuta.

PTren eta ezkerreko sektore zabal baten ustez, ordea, Lularen aurkako akusazioak konspirazio bat dira ezkerrak berriz ere boterea har ez dezan. 2013an hasi zuen Moro epaileak Lularen aurkako ikerketa, eta Brasilgo egoera politikoak aldaketa nabarmenak jasan ditu ordutik. Lularen alderdia zegoen orduan boterean, Dilma Rousseff presidente zela, Lulak gainditua baitzuen agintaldiei ezartzen zaien muga. 2016an, ordea, Senatuak kargugabetu egin zuen Rousseff, lege fiskalak urratzea eta Kongresuari erabakien berriek gordetzea leporatuta.

Kongresuak Temer izendatu zuen haren ordezko, 2018ko hauteskundeetara arte agintzeko. Hor gertatu zen PTk eta ezkerrak salatzen duten konspirazioaren bigarren zatia, PTk iragarri baitzuen Lula izanen zela hautagaia. Bozen aitzineko hilabeteetan argitaratu zituzten inkesta guztien emaitza izan zen presidente ohiak aise irabaziko zuela, baina auzitegiek debekatu egin zioten aurkeztea, espetxean zegoelako.

Ezusteko bertze protagonista bat agertu zen panorama horretan: Bolsonaro ultraeskuindarra. Aise irabazi zituen bozak, eta, Brasilgo egoera politikoa ez ezik, Latinoamerika osokoa ere irauli zuen. Irabazi eta gutxira, gainera, jakinarazi zuen Moro izendatuko zuela Justizia ministro; hain zuzen, Lula kartzelara bidali zuen epailea.

Bolsonaro, Mororekin

Mororentzat kolpe pertsonala izan da Auzitegi Gorenaren erabakia. Gaur Bolsonarok eta biek Polizia Federalaren ekitaldian parte hartu dute, eta ez dute adierazpenik egin. Baina adierazgarriak izan dira zeremoniako hitzaldian Bolsonarok Morori buruz erran dituenak: «Bere eginkizuna egoki bete ez balu, ni ere ez nintzatekeen hemen egonen. Brasilgo politikaren oraingo egoera Sergio Morori zor diogu hein batean. Kate batekin konparatzen badugu, agian, kate horretako katebegirik azkarrena da». Aurten, ekainean, zenbait hedabidek argitaratu zuten Morok fiskaltzarekin hitz egin zuela behin baino gehiagotan, Lula kartzelatzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna