ERREAKZIOAK

Bel Pozueta: "Konpromisoa hartu genuen, eta beteko dugu; hemen egongo gara, Nafarroaren alde"

Hego Euskal Herriko alderdi politikoak datu ofizialen zain egon dira lehen agerraldiak egiteko. EH Bildu eta EAJ pozik agertu dira emaitzekin; lehenak, ordezkari bat gehiago irabazi du; bigarrenak, berriz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan boto gehien eskuratu ditu.

Hego Euskal Herrian, 2.300.000 herritar inguru zeuden deituta bozkatzera. ARITZ LOIOLA / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2019ko azaroaren 11
01:05
Entzun

EAJ. Andoni Ortuzarrek hauteskundeetan izandako emaitzen gorakada izan du gogoan, eta nabarmendu du ez dietela hutsik egingo herritarren konfiantzari. "Orain, ordezkari politikoak egon behar gara egoerei erantzuten", ohartarazi du Ortuzarrek; eta, berretsi du horretarako beharrezkoa dela elkarrizketa gehiago egitea. Horrez gain, eskuin muturraren gorakadarekin ere "arduratuta" daudela esan du, eta elkarlana aipatu du: “Alderdi politiko demokratikoekin, Voxek apurtu nahi duen demokrazia sistema eraikitzeko dei egiten dugu.

EH Bildu. Bel Pozueta EH Bilduko Nafarroako hautagaiak egin ditu lehen adierazpenak, Espainiako Kongresurako eserlekua lortu duela jakin berritan. Pozuetak "konpromisoa" izan du gogoan, eta Nafarroaren alde lan egingo dutela nabarmendu du: "Konpromisoa hartu genuen, eta beteko dugu; EH Bilduk beti betetzen du konpromisoa. Nafarroako eragileekin, pertsona ezberdinekin egongo gara; elkarrekin banatuko ditugu gure arteko nahiak. Hemen egongo gara, Nafarroaren alde".

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak Donostian egin du agerraldia. Herriz herri lanean aritu diren guztiei eskaini die garaipena, eta eskerrak eman dizkie "babesa" eskaini dieten guztiei. "Gu gara Hego Euskal Herriko herrialde guztietan ordezkaritza duen lehen indar abertzalea", azpimarratu du Otegik. Eta, gaineratu duenez, aurrez ezarritako bi erronkak bete dituzte: emaitzak hobetzea eta ordezkari kopurua igotzea. Izan ere, Araban, Iñaki Ruiz de Pinedo hautagaiaren eserlekuari eutsidiote; Nafarroan, berriz, Bel Pozuetak eskuratu du.

PSOE. Idoia Mendia PSE-EEko buruak adierazi du alderdi sozialistak hauteskundeak irabazi dituela, eta beraz, haiei dagokiela, "berriz ere", gobernu bat osatzea. "Herritarrek argi utzi dute Sanchezek jarraitu behar duela lehendakari izaten; Espainiak ezin du gehiago itxaron, gobernu progresista eta egonkor bat behar dugu", gaineratu du Mendiak.

Ildo beretik hitz egin du Sanchezek ere, Madrilen: “Hauteskundeak irabazi ditugu, eta gure asmoa ez da hauteskundeak irabazten jarraitzea, baizik eta gobernu egonkor bat osatzea”. Horretarako, dei egin die alderdi politikoei: “Espainiako egoera politikoa desblokeatu nahi dugu, erantzukizunez eta eskuzabaltasunez”.

Elkarrekin-Podemos. Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko kideak agerraldia egin du, Bilbon. Azaldu du "kezkatuta" daudela eskuin muturraren emaitzekin: "Albiste oso txarra da halako indarra edukitza Espainiako Kongresuan". EAJ ere zoriondu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan hauteskundeak irabazteagatik.

Pablo Iglesias Podemoseko hautagaiak dei egin dio Sanchezi koalizioa osatzeko, "eskuin muturrari aurre egiteko"; nabarmendu duenez, apirilean "aukera historikoa" zena egun "behar historikoa" bilakatu da.

Mas Pais. Txema Urkijo Bizkaiko Mas Paiseko hautagaiak eskuin muturraren gorakada izan du gogoan: "Eskuinak eskuin muturrerantz egin du, eta baita haren hazkundean eragin ere; uste dut albiste txarra dela, eta tentsioa eragingo du Espainiako Kongresuan".

Iñigo Errejonek ere egin du agerraldia, Madrilen. "Arduragabekeriaren" eta "blokeo politikoaren" aurka egiteko konpromisoa agertu du Mas Paiseko hautagaiak.

PP. Alfontso Alonsok eskerrak eman die babesa erakutsi dieten herritarrei, eta nabarmendu du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan botoak "berreskuratzen" ari direla. "PP da gehien hazi dena EAEn. 2016tik, ez ginen hazten. Joera aldatu da". Hala ere, gaineratu du ez dituztela lortu espero zituzten emaitzak.

Madrilen, Pablo Casadok esan du emaitzek erakutsi dutela PP "indartsu" dagoela. Teodoro Garcia PPko idazkari nagusiak, berriz, dei egin dio Pedro Sanchezi haren jarduna "albo batera utzi" eta "etxera itzultzeko".

Navarra Suma. Javier Esparza eta Sergio Sayas Navarra Sumako kideek egin dituzte adierazpenak. "Nafarroako interesak Madrilen defendatuko ditugu; izan ere, Nafarroako eta Espainiako interesak bat datoz", adierazi du Esparzak. Sayasek, berriz, bat egin du Esparzak esandakoarekin, eta gaineratu du interes horien defentsan jardungo dutela Navarra Sumako diputatuek eta senatariek.

Ciudadanos. "Aitzakiarik gabe, gaur emaitza txarra eduki dugu; lider politiko bezala, garaipenak ez ezik, emaitza txarrak ere onartu behar dira", esan du Albert Rivera Ciudadanoseko hautagaiak. Hori dela eta, jakinarazi duenez, bihar goizean batzorde exekutiboa egingo dute. "Guztiekin elkarbanatu behar dira emaitza txarrak, eta erabaki behar da egoera horien aurrean zer egin".

Jose Manuel Villegas Ciudadanoseko idazkari nagusiak lehenago egin ditu adierazpenak, Madrilen. Villegasek adierazi du ez dagoela Espainiako Gorteetarako hauteskundeetako datu ofizialik, eta nabarmendu du espero dutela inkesek diotena baino datu "hobeagoak" lortzea: "Ciudadanosentzako inkestetako datuak ez dira onak, baina espero dugu gauean zehar inkestek aurreikusitako emaitzak baino hobeagoak lortzea".

Vox. Santiago Abascalek Madrilen egin ditu adierazpenak, jendaurrean. "Hilabete hauetan ez dugu soilik Espainiako mapa politikoa nahastu: aldaketa politiko eta kulturala zabaltzea ere lortu dugu; ezkerrari esan diogu historia ez dela bukatu", adierazi du Abascalek.

Haren aurretik, Jorge Buxade Voxeko bozeramaileak egin ditu lehen adierazpenak. Buxadek adierazi du Voxek 50 diputatu lortuz gero "isilarazi duten Espainiaren" ahotsa izango direla, eta gaineratu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eramango dituztela konstituzioaren aurka egiten duten legeak.

ERC. Marta Vilalta ERCko bozeramaileak agerraldia egin du Bartzelonan, baita lehen adierazpenak egin ere. Parte hartze "apala" salatu du Vilaltak, eta gaineratu duenez, Sanchezek du horren errua: "Ez dio jendeari entzun, horregatik parte hartzean beherakada hori".

Junts per Catalunya. Miriam Nogueras eta Eduardo Pujol Junts per Catalunyako bozeramaileek ere adierazpenak egin dituzte, Bartzelonan. Bi kideek "zuhurtzia" eskatu dute, eta nabarmendu dutenez, "politika egiten hasi ezean", Espainiako partidu politikoek "blokeatuta" jarraituko dute. Eta gaineratu dute arazo politikoak ez direla "errepresioarekin eta kartzelarekin" konpontzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.