Katalunia

Jonquerako muga blokeatu dute, Tsunamiaren deiari erantzunez

AP-7 autobidean trafikoa eten dute manifestariek eta ehunka ibilgailuk, bi noranzkoetan. Ahal duen herritar oro Jonquerako mugara (Girona, Katalunia) joateko eskatu du Tsunami Demokratikoak. Hogei kilometrotik gorako auto ilarak eratu dira.

Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko azaroaren 11
17:48
Entzun

Hiru eguneko mobilizazio jarraitua iragarri zuen Tsunami Demokratikoak gaurtik asteazkenera bitartean, eta hasi dute protesta ekintza. Goizeko lehenengo orduan, Ipar eta Hego Katalunia arteko mugara joatera deitu du plataformak, AP-7 autobidea blokeatzeko. Berehala erantzun dute manifestariek, eta ehunka ibilgailu mugan pilatuta, trafikoa eten dute bi noranzkoetan. "Deialdia egin dugu aplikazioaren bidez, eta orain sare sozialen bidez zabalduko dugu. Iparraldeko Kataluniako kideen laguntzarekin, AP-7 autobideko trafikoa blokeatzea lortu dugu mugan, bi noranzkoetan. Hemendik aurrera, deialdi orokorra zabaltzen dugu mugara joateko, autoarekin ala gabe", adierazi du Tsunami Demokratikoak sare sozialen bidez zabaldu duen mezuan.

Autobidean bertan agertoki bat muntatu dute, eta asteazkenera arte han gelditzeko prestatu dira. Komunak jarri dituzte; janaria eta edaria eraman. Tsunamiak iragarri duenez, musikari ezagunen emanaldiak izango dira. 16:00etan, Lluis Llach hasi da jotzen autobideko agertokian. Goizean, mossoak errepidea blokeatu duten ibilgailuen matrikulak jasotzen aritu dira. Frantziako polizia ere bertaratu da, eta hainbat ibilgailu kendu ditu errepidetik, garabi batekin. Manifestariek eserialdi batekin erantzun dute.

Plataformak jakinarazi du jendea etengabe ari dela iristen Jonquerako mugara. Laguntza eskatu diete motor gidariei, autobideko protesta ekintzarekin bat egin nahi duten baina ibilgailurik ez duten manifestariak errepidea moztuta dagoen gunera arte garraiatu ditzaten.


Manifestariak AP-7 autobidearen mozketan, Jonquerako mugan, jaten eta edaten. ALEJANDRO GARCIA / EFE

Tsunami Demokratikoak azaldu duenez, mobilizazioaren bidez nazioarteko komunitateari zuzentzea dute helburu, Espainiari ulertarazi diezaion "autodeterminazioari buruz, oinarrizko eskubide eta askatasunei buruz eta presoei, erbesteratuei eta errepresaliatuei buruz hitz egitea dela bide bakarra".

Bestalde, gaineratu du gaurko mobilizazioa desobedientzia zibileko molde berri baten adibide dela. "Estatuak argi utzi du herritarrek euren eskubideak defendatzen gorputza jartzen badute Poliziaren indarkeriarekin erantzungo duela". Bartzelonako aireportua hartzeko ekintzan hala gertatu zela gogorarazi du. "Hori dela eta, gorputza ibilgailuarekin ordezkatzea proposatu dugu".

Plataformaren esanetan, ibilgailuen bidez eginiko protesten eredua "aztertzeko eredu" bat da, orain arte egin diren gisa horretako protestak inolako ondorio penal edo administratiborik gabe amaitu direla eta.

Tsunami Demokratikoak adierazi du gaurkoa hiru eguneko mobilizazioen hasiera dela, eta, plataformaren ekintza guztiak bezala, helburua lortutakoan bertan behera utziko dela. Esan dute orain arte egin dituzten ekintzen artean "anbizio handienetakoa" izango dela.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.