1978ko sanferminak

Martin Villa akusatuen aulkian esertzea helburu duen liburua

Sabino Cuadrak 1978ko sanferminetako gertaera lazgarrien inguruko liburu bat idatzi du, eta Txalapartaren argitalpen horren egile eskubideak osorik krimen frankisten eta Martin Villaren aurkako kereila finantzatzeko izango dira.

Amaia Kowasch historialaria, Sabino Cuadra liburuaren egilea eta Jon Jimenez Txalapartako editorea. J. S.
joxerra senar
2019ko azaroaren 12a
14:55
Entzun

Liburuak No os importe matar du izenburu, eta erreferentzia egiten dio 1978ko uztailaren 9an —German Rodriguezen hilketaren biharamunean— polizia armatu batek irrati bidez bota zuen aginduari: "Tiro egin indar guztiekin. Inor hil behar baduzue, hil". Uztailaren 8ko eta ondorengo egunetako jazarpen polizialak zalaparta handia eragin zuen Euskal Herri osoan, eta, egun haietan, Martin Villa orduko Barne ministroak honako hau esan zuen telebistako elkarrizketa batean: "Gureak oker egindakoak dira; besteak bai, krimenak dira". Cuadrak orduko polizi eta agintarien bi esaldiok lotu ditu, berrogei urteotan zabaldu den bertsio ofiziala eta moral bikoitza baliogabetzeko: "Inor hil behar baduzue, hil, gureak oker egindakoak direlako, eta besteenak bai, krimenak direlako".

Jon Jimenez Txalapartako editorearekin eta Amaia Kowasch 78ko Sanferminak Gogoan taldeko kide eta historialariarekin batera aurkeztu du liburua Cuadrak, eguerdian. Jimenezen aburuz, gertaerei buruzko kontakizunean "erreferentziazko liburu bat" izango da, eta egia, justizia eta erreparazioa lortzeko beharrari erantzun dio. Kowaschek, berriz, gogora ekarri du oso testuinguru politiko berezian gertatu zela, eta "erakundeetatik babestuko indarkeriak sakoneko erregimen frankistarekin ez haustea" zuela helburu. 78ko Sanferminak Gogoan taldeak ahanzturaren aurka egin du borroka urteotan, eta, haren hitzetan, liburu hori "lan tresna baliagarria" izango da.

"Aurrez pentsatua"

Lau zatitan banatua dago, eta, aurkezpenean, Cuadrak garrantzi berezia eman dio zergatiari. Erakundeetatik zabaldu den bertsio ofizialaren arabera, gertaerok polizien arteko akatsen eta gaizki-ulertuen ondorio izan ziren. Hipotesi horrek eragotzi egin zuen inork ardurak hartzea, eta auzitegietan ireki ziren sumarioak ezerezean amaitu ziren. Aitzitik, Cuadraren arabera, guztia "aurrez pentsatua" zegoen, eta garai hartan Nafarroako gizartea ordezkatzen zuten eragile gehienek (alderdi gehienak, sindikatuak, peñak eta bestelako elkarteak) ondorio horretara ailegatu ziren.

Cuadraren arabera, 1936ko gerraz geroztik Iruñeak eta ondorioz Nafarroak izandako "erasorik bortitzena" izan zen 1978ko sanferminetakoa, eta helburu politiko argi bat zuen. Frankistentzat, gerran "probintzia leial" izan zena "lurralde gatazkatsu" bilakatu zen diktaduraren azken urteetan eta trantsizioan. Grebak zirela edo konstituzioa negoziatzen ari zen garaietan lau euskal lurraldeen batasunaren aldarrikapena zela, indar frankistek ez zuten gogoko giro politiko hura guztia. Cuadraren hitzetan, mahaian kolpea jo, eta gizartearen aldarrikapenek muga bat zutela adierazi nahi izan zuten indarkeria erakustaldi harekin: "'Honaino iritsi gara' aditzera eman nahi izan zuten'".

Gertaeren kronika

Gertaeren inguruan, 1978ko abuztuan peñek antolatutako ikerketa batzordearen txostena izan du oinarri, baina horri berrogei urteotan gehitutako berritasunak erantsi dizkio Cuadrak. Adibidez, orain gutxira arte ezkutuan izan den Martin Villaren txostena azaldu du, edo garaiko sumarioetako hainbat informazio ere gehitu ditu. German Rodriguezen hilketa izan zen horren guztiaren ondoriorik lazgarriena, baina, egun hartan makina bat zauritu izan zirenez, hura guztia bizi izan zutenen testigantza ere bildu du.

Horrekin batera, ikusita zer isiltasun zabaldu den erakundeetatik 2015eko legealdiraino, iruindar ugarik eta 78ko Sanferminak Gogoan taldeak ahanzturaren aurka egin duten borroka ere ekarri du gogora Cuadrak liburuan. Haren hitzetan, eraso hura "traumatikoa" izan zen, eta hura gainditzeko beharrezkoa da egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatzea. Hartara, memoria historikoaren arloan Euskal Herrian eta Espainian egiten ari den borrokarekin uztartu du 1978ko sanferminen auzia.

Hain zuzen ere, oraintxe bertan, Argentinan kereila bat dago krimen frankisten aurka, eta bertan dira German Rodriguezen hilketa eta Iruñearen aurkako eraso hura. Hain zuzen ere, Cuadrak eta Fermin Rodriguezek lekuko gisa deklaratu zuten ekainean, Maria Servini epailearen aurrean. Jon Jimenezek nabarmendu du liburuaren egile eskubideak auzi hori finantzatzeko izango direla. Halaber, hitzaurrea Joseba Asironek idatzi du.

1978ko gertaeren inguruan gehiago jakin nahi izanez gero, Berria-k horri buruzko kronika bat osatu zuen 2018ko ekainean: Grisek itxaropena ebatsi zuten eguna

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.