Katalunia

Tsunami Demokratikoak amaitutzat eman du hiru eguneko mobilizazio jarraitua

Katalunian eta Euskal Herrian egin diren protesta ekintzak arrakastatsuak eta indarkeriarik gabekoak izan direla nabarmendu du. "Elkarrizketa eta negoziazioa" galdegin dizkio Espainiari.

Tsunami Demokratikoak deituta, Gironan, AP-7 autobidean egin zuten errepide mozketa.
Tsunami Demokratikoak deituta, Gironan, AP-7 autobidean egin zuten errepide mozketa. David Borrat/EFE

Gorka Berasategi Otamendi -

2019ko azaroak 13

Amaitu da Tsunami Demokratikoak deitutako hiru eguneko mobilizazio jarraitua. Plataformak sare sozialen bidez jakinarazi duenez, 08:00etan eman diote amaiera Espainiako Auzitegi Gorenaren zigor epaiari erantzuteko eta autodeterminazio eskubidearen aldeko protestari. Oharrean azaldu du "jendearen indarrak" Espainia Europatik "isolatzea" lortu duela. Plataformaren esanetan, mobilizazioak agerian utzi du Kataluniako gatazka ez dela Espainiaren barne arazo bat.

Astelehenetik gaur arteko ekintzetan, AP-7 eta N-2 errepideak trabatu dituzte, Ipar eta Hego Kataluniaren arteko mugan, eta ekintza horiei Euskal Herrian Euskal Tsunamiak antolatutako mobilizazioa gehitu zaie: atzo arratsaldean, Kataluniako plataformaren deiari erantzunez, trafikoa eten zuten AP-8 autobidean, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan. Ondorioz, hogei kilometro inguruko auto ilarak sortu ziren.

Tsunami Demokratikoaren esanetan, atzo gauean izan zuen mobilizazioak "une gorena", AP-7 autobidearen erdian "milaka lagun" bildu zituen kontzertuarekin. CDRek ere bat egin zuten; Bartzelonako hainbat sarbide blokeatu zituzten, eta zenbait bide itxi Katalunian barrena. Tsunamiak antolatutako mobilizazioetan gutxienez hemeretzi lagun atxilotu zituen Poliziak.

Tsunami Demokratikoaren esanetan, ekintzek agerian utzi dute gizartea antolatuak mobilizatzeko duen gaitasuna. Nabarmendu du protesta ekintzak era "sortzailean" eta "indarkeriarik gabe" gauzatu direla. "Ezustekoen bidez, ekintzek Espainiako eta Frantziako polizien aurreikuspenak gainditu dituzte". Aitortu du garrantzitsua dela manifestariek era baketsuan erantzun izana Poliziari. "Horrek polizia errepresioaren eraginkortasun falta frogatu du". Plataformak gaineratu du manifestariak protestei eusteko gai izan direla, ekintzek "konplexutasun logistiko eta operatibo izugarria" zuten arren eta eguraldia kontra izan duten arren.

Adierazi dute Euskal Herriko protesta "solidarioa" ere "arrakastaz" burutu dela, eta atzoko mobilizazioak "ekintza bateratuetarako" bidea irekitzen duela. Datozen hilabeteetan elkarlanerako aukera hori aztertuko dute, "bere eskubide indibidual eta kolektiboen defentsan borrokan dagoen" euskal gizartearekin.

Hiru eguneko mobilizazioen ostean, aurreratu dute Tsunamiaren "nazioarteko sarea" ekintza gehiago prestatzen hasita dagoela. Ziurtatu du ekintza horiek "are eraginkorragoak eta beti indarkeriarik gabekoak" izango direla; baita "beti bezain irmoak" ere.

Plataformak Espainiako Estatuari mezu bat bidaltzeko baliatu du egoera: "Elkarrizketa eta negoziazioa" eskatu dizkio. "Ez da barne arazo bat: Espainiako Estatuak ezin izango du egonkortasunik izan gobernu demokratiko bati eska dakiokeena egiteko prest ez dagoen artean. Entzun dezala herritarren eskaria, haiei jazarri ordez, eta hitz egin dezala ordezkari politiko demokratikoekin".

Azkenik, plataformak jakinarazi du diru ekarpenak jasotzeko bideak jarri dituela martxan, eta bildutako diruak "errepresioa jasan dutenen eskubideen defentsarako" balioko duela.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna