Euskara

Frantziako Gobernuaren erabaki «linguizidak» salatuko dituzte Parisen

Euskal Konfederazioak deitu du hilaren 30ean hizkuntza gutxituetako ordezkariek egingo duten mobilizaziora; Hezkuntza Ministerio parean izango da, Blanquer ministroaren erabakiak kritikatzeko.

Parisk manifestazioaren aurkezpena. GUILLAUME FAUVEAU
arantxa iraola
2019ko azaroaren 13a
18:26
Entzun

«Ikasgaien erreforma lizeoetan, Batxilergoaren erreforma, brebeta azterketa ezin osoki euskaraz egin...». Euskalgintzako eragileen arabera, horiek adibide batzuk besterik ez dira, baina, oro har, Frantziako Gobernuko Hezkuntza ministro karguan Jean-Michel Blanquer denetik, «gogortu» egin dira estatu osoan «lurralde hizkuntzen» kontrako erasoak, eta Euskal Herrian ere agerikoak dira horien ondorioak: «Erabaki politiko horien desmasiak sentitzen dira». Horregatik, Euskal Konfederazioan gaur goizean egindako agerraldi batean, dei egin dute beste hainbat hizkuntza gutxitutako ordezkariekin batera antolatuta egingo duten mobilizazio batean parte hartzeko. Hilaren 30ean izango da, Parisen, 11:00etan. Gobernuaren bihotzetako baten aurrean egingo dute protesta: Hezkuntza Ministerioan. «Izan ere, egiazko linguizidioa da Frantziako Gobernuak darabilen politika».

Protesta, zehazki, Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen kolektiboak antolatua da. Euskararen alde ari diren eragileez gain, bertan daude, halaber, estatuan mintzatzen diren gainerako «lurralde hizkuntzen» sustapenean ari diren taldeetako hainbat ordezkari: bretainiarrak, korsikarrak, okzitaniarrak, katalanak, alsaziarrak... Propio mobilizaziorako deia egiteko atondu duten oharrean adierazi dute «desagertzeko arriskuan» daudela Frantziako agintariek usu indarrean jartzen dituzten politiken ondorioz, eta ezinbestekoak direla neurri eraginkorrak hizkuntzak hauspotzeko eta defendatzeko. Aldarri hori ozendu nahi dute Parisen.

Gaurko agerraldian elkartu dira irakaskuntza arloko elkarteak —euskaraz edo ele biz diharduten sareetakoak— eta euskalgintzako hainbat ordezkari. Frantziako Gobernuaren politikek dakartzaten arazoen adibide zehatzak jarri dituzte. Lizeoetako irakasleen eta Batxilergoaren antolaketaren erreformek, batetik, zailtasun handiak ekarri dituztela gogoratu dute. «Erreforma berriarekin, euskara zuzenki sartzen da konkurrentzian beste ikasgaiekin», esplikatu dute. «Lehian ezartze horrek euskarari kalte egiten dio».

Murgiltzearekin arazoak
Badira arazo gehiago ere, berriki albiste hainbaten iturburu izan direnak. Izan ere, murgiltze gelak esperimentazio gisa irekitzeko eskaerak oztopatu ditu Hezkuntza Ministerioak hainbat udalerritan, eta, azkenean guraso eta irakasleen mobilizazioari esker zenbait ikasgela zabaldu badira ere, trabak jartzeko joera agerikoa antzeman diote gobernuari. Adituen irizpidearen kontra. «Izan ere, hezkuntzako profesionalen iritziz, murgiltze eredua da eredurik hoberena ikasle batek bere hizkuntza beregana dezan», gogoratu dute euskalgintzako ordezkariek.

Aspalditik hor dauden beste eragozpen batzuk ere gainditzeko daudela nabarmendu dute: «Brebetari eta Batxilergoari dagokionez, adibidez, ikasgaiak euskaraz paratzeko trabak urterokoak dira». Protesta ugari egin dituzte hezkuntzako eragileek horiek salatzeko, baina Parisera bertara joanda, ozendu egin nahi dute kexua. Izan ere, arazo horiek guztiak hizkuntza politika desegoki baten ondorio direla argi dute. «Frogatzen dute Blanquer ministroak eta gobernu honek euskarari eta tokiko hizkuntzei mespretxua dietela eta horiek desagerrarazteko asmoa dutela».

Mobilizazioan parte hartzeko, Ipar Euskal Herri osotik aterako dira autobusak. Zehazki, Hendaian, Donibane Lohizunen, Lartzabalen, Kanbon eta Baionan hartu ahal izango dira autobusak. Hilaren 29ko gauean aterako dira: itzultzea mobilizazioaren egunean berean izango da, Euskal Herrian gauerdi aitzin izateko eran. Izena emateko, Euskal Konfederaziora jo behar da; azaroaren 20ra artekoa da epemuga. Joatera deitu dute: «Politika horiek salatzeko eta euskaraz ikasteko eta irakasteko eskubidea aldarrikatzeko».

Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen kolektiboak sinadura bilketa bat du martxan, Parisen hedatuko dituzten aldarrien aldeko atxikimenduak jasotzeko. Change.org-en ari dira egiten sinadura bilketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.