Biktimak

Eusko Legebiltzarrak askotariko biktimak omendu ditu, PP gabe

Memoriaren Eguna egin dute gaur, eta, goizean, Eusko Legebiltzarrean lore sorta bat eskaini diete biktimei. Etxerat-ek elkarretaratze bat egin du aldi berean, sakabanaketaren biktimak aintzat hartzeko eskatzeko.

Bakartxo Tejeria eta Iñigo urkullu, gaur, legebiltzarreko omenaldian. JUANAN RUIZ / FOKU
Edurne Begiristain.
2019ko azaroaren 14a
11:28
Entzun

PPkoak salbu, legebiltzar talde guztietako ordezkariek parte hartu dute gaur goizean Eusko Legebiltzarrak biktimen alde antolatutako ekitaldian. Memoriaren Eguna dela-eta, askotariko biktimak gogoan izan dituzte goizeko ekitaldi instituzionalean. Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentearekin batera, EAJko, EH Bilduko, PSEko eta Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak izan dira biktimen aldeko omenaldi xumean.  Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk eta gobernuko sailburu guztiek ere parte hartu dute legebiltzarraren atarian egindako ekitaldian. PPko ordezkariek, ohi bezala, ez dute parte hartu, biktimak parekatzen dituela iritzita. 

Azaroaren 10ean izaten da Memoriaren Eguna, baina aurten Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egun horretan izan direnez, Eusko Legebiltzarrak gaur arte atzeratu du ekitaldi instituzionala. 2010ean, Eusko Legebiltzarrak azaroaren 10a aukeratu zuen biktimak omentzeko, hain justu, euskal gatazkan ez alde bateko eta ez besteko biktimarik egon ez den eguna delako. Ordutik, ez da inoiz erabateko kontsentsurik egon biktima guztiei gorazarre egiteko, batez ere PPk alboratu egin duelako ETArenak ez diren gainerako biktimak gogoratzea. Aurten ere PPkoek beren kabuz omendu dituzte ETAren biktimak; astelehenean egin zuten, Gasteizen.

Goizeko 9etan egin dute Eusko Legebiltzarreko omenaldia. Ateak zabalik egin da, eta biktimen aldeko oroitarriaren inguruan bildu dira ordezkari politikoak. Su ontzia piztuta, isilik eta lore zuriekin gogoratu dituzte biktima guztiak.

Ekitaldian ez da irakurri inolako adierazpenik, baina, amaitutakoan, EAJk ohar bat bidali du aldarrikatzeko biktima guztiek merezi dituztela oroimena eta duintasuna, "bazterketarik eta parekotasunik gabe".  EAJk oharrean eskatu du "iraganeko akatsak" ez betikotzeko eta "memoria kritikoa eta iraganaren justifikaziorik gabea eraikitzea".

Sakabanaketak hildakoak

Eusko Legebiltzarraren ekitalditik metro gutxi batzuetara, Etxerat elkarteak elkarretaratze bat egin du, sakabanaketa politikaren ondorioz hildako hamasei senideen eta lagunen «memoria eta aitortza» aldarrikatzeko. EH Bilduko legebiltzarkideek ere parte hartu dute bilkuran, hamasei hildakoen omenez paratutako panelaren aurrean beste hainbeste arrosa gorri jarrita.  Etxeraten elkarretaratzean parte hartu dutenek txalo artean eskertu dute elkartasun keinua.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.