PPkoak salbu, legebiltzar talde guztietako ordezkariek parte hartu dute gaur goizean Eusko Legebiltzarrak biktimen alde antolatutako ekitaldian. Memoriaren Eguna dela-eta, askotariko biktimak gogoan izan dituzte goizeko ekitaldi instituzionalean. Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentearekin batera, EAJko, EH Bilduko, PSEko eta Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak izan dira biktimen aldeko omenaldi xumean. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk eta gobernuko sailburu guztiek ere parte hartu dute legebiltzarraren atarian egindako ekitaldian. PPko ordezkariek, ohi bezala, ez dute parte hartu, biktimak parekatzen dituela iritzita.
Azaroaren 10ean izaten da Memoriaren Eguna, baina aurten Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egun horretan izan direnez, Eusko Legebiltzarrak gaur arte atzeratu du ekitaldi instituzionala. 2010ean, Eusko Legebiltzarrak azaroaren 10a aukeratu zuen biktimak omentzeko, hain justu, euskal gatazkan ez alde bateko eta ez besteko biktimarik egon ez den eguna delako. Ordutik, ez da inoiz erabateko kontsentsurik egon biktima guztiei gorazarre egiteko, batez ere PPk alboratu egin duelako ETArenak ez diren gainerako biktimak gogoratzea. Aurten ere PPkoek beren kabuz omendu dituzte ETAren biktimak; astelehenean egin zuten, Gasteizen.
Goizeko 9etan egin dute Eusko Legebiltzarreko omenaldia. Ateak zabalik egin da, eta biktimen aldeko oroitarriaren inguruan bildu dira ordezkari politikoak. Su ontzia piztuta, isilik eta lore zuriekin gogoratu dituzte biktima guztiak.
Ekitaldian ez da irakurri inolako adierazpenik, baina, amaitutakoan, EAJk ohar bat bidali du aldarrikatzeko biktima guztiek merezi dituztela oroimena eta duintasuna, "bazterketarik eta parekotasunik gabe". EAJk oharrean eskatu du "iraganeko akatsak" ez betikotzeko eta "memoria kritikoa eta iraganaren justifikaziorik gabea eraikitzea".
Sakabanaketak hildakoak
Eusko Legebiltzarraren ekitalditik metro gutxi batzuetara, Etxerat elkarteak elkarretaratze bat egin du, sakabanaketa politikaren ondorioz hildako hamasei senideen eta lagunen «memoria eta aitortza» aldarrikatzeko. EH Bilduko legebiltzarkideek ere parte hartu dute bilkuran, hamasei hildakoen omenez paratutako panelaren aurrean beste hainbeste arrosa gorri jarrita. Etxeraten elkarretaratzean parte hartu dutenek txalo artean eskertu dute elkartasun keinua.