Erabakitzeko eskubidea

Gure Esku-k instituzioetara bideratu nahi du "herritar gehienen" eskaria

Eragile sozialen, sindikalen eta herritarren parte hartzearekin, gizartearen «aniztasuna» islatzen duen manifestu bat onduko du. Erreferendum baten eskaerak «legitimitatea» edukitzeko, sinadura bilketa «masibo bat» bat egingo du 2020ko maiatzetik ekainera.

Gure Eskuren agerraldia. JON URBE / FOKU
Igor Susaeta.
2019ko azaroaren 14a
19:34
Entzun

Erabakitzeko eskubidearen aldeko herri dinamikak plazaratutako planteamenduaren arabera, «herri erronka» bat da. Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu bozeramaileek nabarmendu dute «epe luzerako begirada batekin» egin nahi dutela bidea, baina horrek «eraginkorra» izan behar duela.

Gure Esku-koek badakite eskaera EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko erakunde publikoetara eramateko bidean zenbait «oztopori» aurre egin beharko dietela. Katalunian zer gertatu den aintzat hartuta, jakitun dira panorama ez dela «samurra», baina konbentzituta daude «blokeoa konpontzeko» erreferendum bat egin beharko dutela Katalunian, «gaur ez bada, bihar». Etxaburuk azaldu duenez, legeak bide eman behar dio herritarrak adieraziz eta exijituz joan daitezkeenari. «Kostatu arren, instituzioek izan behar dute hori gauzatuz joan dadin babestu behar dutenak». Iruditzen zaio ez dela erraza izango, «baina beharrezkoa da».

Halere, herri dinamikak ez dio bide sozialari inondik inora uko egiten. Alvarezen esanetan, «sinadurek ondare inportante bat» utziko dute, agenda sozial eta politiko bat zehaztu eta hori garatu ahal izateko. Etxaburuk zehaztu duenez, «prozesuari» eman nahi diote garrantzia.

Euskal Herria administratiboki hirutan zatituta dago, eta herri ekinbidea lurralde bakoitzaren «errealitatera» egokituko da. Horrenbestez, hala erabakiz gero, gutxienez, «lurralde bakoitzean» eskaera jakin bat gorpuztuko dute. Alvarezek jakinarazi du, halere, eduki batzuk «partekatuak» izango direla.

Joera politiko eta ideologia guztietako eragile sozialei eta sindikatuei eman die Gure Esku-k bere asmoaren berri, ez bakarrik abertzaleei. Gauza bera gertatzen da alderdi politikoekin ere. Herri dinamikako kideak hasi dira bide hori ere lantzen, baina batez ere prozesuak bide instituzionala hartzen duenean indartuko dute. «[Ekinbideak] Bide instituzionala hartzeko aukerak badaudela uste dugu», esan du Alvarezek. «Konbentzituta gaude».

Estatus politikoaz

Horren harira, Eusko Legebiltzarrean estatus politiko berria lantzen ari den lantaldeari ere erreparatzen diote Gure Esku-koek. Pentsatzen dute estatus berriak erabakitzeko eskubidea jaso behar duela, eta etorkizuna erabakitzeko tresnak ere eman behar dituela. Herri dinamikako bozeramaileentzat, estatus berria lantzen ari direnek kontuan hartu beharko lukete herri egitasmoaren emaitza. «Gure itxaropena erabatekoa da», azpimarratu du Etxaburuk.

Eskaera egituratzeko orduan, uste dute «garrantzitsua» dela pasatu berri diren Espainiako Gorteetarako hauteskundeek utzitako «mapari» begiratzea. «Emaitzek argi irudikatu dute Hego Euskal Herriko eta Kataluniako errealitateak ezberdinak direla; ezberdin bozkatzen dugula, alegia, Espainiako Estatuko gainerako lurraldeekin alderatuta». Gure Esku-ren iritziz, bozetan indar subiranistak nagusitu izanak erakusten du badagoela «etorkizunaren jabe izateko borondatea».

Badakite, dena den, Espainiako Estatuaren «inboluzioaren aurrean» egoera «zaila» dela. Esan dute, gainera, Espainiako Estatuak indartu egin duela jarrera «inboluzionista», erreferendum bat egiteagatik Kataluniako buruzagi subiranistei Espainiako Auzitegi Gorenak ezarritako kartzela zigorren ondoren. Adibideak jarri dituzte: lehenik, Espainiako Gobernurako PSOEren presidentegaiak, Pedro Sanchezek, Zigor Kodea aldatzea proposatu du, «legez kanpoko» erreferendumak antolatzen dituztenak zigortzeko asmoarekin; bigarrenik, Madrilek eta Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Parlamentuan autodeterminazioaz eztabaidatzea debekatu nahi dute. Hirugarrenik, hauteskunde kanpainako adierazpenetan, autodeterminazio eskubidea  dagoela ukatu dute.

Eskozia eredu

Bestalde, Espainiako Estatuaren jarrera «itxiaren» aurrean, herri dinamikakoentzat  «saihetsezina» da Eskoziako eredua mahai gainean jartzea. «Datorren urtean erreferenduma [2014an ere egin zuten] antolatzeko determinazioa erakusten ari dira». Boris Johnson Erresuma Batuko jarduneko lehen ministroa horren kontra agertu da, baina abenduaren 12an hauteskunde orokorrak egingo dituzte. Gure Esku-ren aburuz, datozen hilabeteetan Erresuma Batuan izango dutena «prozesu interesgarria» izango da.

Herri dinamikak azpimarratu nahi izan du, gainera, ez duela, soilik, Euskal Herriaren estatus politikoaz erabaki nahi: «Pentsio sistema, berdintasun politikak, lan harremanak, edo hizkuntza politikak ere nahi ditugu erabaki».

Datozen hilabeteetan, herritarrekin eta mota guztietako «hamaika eragilerekin», manifestu bat osatuko dute, gero instituzioetara eraman nahi duten sinadura bilketa hauspotzeko. Euskal Herrian inoiz egin den sinadura bilketarik handiena izatea nahi dute. Orain arteko handiena, Gure Esku-koak «oker» ez badaude, Elkarri bakearen, elkarrizketaren eta akordioaren aldeko gizarte mugimenduak egin zuen, 1995ean: 250.000 sinadura.

GAKOAK

Bost ardatz ditu Gure Esku-ren ekinbideak.

1-Ekinbide kolektiboa. «Masiboa eta eraginkorra izateko, kolektiboa izan behar du. Herritar eta eragile askoren ekinbidea izan behar du».

2-Parte hartzailea. «Berebiziko garrantzia izango du gizarteko hainbat eremutako eragileen ekarpenak».

3-Lurralde nortasuna zainduz. «Lurralde bakoitzaren errealitatera malgutasunez egokituko da herri ekinbidea. Tokian toki hartuko dira ekinbidearen mamiari, formari eta garapenari lotutako hainbat erabaki».

4-Epe luzeko begirada. «Erreferendumak legeztatzeko eskaerari bide ematea, bada, erabakitzeko behar-beharrezko ditugun tresnak eta bermeak eskuratzea. Gure egitekoa, ordea, ez da hemen amaitzen, gure helburua erabakitzea baita».

5-Subjektuak: hiru multzo. Ezinbestekoak: 1-Herritarrak. 2-Eragileak: tokikoak, lurraldekoak zein orokorrak. 3-Erakunde publikoak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.