Autogobernua. Eusko Legebiltzarra

Astiro eta nekez, baina aurrera

Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak onartu du azaroaren 30era luzatzea aditu taldeak testu artikulatua aurkezteko epea. EAJk uste du lanak «ongi» doazela, eta kontua ez dela «gaur edo bihar bukatzea». EH Bilduk luzapen laburragoa nahi zuen, baina testua osatzeari eman dio balioa
Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldea, atzo goizean eginiko bileran.
Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldea, atzo goizean eginiko bileran. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Jon O. Urain -

2019ko ekainak 21
Ezagun zuten ez zela lan samurra izango. Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako estatus politiko-juridiko berri baten testu artikulatua idazteko ardura duten bost adituek aitortu zuten, zeregin hori beren gain hartu zuten egunean. «Helburua oso zaila» dela aitortu zuen Alberto Lopez Basaguren Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta PSE-EEk proposatutako adituak; «ikuspuntuak erabat ezberdinak badira, adostasunerako espiritu handia izanagatik, azkenean zaila da emaitzak lortzea», esan zuen Jaime Ignacio del Burgo PPk izendatutako adituak; «Euskadin bizi gara, eta denok ezagutzen ditugu zailtasunak eta ikuspuntu politiko ezberdinak, baina uste dut adostasun batzuk lortzeko ahalegina egin behar dugula», azpimarratu zuen Arantxa Elizondo EHUko irakasle eta Elkarrekin Podemosek proposatutako adituak; eta, Iñigo Urrutia EHUko irakasle eta EH Bilduk izendatutako adituak azaldu zuen «zailtasuna» izango zuela lanak: «Denok jabetzen gara daukagun arduraz, eta mandatuarekin leial jokatuko dugu». Mikel Legarda EAJko ordezkariak ez zuen adierazpenik egin. Iazko urriaren 26a zen.

Harrezkero, zailtasun horien neurria ezagutu ahal izan dute bost adituek. Izan ere, ekainean amaitzekoa zen Eusko Legebiltzarrak emandako mandatuaren epea, baina epe hori luzatzeko eskatu zuten ekainaren 7an. Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak atzo eman zion oniritzia luzapenari: azaroaren 30ean dago orain epemuga. Horretarako propio eginiko hamar minutuko bileran, talde guztiek babestu zuten luzapena, PPk izan ezik.

Igaro dira zortzi hilabeteak, eta batzordeak dezente dauka egiteke; hiruzpalau atali buruz aritu dira hizketan, eta bakoitzean ezberdina da adostasun maila. Nolabait, errazenetik hasi ziren adituak, oinarriak idazteko fasean, eskubideen gaiak izan baitzuen adostasunik zabalena —EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek adostu zuten—. Gaur-gaurkoz, hori da zortzi hilabeteko lanaren balantzea. Egitekoen zerrendan, besteak beste, gai korapilatsuenak: Espainiarekiko harremana, erabakitzeko ahalmena eta naziotasunaren aitortza, besteak beste.

Behar baino astiroago, baina taldea ari da posizio batzuk gerturatzen, eta orain beste bost hilabeteko epea izango du falta zaizkion gaiak landu eta testu artikulatu bat erregistratzeko. Hain justu, horri eman zion balioa atzo Maddalen Iriarte EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak: «Estatus politiko berriaren testu artikulatua izango du legebiltzarrak azaroaren 30erako, eta guretzat hori da garrantzitsuena. Epemuga jarrita eta borondate politikoa egonez gero, denbora dago legea onartzeko legealdia amaitu aurretik». Hori baita zalantza nagusia: zenbat luzatuko den legealdia eta, hartara, legebiltzarkideek zenbateko tartea izango duten testu artikulatua lege proposamen gisa erregistratu eta ohiko prozedura parlamentarioan tramitatzeko.

Autogobernu Lantaldeak iazko irailaren 12ko bileran onartu zuen aditu talde baten esku uztea testu artikulatua idazteko zeregina, eta agindu zien zirriborro horrek bat etorri behar zuela «Euskadiko autogobernua eguneratzeko legebiltzarreko ponentziak onartutako oinarri eta printzipioekin». Eta agindu hori zeharka aipatu zuen Iriartek atzoko agerraldian: «Puntu asko falta dira aztertzen hasteko. Datu adierazgarria, kontuan izanda haien betebeharra teknikoa dela, ez dituztela estatus berriaren terminoak negoziatu behar, dagoeneko adostuak dauden oinarri eta printzipioak hizkuntza juridiko batean jarri behar dituztela».

Diagnostikoan desados

Luzatu beharraren zergatien diagnostikoan, ordea, alderdiak ez datoz bat. Onda Vascan, Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko lehendakariak azken asteetan eginiko adierazpenen ildotik jo zuen: «Lanak ongi doaz, aurrera doaz, eta kontua ez da gaur edo bihar bukatzea, ongi bukatzea baizik, adostasun ahalik eta zabalenarekin». Iriartek adituen lana babestu zuen, baina «interes elektoralak» antzematen ditu atzerapenean: «Agian batzuek prozesua luzatu nahi izango dute, baina errealitatea da denborak aurrera egin duela eta lantaldeak ez duela legebiltzarraren mandatua bete». Anton Danborenea PPko legebiltzarkideak «EAJren interesekin» lotu zuen luzapena: «Zortzi hilabeteko epea ezarri zen, EAJk ez zuelako nahi hau eztabaidagai izatea hauteskundeen aurretik. Orain, beste bost eskatu dituzte: ia bikoitza. Planteatu dugu dena adarjotze bat izaten hasten ari dela herritarrentzat». Ortuzarrek «tontakeritzat» jo zuen EAJ lanak «apropos» atzeratzen ari dela esatea.

Hori horrela, Danborenea epea luzatzeko prest azaldu zen atzo, baina «hilabete bat» eta gai zehatz bat lantzeko: «Gaur egun oraindik jarraitzen dugu jakin gabe herri bat garen, nazio bat, autodeterminazio eskubidea dugun edo ez, batzuk herritarrak, atzerritarrak edo nazionalak garen, hori baitzen EAJk eta EH Bilduk adostu zutenaren bigarren atala». Danboreneak eztabaida osoaren ardatzean kokatu zituen gai horiek, besteak beste, eduki horien arabera izango baita testua Espainiako Konstituzioaren neurrikoa, PPren arabera: «Uste dugu bederatzi hilabete arrazoizko epea dela atal hori argitzeko, jakiteko zertaz ari garen».

EH Bilduren «lan tresna»

Azken asteetan, ordea, indar politikoen artean eztabaida eragin du EH Bilduk bere testu artikulatu propioa aurkezteko asmoak. Arnaldo Otegi koordinatzaileak eman zuen asmoaren berri, eta beste alderdi batzuek aukera hori txarretsi dute. Atzo, Ortuzarrek «hanka sartzea» leporatu zion indar subiranistari: «Bilduk egin dezala nahi duena, aurkez dezala nahi duen papera. Nik ez dut irakurri ere egingo. Argi gera dadila: ez dituzte ponentziaren lan erritmoak aldatuko». Gordinago mintzatu zaizkio EAJko beste iturri batzuk BERRIAri: «Espero dugu EH Bilduk ez aurkeztea bere proposamena, ponentziatik irtetea litzatekeelako». Beste sektore batzuetatik, EH Bilduren txostena baliatu da zalantzan jartzeko ea batzordeak lanean jarraitzea egokia den, edo taldearen jarduna oinarri politikoen parametroetatik aldentzeko.

Atzo, Iriartek gogoratu zuen koalizioak «sutsuki» bultzatu dituela Autogobernu Lantaldeko lanak, eta beraz asmoa ez dela aditu taldearen jarduna leherraraztea: «EH Bilduk bere kezka adierazi du publikoki, eta horrek hautsak harrotu ditu. Agian nahiago zuten lantaldean gertatzen denak soto voce jarraitzea eta herritarrek ez jakitea ez zutela beharrezko abiadura mandatua betetzeko. Guretzat, gardentasun eta erantzukizun politikoaren kontu bat da; epeak betetzeko daude».

Otegik ekainaren 15a aipatu zuen testu hori aditu taldean aurkezteko epe gisa, baina koalizioak oraindik ez du hala egin. Eta, koalizioko iturriek kazeta honi esan diotenez, eusten diote asmo horri, lanak garaiz aurkezteko «konpromisoa» hartu zuelako, baina ez dute publikoki aurkeztuko; «lan tresna» gisa proposatuko dute batzordean, horiek konfidentzialtasuna gorde behar dutenez, eztabaida eta edukiak zabaldu ez daitezen. Testua taldera noiz eramango duten ere ez du esango EH Bilduk, baina urte politikoa eta legebiltzarreko jarduna amaitu aurretik izango da; datorren astean izan liteke, beraz.

Edozelan, astiro eta atzerapenekin bada ere, Eusko Legebiltzarrak estatus politikoa eguneratzeko bidean jarraitzen du, 1979ko estatutuaren edukietatik jauzi bat eginda. Hemezortzi urte joan dira jada Eusko Legebiltzarrak autogobernuari buruzko batzorde bat martxan jarri zuenetik. 2001eko urriaren 25ean egin zuten estatutu berrirako lehendabiziko pausoa, 1979ko itunaren 22. urtemugan. Hemeretzi urte geroago, oreka zailean bada ere, estatus berria zirriborratzen ari da legebiltzarra.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Jon O. Urain

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna