Euskaraldia

Urtebete Euskaraldirako

Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan izango da leloa datorren Euskaraldian. 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo dute ariketa soziala. Bigarren edizioak taldeko kutsu nabarmenagoa izango du. Bideoa, albistearen amaieran. Bideoa, albistearen amaieran.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Euskaraldiaren bigarren edizioaren aurkezpenean.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Euskaraldiaren bigarren edizioaren aurkezpenean. Jon Urbe / Foku

Jone Bastida Alzuru -

2019ko azaroak 21

Martxan da makineria, eta taxutu dute hizkuntza ohiturak aldatu eta praktika berriak sustatzea helburu duen ariketa soziala: Euskaraldia. 2020aren amaieran egingo dute egitasmo hori bigarren aldiz, hamabost egunez: azaroaren 20tik abenduaren 4ra, hain zuzen. Arratsaldean egin dute aurkezpena, Donostiako San Telmo museoan.

Aurrekoaren ildotik, ahobizi eta belarriprest rolen dinamika izango da ariketaren oinarri nagusia, baina taldeko kutsu nabarmenagoa izango du. Horretarako, arigune kontzeptua erantsi diote; entitateentzat pentsatuta dago, eta euskaraz eroso aritzeko aukera ematen duten espazioak izango dira. Askotariko eragileak daude deituta ariguneak osatzera: besteak beste, erakunde publikoak, enpresak, kooperatibak eta kirol elkarteak. Hala ere, bi mota bereizi dituzte. Alde batetik, barne ariguneak daude, leku eta talde itxietakoak. Esaterako, enpresa bateko departamentu bat izan liteke. Bi baldintza bete behar dira barne arigunea osatzeko: euskara ulertzea denek, eta taldeko kideen %80 gutxienez ados egotea.

Bestetik, kanpo ariguneak izango dira. Herritarrekin harreman espazioetan dauden entitateei eragingo die, eta herritarrak une oro euskaraz artatuak izango direla bermatuko dute toki horiek. Talde horietako kideek ere ahobizi edo belarriprest modura jardungo dute, baina ariguneetan modu kolektiboan gauzatuko dute ariketa.

Dinamika sakondu

Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan izango da hurrengo Euskaraldiaren leloa. Hala, dinamika zabaldu eta sakontzearekin batera, eragina handitzea du helburu. «Lehen Euskaraldiak zabaldu zuen komunitate zentzua sendotu egin nahi dugu hurrengoan, eta herriz herri sortutako indar hori egonkortzen saiatuko gara», adierazi du Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak.

Bestalde, ahobizi eta belarriprest rolen esanahiak findu nahi izan dituzte, gaizki-ulerturik izan ez dadin. «Portaeran dago gakoa, eta ez hitz egiteko gaitasunean», azaldu dute. Beraz, ulertzeaz gain ahal den guztietan euskaraz egiteko jarrera dutenek hartuko dute ahobizi rola. Horrela, ahal denean euskaraz egiteko konpromisoari eutsiko diote. Belarriprest izateko, berriz, bete beharreko gutxieneko baldintza euskara ulertzea da. Hala ere, ulertzen duten guztiekin une oro euskaraz hitz egingo ez dutenek betetzen dute rol hori, nahiz eta besteek euskaraz egitea eskatuko duten.

Irailean zabaldu zuten herri batzordeek izena emateko epea. Euskaraldia antolatzeko garaian duten «garrantzia» nabarmendu dute, eta izen ematea «martxa onean» doala azpimarratu. Horrez gain, gaur ireki dute entitateek ariguneak sortu eta izena emateko aukera. Euskaraldiaren webgunean izango dute horretarako abagunea. Azkenik, 2020ko irailean zabalduko dute herritarrentzat Euskaraldian izena eman eta ahobizi edo belarriprest rolak hautatzeko epea.

Euskaraldia: banakoa eta kolektiboa

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna