ESTATUS POLITIKOA

Euskal errepublikaren aldeko martxa bat egingo du EH Bilduk abenduaren 6an

Bilbon izango da mobilizazioa, Aurrera egiteko, euskal errepublika lelopean.

Arnaldo Otegi, manifestazioaren aurkezpenean. EH BILDU
jon olano
2019ko azaroaren 25a
14:07
Entzun

EH Bilduk manifestazio batera deitu du abenduaren 6rako, Espainiako Konstituzioa onartu zen egunaren urteurrenerako, euskal errepublikaren aldeko aldarrikapena kalera ateratzeko. Martxa Jesusen Bihotzetik abiatuko da, 12:00etan. EH Bilduren nahia da "demokrazian, eskubide zibil eta politikoen defentsan, pentsio duinetan eta gizarte feminista baten eraikuntzan" aurrera egitea, eta, horregatik, Aurrera egiteko, euskal errepublika izango da leloa.

Arnaldo Otegi indar subiranistako koordinatzaileak aurkeztu du mobilizazioa, gaur goizean eginiko agerraldi batean. Haren esanetan, Euskal Herriak "herri bezala" dituen arazoen "jatorria" Espainiako Konstituzioan dago: "Frankismoak utzitako oinordetzarekin hautsi behar dugu, Euskal Errepublikaren alde indarrak batuta".

Hortaz, "eskubideak eta askatasunak ukatzen dituen konstituzio baten aurrean", Otegik uste du beharrezkoa dela euskal herritarrak "babestuko" dituen eta "hobeto bizitzeko" modua emango dien euskal errepublika bat eratzea: "Gure herriarentzako irtenbidea euskal errepublika eraikitzetik etorriko da, erabakitzeko eskubidearen bidez".

Hain justu, erabakitzeko eskubideari buruzko eztabaida agendaren lehen lerrora itzuli da azken egunetan, hainbat filtrazioren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatus politiko berria testu artikulatu batera eramateko ardura duen aditu taldeak desadostasunak baititu kontzeptu horren inguruan. Atzo, Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak adierazi zuen jeltzaleek "foro guztietan" defendatuko dutela "Euskadik bere etorkizuna askatasun osoz erabakitzeko daukan ahalmena".

Otegik, ordea, erantzun egin dio: "Ortuzarrek erabakitzeko eskubidea defendatu nahi badu, EH Bildurekin egin beharko du, ez [PSE-EEko idazkari nagusi Idoia] Mendiarekin. Nola da posible aurrerapen izugarriak egotea EAJ, PSE eta Podemosen artean, testu artikulatuan erabakitzeko eskubidea ez badago?".

Bestalde, Espainiako gobernabideari eta Pedro Sanchezen balizko inbestidurari begira, Otegik nabarmendu du "arazo politikoak elkarrizketaren eta akordioaren bidez" konpontzen direla: "Gobernu honek benetako agenda demokratizatzaile bat dauka, edo arrastorik utzi gabe igaroko den gobernu bat izango da. Ez badu ausart jokatzen, eskuinari atea zabalduko dio".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.