Migratzaileak

Frantziako Poliziak migratzaile kanpaleku bat hustu du Paris inguruan

"Immigrazio ilegalaren" aurkako kanpainan kokatu dute operazioa. Berrehun eta hirurehun migratzaile artean zeuden kanpalekuan.

Migratzaile talde bat, jendarmeak parean dituztela, hilabete hasieran, Parisen. J. DE ROSA / EFE
Iosu Alberdi.
2019ko azaroaren 28a
10:07
Entzun

Jendarmeek berrehun eta hirurehun migratzaile artean zeuden kanpaleku bat hustu dute Paris iparraldean. Frantziako Poliziak argudiatu du operazioak bat egiten duela "immigrazio ilegalaren" aurkako neurriekin. Emmanuel Macron presidenteak hilabete hasieran hartu zuen migratzaileek eginiko kanpalekuak husteko konpromisoa. Horrez gain, Frantziako Gobernuak azaldu zuen migratzaileak hartzeko kuotak ezarriko zituela, lan merkatuaren beharren arabera. Asilo eskaeretan ere mugak ezartzeko asmoa adierazi zuten. "Gure migrazio politiken kontrola berreskuratu behar dugu", azaldu zuen Edouard Philippe lehen ministroak. Halere, kanpalekuen aurkako lanak ez dira berriak: 2015. urtetik 50 operaziotik gora egin dituzte.

Migratzaileak inguruko aterpe, harrera etxe eta pabiloietara eramango dituztela adierazi dute, euren egoera aztertzeko. Gaurkoa, ordea, ez da azkenaldian eginiko migratzaileen aurkako operazio bakarra. Frantziako Gobernuak migrazio politikak gogortu eta biharamunean, Poliziak 1.606 lagun atera zituen Paris inguruko beste bi kanpalekutatik, azaroaren lehen egunetan.

Paris inguruan sortu diren kanpalekuak Calaisen zegoena hustu ostean areagotu dira. 5.600 lagun inguru bizi ziren han, tartean 1.500 adingabe. Duela hiru urte, ordea, Frantziako Poliziak kanpalekua desegin zuen, eta izena ematen ez zuen pertsona oro atxilotu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.