Alderdiak

UPNk martxoaren 29an egingo du XII. kongresua

Gaur goizean kontseilu politikoa Iruñeko Blanca Navarra hotelean bildu da eta, data jarri du militantziak hurrengo lau urteetarako zuzendaritza taldea aukeratu eta ildo politikoa erabaki dezan

Gaur, Blanca Navarra hotelean egin den kontseilu politikoa. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2019ko abenduaren 14a
00:36
Entzun

Oraingo bidetik jarraitu edo eraberritu. Hautu hori egin beharko dute datozen hilabeteetan UPN alderdi barruan. Gaur goizean kontseilu politikoa bildu da eta amaitu ostean igorri duen prentsa oharraren arabera, XII. kongresuari data jarri dio: martxoaren 29a. Lau urtean behin egin ohi da biltzarra, eta aurreko 11 edizioetan bezala, oraingo honek aurrera begirako ildoa zein alderdiaren lema hartuko duen zuzendaritza taldea aukeratuko ditu

Kongresu horri begira, datorren astetik aurrera, hiru hilabete pasako eztabaida prozesu bati ekingo dio alderdiak. Lehenik eta behin, batzordeak osatuko dira, eta alderdiaren funtzionamendu araudiari, printzipio politikoei zein programa ekonomiko eta sozialari buruzko txostenak landuko dituzte. 

Gaur onartu den prozedura horren arabera, txosten horiek landu ostean, kontseilu politikoak berak eztabaidatuko du haren edukia. Horren ondotik, Nafarroan barreiatuta diren egoitzetara zabalduko dituzte militantziak irakurri eta zuzenketak aurkez ditzan. Prozesu hori amaitzen denean, eta txostenen proposamenak amaituta direnean, alderdiaren goi karguak aukeratzeko epea irekiko da. Aurreko prozesu hori bide onetik badoa, alderdiak espero du martxoaren 10 eta 12 artean izatea.

Presidentetzarako lehia

Gaur egun, Javier Esparza da presidente. 2015eko hauteskunde porrotaren ondotik, Yolanda Barcinak uko egin zion karguari, eta urte hartako irailean alderdiko lema hartu zuen Esparzak behin-behinean. Urtebete geroago, 2016eko apirilean egin zen kongresuan, presidente hautatu zuten, %83ko babesarekin. Oraingo honetan ere, presidentetzara aurkeztuko dela espero da.

Ikusiko beharko da alderdiaren lema hartzeko lasterketan, lehiakiderik izango ote duen aurrean. Asteon, Sergio Sayas diputatuaren izena aipatu da. Oraindik bere hautagaitza ofizial egin ez badu ere, Cope irratiak egindako elkarrizketan Sayas berak ez zuen aukera hori baztertu: «Alderdiko pertsonekin dudan solasaldien arabera, hartuko dut erabakia». Adierazpen horrek aditzera ematen du buruan duela jauzia egitea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.