enekoitz telleria sarriegi
'De Miguel auzia'

Zenbat De Miguel daude?

2019ko abenduaren 17a
21:10
Entzun

Tamainako matazarik ez da sortzen hura harilkatzen laguntzen duen sistemarik gabe. De Miguel auzian izenak epaitu omen dira, eta neur dezala nahi duenak matazaren tamaina izen horiei jarritako zigorretan, baina auzitan jarri dena —beharko litzatekeena— sistema oso bat da. Batzuek «legez kanpoko sarea» deitu diote —epaiak ere halaxe dio— eta beste batzuek laster egin diote ihes horri, esanez haiek ez dituztela baliatu sare horrek legez kanpo lortutakoak. Kontuan izan gabe ez legokeela sarerik haren sorrera baliatuko ez lukeen sistemarik gabe. Ustel kiratsa sartzeko zirrikiturik ez, horiek sartzeko eta sortzeko aukerarik eman eta sortu gabe.

Mesede, eskari, truke eta inpunitate jardun oso bat jarri behar da auzitan. Urteen poderioz eraikia, eta atzean beti irabazlearen babesa izateak ematen duen lasaitasunez, zigorgabetasunez eta gehiegikeriez josia —publikoak diren tokietan eta publikoak diren mezu elektroniko, kontu eta barrunbeetatik modu nabarmenean eta ezkutatzeko batere beharrik gabe arituz—. Sare bat bai, baina sistema jakin batek eta aritzeko modu jakin batek baimendua. Inpunitate eta zigorgabetasun jardun hori izan baita -keria guztien sorburua. Deitu agintekeria, deitu boterekeria, deitu gizonkeria... Emakumezko baten salaketak atera zuen auzia argitara (Ainhoa Alberdi enpresariak), eta ez ahaztu De Miguelek berak salaketa jarri zuen emakumezkoaren aitari —EAJko militante ezaguna bera— bazkari baten bueltan eta ohartarazpen modura esan ziona: «Zure alabak nahaspila handi samar batean sartu behar nau». Eta egin kontu auzipetu nagusiak absolbitu egin dituztela azkenean hertsatze delitutik.

Eta esan(go) dute pertsona gutxi batzuen jarduna izan dela, jeltzaleen «balio etikoen» aurka aritu zirela, eta «beren interesen alde». Eta esan(go) dute neurriak garaiz hartu zituztela haiek: alderdiaren karnetak kendu, bakartu, albo batera utzi... Eta eskatu(ko) diote barkamena «euskal gizarteari». Eta esan(go) dute haiek ez zirela sareaz baliatu, esan gabe sarea haien sistemaz baliatu zela. Egitura oso batez. Urteetan jositako matazaz, hari mutur bati tira egin eta oraindik gehiago kiribiltzen den horretaz. Batzuek gustura onartu eta besteek ez dutela eman dioten horretaz. Alegia, babesaz.

Galdera ez baita zenbat urtekoak diren De Miguel auziko zigorrak. Galdera baita zenbat De Miguel dauden sistema horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.