BERRIAk Euskaraldiaren inguruko gogoeta bat argitaratuko du hilero

Hasi da atzerako kontua: gaur 11 hilabete hasiko da bigarren Euskaraldia. Ordura arte, hilero haren inguruko iritzi artikulu bat argitaratuko du BERRIAk.

jarraia175359.jpg
2019ko abenduaren 20a
12:31
Entzun

Ia urtebete falta da bigarren Euskaraldia hasteko, baina BERRIAk dagoeneko leku bat egingo dio hilero, gaurtik hasita. 2020ko azaroaren 20ra bitarte, lehenak eman zuenaz eta bigarrenaz gogoeta egiteko parada izango dute hainbat kolaboratzailek: 11 hilabetean, 11 pertsonaren hausnarketek osatuko dute iritzi sorta. Gaur argitaratu da horietan lehena, Oihana Bartra bertsolariaren Belarriprest 'power': «Badago euskaraz gertatzen ari den mundu bat. Mundu interesgarri eta zoragarri bat, beste edozein bezain zoragarria agian. Nahi duen guztia da ongi etorria mundu horretara».

Bigarren Euskaraldia hamabost egunez egingo dute: 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra. Aurrekoaren ildotik, ahobizi eta belarriprest rolen dinamika izango da ariketaren oinarri nagusia, baina taldeko kutsu nabarmenagoa izango du. Horretarako, arigune kontzeptua erantsi diote; entitateentzat pentsatuta dago, eta euskaraz eroso aritzeko aukera ematen duten espazioak izango dira. Askotariko eragileak daude deituta ariguneak osatzera: besteak beste, erakunde publikoak, enpresak, kooperatibak eta kirol elkarteak. Entitateak hasiak dira izena ematen dagoeneko.

Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan izango da hurrengo Euskaraldiaren leloa. Hala, dinamika zabaldu eta sakontzearekin batera, eragina handitzea du helburu. «Lehen Euskaraldiak zabaldu zuen komunitate zentzua sendotu egin nahi dugu hurrengoan, eta herriz herri sortutako indar hori egonkortzen saiatuko gara», adierazi zuen Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak dinamikaren aurkezpenean.

Belarriprest gehiago lortzeko beharraz hizketan hasi du Bartrak iritzi seriea. Euskaraldiaren antolatzaileek ahobizi eta belarriprest rolen esanahiak findu nahi izan dituzte bigarren aldirako, gaizki-ulerturik izan ez dadin. «Portaeran dago gakoa, eta ez hitz egiteko gaitasunean», azaldu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.