Emakumeen masturbazioa

Bulba buruan eta ibili munduan

Erika Olaizola
2019ko abenduaren 23a
09:40
Entzun

Burua atzeraka erortzen zait, buruak ez du agintzen, buruak soilik imajinatu egiten du, eta gorputzak sentitu. Guztiak bat egin eta hor naiz ni... begiak itxita. Bularrak estutuz, igurtziz, puntetatik tiraz. Gerriak gorako indarra hartu du, bakarrik doa, plazeraren dantzan. Eskuineko eskuko bi behatzek alua laztantzen dute, suabe hasieran, baina, arnasa arintzen doan heinean, erritmoa ere bizkortu egiten da. Oihuak barrurako gordetzen ditut. Inork ez nau entzun behar (etxean ez nago bakarrik). Manta gorrian korapilatu da nire gorputza. Behatzak, inertzia propioz, gero eta azkarrago doaz. Beste eskuarekin manta gorriari estu heltzen diot. Eta badator, eta banoa... gerria gora-behera, arnasaren kontrola galduta... egin dut eztanda. Hanketan indarra galdu dut, bigun-bigun geratu naiz, airean banintz bezala, behatzek suabeki jarraitzen dute. Arnasa sakon bat... nire onera etorri naiz. Bi behatzak neure barruan sartu eta denbora batez gora begira gelditu naiz, manta gorrian bildurik.

Eskuak garbitu eta ordenagailu aurrean idazten jarri naiz. Zer idatzi, nondik hasi pentsatzen... egia esan, zentzua hartzen diot orain gogoeta hau idazteko esperientzia hau ekarri izanari. Onartzen dut, obsesio txiki bat dut aspalditik. Edozein txiste, edozein hitz joko, edozein edozer dela, ez dut aukerarik galtzen. Aukera hori bakarra da; aukera hori beti da txotxue. Ez daukat besterik buruan. Hala ere, ez da berdina izango potorrari edo emakumearen masturbazioari buruz jardutea.

Baina hain obsesionaturik nago, batzuetan bulba erraldoiak irudikatzen ditut. Buruen ordez bulbak ikusten ditut. Eta bulba buru bat banu? Bagenu? Nola komunikatuko ginateke gure artean? Kalean topatu eta bi muxu emanez agurtuko genuke elkar. Muak-muak. Batzuk ukitu orduko bustiko lirateke, beste batzuk ez. Beste batzuek elkarrizketa on baten beharra izango lukete. Gure artean ezberdintzeko gai izango ginateke. Bulbak argitara ekarriz, bakoitzak dituen testura, forma, tamaina, koloreen matizak, zaporeak eta usainak nabaritu eta ezberdintzeko gai izango ginatekeelako. Azkura izanez gero hazka egingo genuke, naturaltasun osoz. Igogailuko momentu deseroso horietan bi bulbaren arteko konbertsazioak ez ziren eguraldiagatik izango. «Atzo entzun zintudan». «Bai, sekulako orgasmoa izan zen». Bulben aniztasunaz jabetuko ginateke, bakoitza berezia eta bakarra izanik. Eta horrela ibiliko ginateke, bulba buruan eta ibili munduan. Eta, orduan bai, zentzu guztietan bulba besterik ez genukeela izango buruan.

Baina zer esango luke bulba batek ahotsa emango bagenio? Zer abestuko luke bulba batek abesten jakingo balu?

«Zakilek itzala egiten dute eta aluek ez, aluak beti daude itzaletan», esaten du Erika Roiboosek Panpina antzezlanean. Seguru nago, kobazulo itxura izan arren, gure aluek nola sentitzen diren, zer nahi duten, zer gustatzen zaien galdetzea eskertuko luketela. Eta galdetu ostean, entzun ditzagun beraiekin gordetzen dituzten sekreturik bustienak.

Nik bitartean agertokietan bagina erraldoiei, potorrei, potxotxinei, irribarre bertikalei, txotxoei... Ikusgarritasuna ematen jarraituko dut.

Pla pla pla... Publikoan dauden aluek bero txalotuko dituzte ezpainak.

Argiak itzali eta teloia itxi da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.