Albistea entzun

Lan ikuskaritza

Lan Ikuskaritzak aurten aztertutako kontratuen %30 iruzurrezkoak dira

Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak 6.379 kontratu aldarazi ditu, finkoak edota lanaldi osokoak izateko. Iruzur gehienak ostalaritzaren eta hezkuntzaren esparruetan egiten dituzte kontratatzaileek. 150 langile baino gehiagoko enpresek Berdintasun Plana eduki beharko dute hurrengo urtean.

Taberna bateko zerbitzari bat, udako terraza batean
Taberna bateko zerbitzari bat, udako terraza batean / Iñigo Uriz (Foku)

Jokin Sagarzazu -

2019ko abenduak 30 07:56

Iruzur handia dago aldi baterako kontratuetan eta lanaldi partzialekoetan. Errealitate hori utzi du agerian, beste behin, EAEko Lan Ikuskaritzak. Ondorioztatu du aurten egindako hiru kontratuetatik bat ez dela legezkoa: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 21.258 kasu aztertu ditu, eta %30 iruzurrezkoak ziren. Urtea hasi zenetik, lan kontratuen legezkotasuna zaintzen duen erakundeak 6.379 kontratu aldarazi ditu —3.376 emakumerenak eta 3.003 gizonenak—, legera egokitu dituzte: finko bihurtu dituzte edota lanaldiak luzatu dizkiete.

Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailburuak eman ditu ezagutzera datuak. Azaldu duenez, aurten aldarazitako kontratuen %85 aldi baterakoak izateari utzi, eta mugagabe bihurrarazi dituzte; %15i, berriz, luzatu dizkiete eguneko lan orduak. Proportzio horiek berdin mantentzen dira legealdia hasi zenetik. Denera, lau urtean 16.218 kontratu aldarazi dituzte: gehienak (%39) aurten.

Datuek erakusten dute kontratazioaren iruzurrak eusten diola, kontrolerako neurriak eta kanpainak ugaritu arren. Eta agerian uzten dute, halaber, enpresarien lege hauste nagusia aldi baterako kontratu faltsuarena dela. Iruzur gehienak ostalaritzaren eta hezkuntzaren esparruetan egiten dituzte kontratatzaileek, eta gazteekin, bereziki.

Horrekin lotuta zifra batzuk eman ditu Jon Azkuek, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak. Esan du %26koa dela behin-behinekotasuna, eta Europan, kopuru hori, batez beste, %15ekoa dela. Gogoratu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aurten egindako 870.000 kontratuetatik «78.000 baino ez» direla izan mugagabeak. Eta gaineratu du hiru lurraldeetako kontratu guztien %15 direla lanaldi partzialekoak, eta horien %70 emakumezkoek betetzen dituztela.

Horiek hala, Espainiako Gobernu berriari dei egin dio kontratu mota horien baldintzak berrikusteko. Egin daitezkeen kontratu motak gehiago zehazteko eskatu dio, eta iruzurrezko kontratuak erabiltzen dituzten enpresentzako zigorrak «gogortzeko». Egun, isunak 626 eta 6.250 euro artekoak dira. Baina enpresek isun bakarra jasotzen dute, kontratu irregular kopuruaren, iruzurraren epearen eta enpresaren tamainaren araberakoa. Sindikatuen eta beste eragile batzuen aspaldiko eskaera da kontratu irregular adina isun jasotzea enpresek.

Beste kontrol batzuk

Kontratazio iruzurraren alorrean ez ezik, beste batzuetan egindako ikuskaritzen emaitzak eman ditu Lan Sailak. Gizon eta emakumeen berdintasunari buruzkoak, adibidez: San Josek jakinarazi du 351 kontratu aztertu dituztela eta horietatik 261 ostalaritzako sektorekoak direla, hoteletako gelak garbitzeko langileen jarduerekin lotutakoak —«oso feminizatua dagoen sektore bat», sailburuak azpimarratu duenez—: guztira bederatzi arau hauste atzeman dituzte eta 84 eskakizun bidali dizkiete enpresei, pertsona horien kontratuak erregularizatzeko.

Soldata arrakalari buruzko alorrean, 80 kontratu aztertu dituzte, arau hauste bat atzeman dute eta sei kontratu aldatzeko eskatu dute. Haurdun dauden andreen eta egoera berezian dauden beste langile batzuen segurtasun neurriekin lotuta, 24 kasu aztertu dituzte eta zortzi kasutan galdegin dizkiete neurriak. Sexu edo genero jazarpenarekin loturik, bi kasu aztertu dituzte eta eskakizun bat bidali dute.

Berdintasun planekin «zorrotz» jokatuko du Jaurlaritzak

2020ko martxotik aurrera 150 langile baino gehiago dituzten enpresentzat derrigorrezkoa izango da berdintasun plan bat izatea —orain arte 250 behargin baino gehiagokoentzat zen nahitaezkoa—. San Jose sailburuak ohartarazi du Lan Ikuskaritzak «zorrotz» jokatuko duela araudia bete dadin. 2019an eginiko ikuskaritzan, hogei enpresa aztertu dituzte, bitan atzeman dituzte arau hausteak eta zazpiri eskatu dizkiete aldaketak egiteko euren planetan.

Hurrengo urtean, 291 enpresari eragingo die aldaketak. 2021ean, 100 langile baino gehiago dituzten enpresentzat izango da nahitaezkoa, eta 2022tik, 50 langile baino gehiago dituztenentzat.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Hegazti gripea dela eta Gobernuak hegaztiak hiltzeko emandako agindua salatzeko manifestazioa, Donapaleun, iazko urtarrilean ©Guillaume Fauveau

Julen Perez: «Nahiago dute leku gutxitan ahate franko ukan, leku frankotan ahate guti baino»

Ekhi Erremundegi Beloki - Joanes Etxebarria

Hegazti gripean positibo eman ondotik, Beti Aitzina etxaldeko ahateak hiltzera joanen da Frantziako administrazioa gaur eguerdian. ELBk ez du hiltzea oztopatuko, baina elkarretaratzera deitu du laborariei babesa erakusteko.

Altzairutegi bateko langile bat metalak urtzeko labearen aurrean. ©Marisol Ramirez / FOKU

Langabezia %8.7ra jaitsi da Hego Euskal Herrian, eta 2019ko datuetara iritsi da

Imanol Magro Eizmendi

Iazko azken hiruhilekoan 21.000 lanpostu berri sortu zen. Suspertzea motelagoa izan da Nafarroan.

EH Bilduko kongresukide Mertxe Aizpurua beste alderdietako parlamentariekin. ©CHEMA MOYA / EFE

Beren ezezkoak garbi utzi dituzte EH Bilduk, ERCk, BNGk eta CUPek

Xabier Martin

«Erabateko zintzotasunez, negoziatzeko prest» azaldu dira alderdi subiranistak agerraldi bateratu batean, baina garbi utzita egungo erreforma ez dela nahikoa «langileei kendu zitzaien eskubideak berreskuratzeko».

LABek Adegiren egoitza «okupatu» du, lan erreformaren aurka

LABek Adegiren egoitza «okupatu» du, lan erreformaren aurka

Jokin Sagarzazu

Sindikatuko kideak ordubete inguru izan dira barruan. LABek «lan harremanen esparru propioa» galdegin du, eta azpimarratu horretarako «ziklo mobilizatzaile berri bat» ireki behar dela Euskal Herrian.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.